Atxarteko espoloietan

Santelmo errepetizioak herrian, baina larunbat gauean "Hamlet" entzun eta parranda egin baino nahiago izan dugu igande goizean eskalatzera joan. Eguna garbi eta zoragarri argitu du, eta badirudi ez zaigula damutuko. Atxartera goaz, aspaldiko partez.

Autoan, Abadiñora iristean, nahi gabe ere aspaldiko kontuez akordatu behar. Askotan etortzen ginen hona, asteburu pasa: ostiral arratsaldean Durangora trenez, eta handik oinez Atxartera; han, Olondoko eskola txikiaren portxean, lo egin eta tabernan trasteak utzita egun osoa eskalatzen pasa; igandean ere berdin eta arratsaldean buelta Zumaiara. Orain baino errazago egiten genuen dena… Ai, nostalgia!

Kostata, baina azkenean konbentzitu nuen Apolo, zer eskalatu behar genuen oraingoan: Aitz Txikiren lehen espoloia egin eta ondoren hirugarrenera pasa, azkeneko etorri ginenean bezala, orain dela… uf, auskalo zenbat urte! Ez dakigu zein biatatik igoko garen oraingoan eta erabakiko dugu paretaren barrenean.

Autotik gora aldapa handia dago 1. espoloira.

Ostia! Atxarte ondo ziok, baña eozein lekuta juteko beti aldapa iyo biharra…

1. espoloiak bi zati nagusi dauzka: lehen horma, nahikoa konpaktoa, 40 metro ingurukoa. Gero, terraza antzeko bat, eta hortik gora 70 metro, gehienak fisura bertikalekin. Azpira iritsi eta garai batean egindakoak ikusi ditugu, Zuazuaren krokisekin: Largo comun, Bosque de los Inurios…

Ta? Igual Naufragosea?

Beiratu ingo diu, behintzat.

Eskuinaldera joan eta plaka ederra dago: Beko, Flowers, Naufrago nocturno, Ekain…

Beko-ri begiratu diot azpialdetik. Krokisari ere bai: Beko, MD inf, 40 metro, 8 espres. Graduazioa, berriz, guretzako modukoa: III, III, V, V, IV, IV. Hortzak zorroztu egin zaizkit.

Ta? Beko?

Duela 20 urte inguru egingo genuen, behin, eta -ustez- ez zen oso zaila. Hori bai: fisurero "psikologiko" bat sartu beharra zegoen paso batean, eta eroriz gero, lurreraino. 20 urtean hobeto ekipatuko ahal zuten…

Beko? Nahi baek…

Alegia, "Hi lenengo junezkeo, bale". Hasi naiz eta lehen metroak egin orduko izerditan. Besoak gogortzen hasi zaizkit. Bertikala da, heldulekuak nahikoa leunduta…

Tercero? Ostia! Al loro!

Ez ginen akordatzen Atxarteko graduazioa nahikoa berezia dela. Hemen kintoak oso zailak dira!

Aiztondokoak bai kintuak, ta ez hemenguak!

Plaka eder batetik doa bia, eta ondo dago "burua" lantzeko. Txapak ez daude bi metrotik bi metrora… Bilgunean elkartu gara.

Ta noain?

Kike! Zer bestela?

Kike (IV, 70 m) kanal batetik doa lehen sokaldian.

Ez da zaila, baina irudipena daukagu lehen askoz ere errazago egiten genuela…

Lehen bilgunetik ezkerraldera irteten da, eta goialdeko zuhaitzean bukatu. Han goitik 3. espoloia ederki ikusten da.

Earra itxura zikak!

Segituan gara azpialdean.

Klasika egin nahi dugu (IV , 120 m). Nik bi aldiz egin dut espoloi hau, eta orain arte, galduta eta beldurturik ibili izan gara, bia ezin aurkiturik. Oraingoan ez. Hasiera aurkituta, badoa Apolo gora.

Ta? Zemuzkua?

Earra ta erraxa.

Tartean, pasoren batean, estuasunen bat pasa du, baina betiere da gehiegi eta arretaz ez begiratzeagatik. Erraza da, eta bilatuz gero, nahiko helduleku badaude.

Lehen bilgunea ikusgarria da, arista-aristan.

Ezker-eskuin, plaketan eta fisuretan, klabija, espit, golo, errematxe kolekzio ikusgarria.

Gu, bazpane, kimikuetan aseguratuko gattuk.

Hi, jarrizak pixkat faktor "espo"! Arrixkatu biharra zeok!

Hurrenguan!

Bigarren sokaldian ederra da, benetan, eskuinaldera, plaka batetik, eta kristoren patioa azpialdean.

Hirugarren eta azken sokaldian kanaletik gora irtetean da.

Earra! Nei holakuak gustatzen zaxkit!

Soka jaso eta Aitz Txikiren tontorrera joan gara. Eguzkitan bero dago. Jendea dator behetik. Bista ikusgarria da, benetan: Alluitz, Urkiola, Gorbea, Untzilaitz, Durango, Elorrio, Udalaitz, Aizkorri…

Izarritz’e ikusten dek!

Are ikusgarriagoa da heineken ederra -eta oraindik hotza- esku artean.

Earra ziok hau, Xabier!

12:45ak dira. Oinez eta eskalatzen, aparkalekutik kristoren desnibela igo dugu konturatzerako. Baina merezi zuen! Jaisteko ordua da.

Autora bidean, beherako isiltasunean, pentsatu dut gauza ederra dela honelako eskaladak egitea.

4 Responses to “Atxarteko espoloietan”

  1. txapatuzak on 23 api 2007 at 8:20 #

    Egindako konbinazioa askotan egin dugu guk eta benetan ederra da Aitz txikiren tontorrean lasai lasai egotea. Leku paregabea atxarte. Hurrengorako begia bota bordatxen bideari, 3.espoloian klasikaren eskubitatik, gehixeago estutu behar da (besoen alderditik gehienbat) baina tirada oso polita du. Gero klasikatik jarraitu dezakezue. Krokisak behar izanez gero abixatu!

  2. Iherrito on 24 api 2007 at 7:05 #

    Apolo kriston fotogenikua da, baina Larregi ere ikusi beharko diagu noizbait argazkitan ezta?
    Gortu!!!

  3. Larregi on 26 api 2007 at 2:49 #

    Bai, arrazoi dakak eta kontuan hartuko diat hurrengorako. Estimatuta zeok.
    Igual hire argazki bat ere sartuko diat, bazeukat eta ederra. Semearekin hago, parkean, santelmotako igande goizian, eguzkitan eta ahozabalka… “Iherrito” baño gehio ematen dek “Kristonaje”!

  4. Apolo on 26 api 2007 at 3:34 #

    Hori ez diat sinisten. Iherrito tipo espabilaua dek, ez diat sekula ikusi ahozabalka. Beste baten bat izango huan.

Trackback URI | Comments RSS

Leave a Reply

Bad Behavior has blocked 4 access attempts in the last 7 days.