Biaizpen, Patxi Berrion
Lehendik bi aldiz daukat eginda bia hau, biak ere orain dela 20 urte baino gehiago, eta bi igoera haietan izan zen zer kontaturik, gauza berezirik. Lehenengoan, Jon Lazkano Albardao bergararrarekin, gauak harrapatu gintuen gora iristen ari ginela, eta behera ailegatzerako gau beltz-beltza zen; ez geneukan linternarik, noski; Irurtzunen festak ziren eta gogoan dut nola edan genituen zerbeza-kañak, bata bestearen atzetik, egarria ezin aserik. Bestean, Apolorekin, udako ekaitz batek harrapatu gintuen goialdean, tetxoetan, eta eskerrak zaparrada berehala pasatu zen eta beroarekin haitza segituan lehortu zen; gero kristoren parranda bota genuen Donostian.
Aspaldian neukan gogoa bia honetara bueltatzeko, eta gaurkoan etorri gara, egun osorako permisoa badaukagu eta. Zumaiatik irten garenean, ordea, ez genuen imajinatu ere egiten eguerdirako etxean izango ginela, bueltan. Orduan ez genekien hirugarren aldi honetan ere izango zela zer kontaturik, gauza berezirik.
Zumaiatik irten eta 3 gazte ondarrutar hartu ditugu dedo egiten, autobus geltokian. Azpeititik datoz (saninazioak) eta Zarautzen daude kanpinean. Batek lo hartu ere egin du, Getaria pasa orduko.
Utzizazue hau hemen, gurekin eramango deu Irurtzuna, kotxia zaitzera.
Esnatu da eta han joan dira hirurak, gasolinera parean.
Aspaldiko partez, parada Pagozelain. Kafeak eta bolleria. Eta Apolo komunera, noski!
Honek Pagozelai baino geyo emateik Kakazelai!
Zeinek eta Apolok berak esan behar!
Orain arte lainotuta zegoen eguraldia, baina argitzen ari da Lekunberritik aurrera. Autobidea utzi eta beste errepidea hartu dugu. Biaizpera iritsita, tunelaren parean, bide bazterrean geratu eta pareta bere handitasunean ikusi dugu. Ez dago inor.
Earra paeta ta earra bia!
Autoa betiko lekuan utzi eta erreka pasatzeko leku aproposaren bila hasi gara, kablea dagoen lekuan. Nik ustez bilatu dut. Salto egin dut konfiantza osoz eta arin, baina irrist egin dut, eta plast. Berehala atera ditut ondorioak:
- Haitza, lehorra dagoenean ere, labaina egon daiteke. Hona hemen adibidea!
- Larraungo ura ez dago uste bezain hotza; bainurako moduan dago.
- Begiratu bat emanda: koskobiloak lehorrik dauzkat, baina zapatilak, galtzerdiak eta galtzak blai. Kamera eta motxila lehor daude, eta gaitzerdi!
- Hurrengorako, komeni da aldagarriak ekartzea.
Sustoaren ondoren, Apolo barrez lehertu da, eta nik galtzak kenduta galtzontzilotan aproximazioan, eguzkitan jarrita azkarrago lehortuko diren esperantzan.
Hau gertau zaidak pisu guztiak nik dakatelako motxilan!
Baldarra ze hax, ba!
Earki hasi gattuk!
Apolo behin ea berriz esaten ari da bizkarreko mina daukala. Beldurtu ere egin naiz…
Hainbeste denboa permisoa lortzeko ta noain eyak esango bueltatu in bihar deula, e?
Ez, motel, baña miña zikat. Haizen bat eo…
Hi biuna hax, horixe gertatzen zak!
Harri artetik, aldapan gora, paretaren behealdera iritsi gara.
Pareta ikusgarri dago hemendik, eta eguzkiak ederki berotzen du.
Eskerrak ipar-haizea dabilen. Gaurkoan, eguzkitarako krema ekartzeaz ez ezik, emateaz ere akordatu gara!
Trasteak atera ditugu motxilatik. Bada materiala gaurkoan! Ez dakigu zer beharko dugun eta zer ez, baina badaezpada ere prestatuta etorri gara: estriboak, friendak, fisureroak… Guztiak hartu eta budrierretik zintzilikatu ditudanean, a zer karga! Motxilan, berriz, txokolatea (jatekoa!) eta ura. Zapatilak eta beste motxila bertan utzi ditugu, goitik behera rapelatzen jaisteko asmoa daukagu eta.
Hasi naiz igotzen, plaka etzan batetik, baina ez noa lasai.
Lehenengo segurua han goian ikusten dut, oso urruti, eta ez dakit hara iristeko bidea hemendik den, edo eskuinalderagotik, edo ezkerraldetik… Friend bat sartu dut, eta gorago beste bat, eta iritsi naiz paraboltera. Orduan lasaitu naiz.
