Atxarten, leku berrietan

Gaurkoan beste Atxarte bat ezagutu dugu. Orain arte, Labargorri, Urrestei eta Astxikiko espoloietan ibili izan gara. Gaurkoan, Interneteko krokis batzuk hartuta, Urresteiren hegoaldera etorri gara, Urkiola bidera, leku berriak ezagutzeko asmotan. Ez gara damutuko, ez, etorri izanaz.

Apolo berandu dator, eta Arranplako petrilean eserita, inguruko mendiei begiratu diet: Izarraitz eta Ernio aldean lainoa da nagusi, beltz, eta beldurtu egin naiz, eguraldi txarra ez ote digun egingo Urkiola aldean. Itsasaldera, eguraldi hobea dago.

Badator Apolo.

Ateki? Berandu hator!

Bakik, kumuneko buelta…

Hi, beirazak egualdiya. Kostaldian hobia ziok. Ta Yosemitea juten bagea?

E? Yosemitea?

Ez dit garbi esan, baina ez dauka gogo handirik Mariantonaitza joateko. Nahiago du Biaizpeko Plataformara, edo Eginora, edo… Badaezpada ere, etxera igo naiz Euskalarria ren bila. Baina autoan sartuta, erabaki dugu hasierako asmorik ez aldatzea eta Urkiolara joatea.

Mendatearen erdialdea pasata, autoa aparkalekuan utzi eta hartu dugu oinezkoentzako bidea, Mañariara doana. Paretak urruti ikusten dira, eta Gatzaieta baserriaren ondoan karobia eta iturria daude.

Bidea bustita dago.

Dana basa, dana basa!

Bidea baso batetik doa, pinu artean, ordekan eta gozo, samur, eta amaitzen denean pareten handitasuna dago agerian. Ikusgarria da benetan.

Belarretan sartu gara, aldapan gora. Ni galtza motzekin; Apolo luzeekin; total, berdin: biok oinetakoak blai bukatu dugu.

Dana ura, dana ura!

Urrutian, Mugarra mendia eder ikusten da. Aldapa gora gero eta handiagoa da.

Baneon, ba, ni! Hemen izerdia bota beharra zeok!

Labarganeta izeneko sektorera joan nahi dugu, eta asmatu dugu bidean. Paretan ur-arrasto beltzak daude.

Gaur al deun tokiyan eskalau beharko diu, ta ez nahi deuna.

Arrazoi dek, Xabier.

Paretara iritsi eta apenas dagoen bia lehorrik. Lekua, ordea, mundiala da, guri gustatzen zaigun eskalada: plaka etzana, aderentzian, helduleku txikiekin… Gaur, ordea, jai daukagu, dena bustita dago eta.

Ahuntzak datoz. Asko.

Hi, hor baziok beste sektore bat. "Elosuko harrobia". Ekialdeo zeok, Atxarte aldea, ta igual eguzkiyak lenuo lehortuko dik…

Goazemak!

Trasteak hartu eta bagoaz. Nahikoa erraza egin zaigu aurkitzea. Atxarte aldera joan gara, behera, eta segituan aurkitu dugu. Kantera bat da, behealdea nahikoa laua daukana, Azpeitikoaren antzekoa. Paperetan jartzen du "Sector perfecto para la iniciación".

Hoixe behar diu guk!

Pareta ez dago lehor, baina zerbait eskalatzeko moduan badago. Hasteko, ezkerraldeko bia hartu dugu: "Limite vertical" 4c/5a, 15 metro.

Ondo egin dugu, eta eskuinalderago etorri gara, luzeago baten bila: "Gollum", 5a, 28 metro. Hau ere erraz eta ondo egin dugu.

Oyes! Zeoze zallo in beharko diu, ba!

Hi, goazen beraldera. Honezkeo eguzkiyak lehortuko zian pareta.

Harrobiko plataformatik eskuinalderago joan gara. Leku batzuk oraindik bustirik daude. "Landatu pague" lehor dago (5c, 28 metro). Hasiera plaka eder eta gozagarri bat da, eta goialdean tetxo erraz bat pasatzen da.

Un slab! -dio Apolok.

Lehen, behera gentozela, bereziki eman digu atentzioa bia batek, espiten bideari jarraituta kristoren zuloa daukalako haitzean, han, goialdean. Itxura ederra, baina 6a… Mutuarekin akordatu naiz. "¡El grado de Atxarte está duro!". Beno, egia esan, Mutuak gauza bera esaten du Etxauriz ere: "¡Cuidado con los navarros, que el grado de Etxauri está duro!". Beno, azken bia hori hain erraz eginda, bero-bero eginda, "Oroimen" bian sartzea erabaki dugu.

Hi, egurra, ta ezin bada, malloia ta pakia!

Behetik begiratuta, itxura ederra dauka, batez ere lehenengo metroetan, plakan. Goialdean, zulo handia. Hasi naiz, eta ondo, plakan. Polita da, helduleku txikiekin, mantenitua, paso bereziki zailik gabe, baina azkenerako nekatu egiten da bat. Argazkia ateratzeko aitzakian, zintzilik geratu naiz espresetik. Argazkia gora eta argazkia behera.

Heldulekuak gero eta handiagoak dira, zuloak ere bai, eta zenbat eta gorago, gozatzea orduan eta handiagoa da, aspaldian egin dudan ederrena. "Oroimen" izan beharrean, "Gozamen" jarri behar izena. Biltokia 45 metrora, jaisteko mosketoiarekin. Badator Apolo eta bat dator nik esandakoarekin.

Earra bia, Xabier! Ke gozada!

Jaisteko, sokarekin maniobrak egin behar ditugu, gure soka 60 metrokoa da eta. Apolo "Abiadura Handiko Trena"-ren jaisteko lekura jaitsi dut eta gero berak ni beheraino jaitsi nau. Gero nik bera, eta bide batez "Abiadura Handiko Trena" horri begiratu diogu. 6b+ /6c. Itxura ederra dauka.

Hurrengoako!

Hi, datorren larunbat arratsaldian hau lasai-lasai eongo dek eta…

Zerbezaren freskuran, planak egiten jarraitu dugu, trasteak jaso bitartean.

Bagoaz. Urrutiratzen garen neurrian, ikusten dugu gure pareta ez dela ezer ere atzealdean dagoen "Proa"-rekin-eta konparatuta.

Hogei minutuan autoan gara. Zikloturistak doaz Urkiolako portuko aldapan gora, eta auto ilara handia ere bai.

Gu behera goaz, eta ordu erdian Zumaian, beste Atxarte bat, ezagutzen ez genuena, ezagututa.

Trackback URI | Comments RSS

Leave a Reply

Bad Behavior has blocked 4 access attempts in the last 7 days.