Jentilbaratzan arratsalde pasa

Plan ederra daukagu larunbat arratsalderako: Jentilbaratzako arista. Sikiera eguraldiak aguantatuko balu…

Astean zehar, eztabaidan jardun dugu nora joan larunbat arratsaldean, baina halako batean erabaki genuen Ataungo Jentilbaratzara joatea. Lehendik ere ezagutzen genuen pareta, duela urte askotatik, eta ondo dakigu hemengo graduazioa gogor samarra dela eta plakak ederrak. Oraindik ere gogoan daukagu Pyrenaica zahar hartan Ordiziako Daltonek jartzen zutena: "Behatz-eskalada ederra". Gaurkoan, ordea, arista egiteko asmotan etorri gara, aspaldian gutxi gortuta gabiltza eta. Zailtasunari dagokionez, V-ko luzea da lehenengoa, gero III-IV eta azken luzea IV+. Beraz, gozatzera eta disfrutatzera etorri gara.

Igo nahi dugun aristak muga egiten du: alde batera, harrobia, mendia jaten ari zena; bestean, eskalada-horma. Paretari bistazoa eman eta harrobiaren sarrerara jaitsi naiz autoa uztera, ez dut nahi-eta errepide bazterrean utzi, ertzainen beldurrez.

Apolok begiratu du krokisa eta garbi omen da hasiera nondik. Bero egiten du, sargori, eta eguzkitan egin behar dugu bia.

Hasieran, arista ez dago oso zehaztuta eta zabal samarra da. Gorago askoz ere gehiago fintzen da. Behealde horretan, bia batzuk badaude, eta nabarmena da nondik doan gurea eta zein den pasorik zailena: lehen luzean, sabaia pasatzea.

Ingo diu, ala?

Bamotel!

Erreka pasa, paretaren barrenaldera igo eta segituan jantzi ditugu trasteak. Motxila bat azpialdean utzi dugu, gero jasotzeko, eta bagoaz. Lehen luzea, berez zailena dena, erraz egin dugu eta badirudi ondo ekipatuta dagoela.

Bigarren luzea ere erraza da, eta terreno errazera iritsi gara.

Oinez jarraitu dugu, berriz ere haitza bertikalago jartzen den arte eta han hasi gara berriz ere eskalatzen.

Hirugarren bilgunean, berriketaldia.

Txindokikoaren antzekoa dek, ala?

Bai, baina honek badik bentaja bat: aproximaziyua. Eta belar gutxiyo’re bai.

Bamotel!

Hi, aterazak ura, deshidratauta nitxiok eta.

Egia esan, eskalada erraza bezain ederra da, eta haitza ona.

Apolok hasi du 4. sokaldia. Ikusten da goialdean dagoela pasorik zailena, diedroan. Bidean, sorpresak: koka-kolaren anillak diruditen txapak eta, batez ere, ia bota du solte dagoen Jesukristoren harri bat.

Ostia!

Suelto ziok, ala?

Diedroa pasatzeko, ezkerraldera egin du. Gero nik eskuinaldetik pasa dut, zuzenean, eta aukera bat baino gehiago dago. Ekipamendua badago hobetzea, baina tarteka atxiperreak (batez ere friend-ak) sartzeko leku asko daude. Pasa dugu soka zahar bat daukan bilgunea eta hego-ekialdeko paretan aurkitu dugu rapela egiteko tokia. Urari azken tragoa.

Zerbeza noain eo geo?

Geoako utziko diu, ala?

Rapela prestatzen ari garela, pentsatu dugu dudarik gabe hauxe dela eskaladako momenturik okerrena: soketatik zintzilikatuta jaitsi beharra. Gainera, gaur bi sokarekin gatoz, azkarrago jaisteko, baina 8,6 mm-koak direnez, TREarekin azkarregi jaisten gara. Badaezpada ere, korapiloa egin diegu behealdean. Hurrengo bilgunerako bidean, beheraka, bietako seguruei begiratu diegu.

"Gogor-gogorrak dituk!"

Bamotel! Itxura earra zikek.

Beste rapel bat eta behean gaude.

Zerbezak ireki ditugu.

Berua eongo dek, ala?

Bamotel! Txixa emateik!

Trasteak jaso eta bagoaz behealdera.

Hemen aspaldian jende gutxi ibiltzen dek. Dana begetaziyua ziok.

Basurdea, ala?

Errepidera iritsita, paretaren azpialdetik, azken begiratua eta laster itzuliko garen promesa.

Bueltatuko gattuk, ala?

Bamotel, baña noain baño sasoi hobiakin. Hamen dana biharko diu!

Bidean, "Troskaeta" tabernako terrazan eserita, zerbeza hotz-hotz eder-ederra aurrealdean, konforme gaude biok: arratsalde pasa ederra egin dugu!

2 Responses to “Jentilbaratzan arratsalde pasa”

  1. anonimo on 24 mai 2007 at 14:32 #

    ea jartzen dituzuen argazki gehiago joseberekin, jende gehiago sartuko litzateke blogean fijoooo jejeje
    aio!

  2. JudasPrest on 25 mai 2007 at 0:17 #

    jejeje, nahiago dut ano-nimo bat lepotik zintzilik!
    jejeje

Trackback URI | Comments RSS

Leave a Reply

Bad Behavior has blocked 4 access attempts in the last 7 days.