Ze graduazio zikak honek?
V+.
Apenas entzuten diodan Apolori, autobideko zaratarekin. Hortik gora, oso eskalada berezia: erdi librean, erdi zintzilikatuta, tartean estriboa sartuta. Bia hau hitz batez definitu beharko banu, ez nuke askorik dudatuko: bia serioa da. Lehen sokaldi guztian 2 parabolt daude, eta klabijak zahar samarrak, batzuk behetik gora sartuta…
Nahi baino beranduago, baina iritsi naiz lehen bilgunera. Bi parabolt, rapelatzeko uztai eta guzti, tetxo gorrixka baten azpian. Ikusi dut zerbait dagoela buruaren parean. Ondo fijatu naiz. Habia bat da, eta laster jakingo dut norena den, gainera. Enara bat etorri da eta barrura sartu da. Handik pixka batera, bi hasi zaizkit buru ondotik pasa eta pasa, beldurtu nahian.
Lasai, segituan goaz eta!
Apolori esan diot etortzeko eta tirriki-tarraka ondo etorri da, ni baino azkarrago.
Ta? Bizkarra?
Mobimientuan ondo; geldikan dek problema.
Ba, nahekenian!
Klabijek argi erakusten dute bidea, eta erraz irten du bilgunetik ezkerraldera. Friend bat sartzen sumatu dut.
Ta?
Hemen librian irten biharra ziok…
Konturatzerako gertatu da dena. Bat-batean, han non ikusten dudan Apolo goitik behera doala. Sokei gogor heldu diet, ondo eusteko. Nire parean geratu da.
Ostia!
Zer?
Friend puta! Jatxiyak!
Eonai lasai! Miñik ba al dakak?
Belauna urratuta eta txorkatilean miña, baina ez dirudi larria. Bilgunera ekarri dut.
Hoi gertatzen zak librian ez iteagatik eta friendetik txintxilikatzeagatik! Keres un fri!
Kauendio! Ta itxura txarra zekan klabijak aguantau ziak!
Bilgunean aseguratu eta berehala erabaki dugu gaurkoa ez dela Patxi Berrio egiteko eguna.
Una retirada a tiempo es una victoria!
Hori, hori! Alderdi ona ikusi biharkoyeu, ba!
Metro gutxi egin ditugu bigarren sokaldian aurrera, baina materiala jaso beharra dago. Apolo iritsi den lekura igo naiz. Librean irtetea badagoela ematen du, baina… "Burua eskasa degu/gorputzaren faltan", aspaldiko bertsoek!
Beheraka jaitsi naiz bilgunera eta materiala jaso dut.
Zemuz hao?
Ondo, baña txorkatilla izorrauta zikat.
Baña hanka moitzia ba al dakak?
Bai. Puskauta etzeukat, behintzat.
Akordatu naiz Santabarbarako Joxemari n erori nintzenean berehala jarri zitzaidala txorkatila handi-handi eginda eta kristoren mina hartzen nuela. Orduan bihurritua, esgintzea, izan nuen. Ez dirudi Apolorena larriagoa denik, eta animatzen saiatu naiz. Rapel batean behean naiz segituan, eta Apolo ere bai.
12:30ak dira. Eguerdirako etxera bazkaltzera iristeko moduan gara.
Ta? Zemuz hanka?
Miña ematen ziak.
Guartzibillai abixau gabe pasatzeko moduan?
Ostia, hi! Pasau gabe, e?
Paretaren azpialdeko aldapan harri txikiak dira nagusi, eta ez dira egokienak hanka sendo jarri ezinean dabilenarentzat. Orduan hasi naiz jabetzen zerbait baduela Apolok, ez dela kolpe soila, kexaka eta kexaka dator eta.
Nahi al dek nei bizkarrian eustia?
Ez, baña makil bat inguratzen bayak…
Makila eman eta lasaiago jaitsi da, baina puskatu egin zaio halako batean.
Kauendio! Makil puta!
Nointxe ematek attitta Pollo!!
Jaitsi gara ibaiaren parera. Orain beste aldera pasa beharra dago. Bidea hobea da, eta ordekan dago, gainera. Pasagunerik erosoenaren bila ibili naiz aurretik, baina azkenean pentsatu dugu kablearen paretik pasatzea, goizeko leku beretik. Salto batekin berehala naiz beste aldean, oraingoan busti gabe, gainera. Apolo ez dago konbentzituta, eta prest dago behealderago joan eta handik pasatzeko, eta ni hara joan bila autoan. Baina ez, azkenean kablearen paretik pasa da eta autora iritsi gara.
Jendia ziok Caballen.
Noindik ibiltzen dek jendia hor? Eztiat entenitzen! Hainbeste bia ear dabe onduan ta jendia beti horrea…
Bi lagun ari dira paretaren erdialdean, sokaldirik zatirik eta zailena egiten.
