Pedrizako granitoari begira
Lehengoan Kopakoarrin, gaurkoan Madrilgo Pedrizan, granito ederrean ibili gara. Kopakoarrin, ikusi ez ezik, gozatu ere egin genuen; Pedrizan, berriz, zeinen ikusgarria den baieztatu eta hurrengoa arte agur esan besterik ez.
Izan ere, larunbatean Madril aldera ez baikinen joan eskalatzera, asteburu pasa baizik, eta eskalatzeko asmorik gabe. Arantxak bisita zeukan Soto del Realen (bestela esanda, "Centro Penitenciario Madrid V"), eta haize guztiak aldeko, elkarrekin asteburu pasa egiteko aprobetxatu dugu, Segovia aldean.
Bisita egiten zuen bitarteko ordubete libre horretarako, mapan begiratuta neukan zer geratzen zitzaidan hurre samar Madril alde horretan: Torrelaguna (Patones), la Cabrera… Soto del Realera iritsita, ordea, azkar asko erabaki dut nora joan: begiak zuzenean geratzen dira iltzatuta bertatik bertara geratzen den Pedrizan. Libre nuekan ordubete horretan, saiatu naiz paretetara ahalik eta gehien hurbiltzen, pistetatik, baina ez da erraza, maparik eta nondik nabilen arrastorik gabe. Granitoa ukitu ere egin dut, harri-pikorren laztasuna. Han goian, "El Yelmo" ederra, errege, eta inguruan haitzak eta haitzak, handiak eta txikiak, bertikalak eta etzanak. Txapa batzuen distira ere bai.
Ordubetea, idatzi hau bezala, di-da bukatu da, eta asteburuko gainerako kontuek ez daukate zerikusirik eskaladarekin, Gaztelako turismoarekin eta gastronomiarekin baizik.

