Saltaka gortu

Gortzeko era asko daude, eta ez dago zertan beti eskalatu. Nik igande honetarako krosa korritzeko plana neukan, iaztik, lehenengo aldiz irten nintzenean hitza eman bainion neure buruari ahal nuen guztietan korrituko nuela.

Aspalditik nekien martxoaren 4an izango zela, eta saiatu nintzen lagunak ere animatzen. Batzuek baietz, irtengo zirela, baina gero "lesionatu" egin ziren (Kako, futbolean; Klaudio, lanean); beste batek, berriz, ez omen zuen nahi egin "erridikulurik" (Apolok); beste lagun batzuk irtetekoak ziren, baita anaia ere, baina haiengandik urruti samar ibiltzen naiz, haiek kilometroa 4′30″-etik behera egiten dute eta. Azkenean, kostata, baina lortu nuen Patxu animatzea edo "engainatzea".

10.200 m dira, tartean Itzurungo aldaparekin, baina normalean n nahikoa samur egiten dena, atzokoa bezalako egun berorik ez bada, behintzat! Asmoa garbia: bukatzea, eta iazkoa hobetzea baldin bazegoen, askoz ere hobeto.

Eguraldia ona, baina beroegi, aukeran, hego-haizearekin. Lehen buelta nahikoa ondo egin genuen, batez beste kilometroa 5 minuturen azpitik, baina bigarrenean fundituta geratu nintzen Paolerako bidean, eguzki-galdatan. Iaz 50′28″ egin nuen; aurten, berriz, 51′50″, eta gustura! Ederki -nekatuta!, nik, behintzat!- bukatu genuen Zumaiako krosa.

Beraz, igandean nik jai eskalatzeko kontuetan. Badakit Apolo lokalera joatekoa zela gortzera; bere buruari argazkiak aterako omen zizkion… Mutua eta beste zumaiar mordo bat, berriz, Araotz aldera joan ziren, eskalatzera. Argazkiak eta bideoa ere atera omen zituen, eta esan nion jartzeko hemen, egunaren "kronika arrosa" egiteko eta inbidia emateko; ea animatzen den; hitz egin bai, baina gero… Eskalatzera joan zirenetatik, bereziki motibatuta Xafla ibili omen zen; txori txiki batek esan digu amorratzen zegoela eskalatzeko, eta sasoian, gainera; nonbait, kotxe-kapotari eragiteak eskumuturrak izugarri gogortzen ditu.

12 Responses to “Saltaka gortu”

  1. Iherrito on 05 mar 2007 at 23:32 #

    Egia da, atera ziren saltaka (ez ziren argazkirako posean aritu). Ikusi hemen bikote honen kroseko argazkia:
    http://www.baleike.com/geekary/geekage.php?id=20070305062517510&cat_id=50&page=7

  2. Tranposua on 06 mar 2007 at 5:01 #

    Beltzezko hori deskalifikatuta!! Lasterketako arauek galarazi egiten dute dortsalean iragarlearen izena ezkutatzea!!
    Datorren urtean Diario Vascoren partez Baleike jarriko degu?

  3. Larregi on 06 mar 2007 at 9:16 #

    Korrespontsalak ere ez du eramaten Diarioren propaganda! Propaganda egitea nahi badute, ordain dezatela! Eta ordainduta ere, nahikoa lan…
    Baleikeren kamisetena kontu zaharra da. Eskatzen hasita, pentsatzen hasita nago nolakoak behar ditugun: izerdia kanporatzen dutenak, kolore politekin, aukeran besaluzeak eta besamotzak… Ikusten nago bilera bat eskatu beharko diedala Baleikeko arduradunei, horretaz serio-serio hitz egiteko. Zenbat kamiseta beharko genituzke?

  4. trujas on 06 mar 2007 at 13:43 #

    fuera koñas atea GORTU! ko nikiyak nik erosikoyat batemat

  5. Apolo on 06 mar 2007 at 23:24 #

    Trujasek nahi omen du
    gure kamixeta
    ezingo zaio eman
    biuna da-eta
    ez dut berriz entzun nahi
    horren errieta
    bere izena bezela
    baitago erreta

  6. trujas on 07 mar 2007 at 8:00 #

    Erreta omen nago
    apolon ustetan
    izenen kontuare
    atera da bertan
    zureak esanahia
    badu ba benetan
    koetia bezela
    beti orbitetan

  7. Apolo on 07 mar 2007 at 22:26 #

    Parrea atera zait
    zure erantzunaz
    hamaika aldiz entzuna
    berriro entzunaz
    eskaladako bloga
    da hau lagun Trujas
    Inoiz entzun al dezu
    Tozaleko Brujas

  8. Apolo on 08 mar 2007 at 1:48 #

    Giro izango dek gaur San Fauston…

  9. trujas on 08 mar 2007 at 6:34 #

    eskaladako bloga
    ohi dut irakurtzen
    nabarmena da zuen
    lana photoshopen
    nere buruai hauxe
    diot gaur galdetzen
    Apolo sekula izan
    al da Araotzen?

  10. Apolo on 08 mar 2007 at 6:52 #

    Eskalatzen txarra naiz
    photoshopen zero
    baina ofizioka
    gabiltz bero-bero
    Araotzen izan naiz
    bi alditan edo
    Lokalea gortzera
    ba al hator gero?

  11. trujas on 08 mar 2007 at 13:28 #

    beti izandet gustoko
    pareten kontua
    baña neretzako ezda
    kirol asuntua
    neke-esfortzua baño
    nayo kanutua
    asunto hontan ba al dek
    nola lagundua?

  12. Apolo on 09 mar 2007 at 2:54 #

    Udarregik lagunduko dik horretan:
    Don Kanuto jauna zan
    komisionatuba,
    gizon orretxek badu
    fundamentuba;
    Olloki zarrarena
    au zan biartuba,
    biyen artian zuten
    lan au formatuba,
    nago informatuba,
    badu eskarmentuba,
    da adbertituba,
    estudiatuba,
    ez daukagu penarik
    guk ezagutuba.

Trackback URI | Comments RSS

Leave a Reply

Bad Behavior has blocked 4 access attempts in the last 7 days.