Kopakoarriko granito ederrean

2006ko Nafarroa Oinezera gindoazela, Berara, Oiartzun aldetik Aritxulegiko gaina pasa eta Endara urtegira iristen, begirada errepidetik aurrealdeko mendira joaten zitzaidan etengabe. Izan ere, Kopakoarrik sekulako itxura dauka eskalatzeko. Jakin banekien han eskalatzen zela, eta berezitasun nabarmen batekin, gainera: granitozko haitza izatea. Neure buruari agindu nion hurrengo batean joan behar genuela hara eskalatzera, eta, hara, oraingoan probatu dugu bere edertasuna.

Pasa dugu Oiartzun, Aritxulegiko gaina eta Endara urtegiko presa. Hor behetik, paretan itxura ikusgarria da!

Utzi dugu autoa "Benta Berri" jatetxean eta hartu dugu Telleriko Leporako bidea, gora.

Gure liburuaren arabera, ba omen da bide bat ote artean, baina (non ote bidea?) gu galduta ibili gara (harritzekoa!). Azkenean, Kopakoarriren ohiko bidera irten gara, segurutik jotze aldera. Apolori begiratuta, kontrabandista ematen du, soka lepo gainean hartuta.

Gailurrean, izerditan, atseden hartu dugu, eta paperari begiratu diogu, ea behingoz bidea aurkitzen eta eskalatzen dugun. Izan ere, eguraldia bikaina dago orain, baina jakinaren gainean gatoz eguerdirako aldaketa datorrela. Putreak daude harkaitzetan, eta ardiak, eta ahuntzak…

Bista zoragarria da eta honegatik bakarrik ere merezi du honaino etortzea, baina guk eskalatu egin nahi dugu!

Paperari begiratu eta badirudi oraingoan asmatuko dugula.

Tontorretik mendebaldera doan bidexka bat hartu dugu. Beherago, pareta batean laster ikusi ditugu espit batzuk, "Brisa kale" sektorean. Pentsatu dugu, ordea, "Eguzki­-lore" sektorera joatea, batez ere bia guztiak elkarren ondo­-ondoan daudelako eta askorik mugitu gabe probatu ahal izango ditugulako ia guztiak.

Aldapa belartsutik behera jaitsi gara, paretaren azpira. Leku polita da. Bakea eta lasaitasuna dira nagusi hemen. Paretari begiratuta, lehen inpresioa.

Ummmmm. Itxura earra zikak.

Egia esan, granito honek badu zerbait berezia. Kolore marroi gorrixka ikusten da, eta oso garbi dago, gainera, belar edo goroldio askorik gabe. Krokisari begiratu eta 5c­-ko bat egitea erabaki dugu, errazena, "Bisben" izenekotik sartu eta "Eguzki-lore"-ren 2. luzetik jatrraitu (5b). Behetik txapak ondo ikusten dira, ilun kolorekoak, baina ez dakigu zergatik, pintatuta daudelako edo herdoilarengatik… Jantzi ditut katu­-hankak eta budrierra eta banoa. Hasiera arraroa da eta kosta zait jartzea, baina, tira, tamainan, bagoaz aurrera.

Tetxo txiki baten azpialdean hasi dira komeriak. Espitak ezkerraldeko bidea erakusten du.

Banoa. Helduleku onetatik igo gora eta… Probatu batera eta bestera, baina ez dut asmatzen nora bota eskua. Erlaitz edo errepisaren gainean zutik jarri behar da, hori garbi dago, baina beldurtu egin naiz. Behera jaitsi naiz berriz ere, azkar asko, eta eskuinaldetik egin dut, errazagoa delakoan. Erlaitzaren gainean zutik, bilgunean nago. Bi kankamo daude, eta jaisteko aukera.

Ze ingo diu?

Jatxi hax, nahi badek.

Goialdeko plakak, ordea, "Etorri! Etorri!" agintzen dit.

Goraño niak.

Eta merezi zuen igotzea. Goian, bilgune ona, eta Apolo etorri denean, rapela. 30 m juxtu­-juxtu dira! Soka muturrak dilindan, baina gure pisuarekin justu iristen gara lurrera.

Beherakoan, Apolok soka pasatu du erdiko bilgunetik, goitik aseguratuta 6a­-ko biak probatzeko asmotan gara eta. Hasteko, izen luzeko bat: "Champán y mujeres hasta que se acaben los cinco duros", 6a+. Lehen metroak erraz igotzen dira, baina garbi dago non dagoen pasoa: tetxoan, paso luze bat, oso goian geratzen den helduleku on baten bila. Egin dugu, Apolok batere zintzilikatu gabe, gainera, eta pozik dago.

Hi, egatxuk makalak. Bai, goitik aseguratuta, baña egatxuk makalak!

Hi, beste 5c-a in behar diu. Kristoren itxura zikak.

Nahekena.

"Sudur" bia sektorearen eskuinaldean dago eta fisura batetik hasten da. Aldapa belartsutik aseguratu behar da, eta hasiera nahikoa berezia da. Espita goian dago, eta gero fisuratik gora igo behar da babaresan. Hasi naiz igotzen. Banoa gora. Fisuran sartuta, hankak eta gorputza luzatuta, eskua bota dut helduleku onaren bila, eta… Ui, ui, ui… Helduleku onik ez, lehen ukituan. Beldurra sartu zait. Abestian bezala, "un pasito palante y dos patrás".

Hi! Bera niak!

E?

Jaisten noa, noa…

Baniak!

Zintzilik geratu naiz espitetik, Apoloren gainean.

Miñ hartu al dek?

Ez, motel! Gezurra emateik buruak zenbat lan iten dun!

Fisurari behetik begiratu eta neure burua konbentzitu dut ez dela zaila, erraz egin behar dudala. Kaskagogorra izan, nonbait, eta uste baino nekezago iritsi naiz helduleku onera.

Buffffff! Hau bildurra!

Hortik gora… Gozada hutsa. Haitz ederra, helduleku onekin, eta disfrutatzekoa.

Apolo etorri da eta berriz ere behera goaz rapelatzen. Orain ere, soka pasatu dugu bilgunetik, 6a-ko beste bia bat probatzeko. "Eguzki-lore", 6a-koa (15 metro). Hemen ere ederki gozatu gara: haitza ona, helduleku onekin… Eta, batere erori gabe, nahikoa erraz asmatu dugu egiten!

Hi, hau hurrenguan betik in bihar diu.

Trasteak jasotzen ari garela, Arantxaren deia. Zumaian galerna sartu omen da.

Hemen haizeik ez ta egualdi ona.

Hi, beirazak hori!

Telefonoa itxi eta Endara aldera begiratuta, lainoa dator presaka, eta haizea, eta…

Ostia! Guazen azkar!

Trasteak jaso eta bagoaz behealdera, ea oraingoa aurkitzen dugun bidea.

Behera eginda, aurkitu dugu, zutoin batzuen ondotik nola doan, eta Telleriko Lepo aldera jarraitu dugu.

Noain bazekieu hurrengoako!

Azkar-­azkar goaz behealdera, ez bustitzeko, eta euriarekin batera iritsi gara autora. Pentsatu dugu Oiartzunen gelditzea, kaña bat hartzera. Horrelako goiz bikaina pasata, hori eta gehiago merezi dugu, ezta?

Trackback URI | Comments RSS

Leave a Reply

Bad Behavior has blocked 4 access attempts in the last 7 days.