Autoan sartu eta abiatu gara Zumaiara. Pagozelain geldialdia, zerbeza hotz-hotza edateko. Apolo herrenka dator.
Ta?
Miña ematen ziak.
Zumaiara iritsi eta etxe parean utzi dut eria. Bidean hoztu egin zaio eta orain bai egiten duela herrena.
Hor izotza lepo, bildurrik gabe, Xabier!
Bamotel!
Gerokoak
Astelehena, uztailak 30
Atzo Apolok gauean esan zidan hankak ez zeukala itxura onik, eta zain nago gaur nola dagoen jakiteko.
Bilbora etorri naiz egun pasa eta Apoloren esamesa jaso dut. "Eskaiolatuta ta 2 aste geldirik". Berehala deitu diot telefonoz. Nik ezer esaterako, aurrea hartu dit berak:
Biuna!
Ateki? Ze esan die?
"Esguince de segundo grado". Bi aste eskayolatuta. Noaintxe natorrek Masokin Donostitik.
"Masokin?", pentsatu dut. Lehendik ere aukera duen bakoitzean esaten digu eskaladarako zaharregi gaudela, trekinggera eta oinez ibiltzera dedikatzeko… Ederki aprobetxatuko zuen aukera, adarra jotzeko!
Telefonoa itxi eta gero, konturatu naiz akabo direla gure oporrak, gure irteera Ordesara, datorren astekoa. Ez daukagu B planik, gainera.
Beste lan batzuk ere badauzkat, noiz egingo zain oporretan: ganbara txukundu, garajea ordenatu, kontakizunen bat idatzi, toponimiako liburuaren zirriborroa egin… Horiek guztiek eskertuko didate eskalada-kontuetan denboraldi batean lasaiago ibiltzea. Baina ez dut galdu esperantza, Apolo osatu bitartean, beste norbaitekin irteeraren bat egitekoa, zergatik ez Patxi Berrio bera egitera.
Iherrito on 01 abu 2007 at 12:44 #
Aittonar, friendak sartzen ikasi beharko diu ba!
dieciochok sartutako txapak aguantau, eta friendak kale? Biunak gattuk geo!
Zaindu hanka, kostauko zaik eta berriz Ordesako permisua lortzia!
gorkacu on 15 abu 2007 at 6:56 #
Aupa gente. Pasaden larunbatean Patxi Berriora joan geinen geu ere. Bia atera genuen baina ez zitzaigun bapez gustatu. Lehenengo eta bigarren luzeak nahiko politak ziren, baina handik aurrera zuhaitz eta landarez beteta zegoen dena. Bigarren luzea friendik gabe egin genuen, baina artifizialean trabezia osoan zehar, iltzeei estribuak jarriz. Trabezia egiten agertzen zareten argizkian ez dut ikusten iltzerik txapatu zenutenik (bakarrik lehenengo parabolta), ez al zenituzten erabili edo progresiorako bakarrik erabili zenituzten?
Geuk ez dugu argazkirik sartu gure blogean ez baigenuen argazki kamerarik eraman, ta mobilarekin bideo txiki bat bakarrik atera genuen laugarren luzean. Portzierto “arlegi”-rekin aurkitu ginen (biak ekipatu eta krokisak interneneten jarri zituena) “giovanni corpo corto” bidea egiten.
Amaitzeko gauza bat, zuen blogeko lehen argazkia erabil dezaket krokis bat egiteko?
Larregi on 16 abu 2007 at 6:59 #
Aupa, Gorka eta koadrilla:
Argazkia erabiltzeko arazorik ez. Hori bai: eskertuko genuke adieraztea nondik hartua den. Beste norbaitek ere beste argazkiren bat nahi edo behar izanez gero, hartu lasai, baina nonbaiten jarri behar badu esan dezala nondik hartua den.
Bian, egin genuen gutxia, zatirik zailenean narraz antzean egin genuen: erdi librean, erdi AO, erdi estriboa sartuta; Ez ginen aseguratu klabija guztietan. Lehen sokaldia egin ondoren, pentsatu nuen librean saiatzeko modukoa ere badela;, aseguru hobeak jarriz gero!
Apoloren berriak ere baditugu: lotailu¬ haustura dauka, eta gutxienez 4 aste ibili behar du hankan Robokopena bezalako tramankulu bat jarrita. Biguna! Eskalatzea ezta usaindu ere, denboraldi batean. Eta gero errehabilitazioa; Mutua ere lesionatuta daukagu, budrierrak saihets aldeko zerbait izorratu diola eta. Biguna!
Ikusten nago neu nagoela hemen dezenteena, “aitonena ” izanagatik! Eskaladako materiala saldu, trekinerako botak eta materiala erosi eta jaietan goiz bueltak egiten hasi beharko dugu;
gorkacu on 17 abu 2007 at 13:51 #
Ezkerrik asko erantzunagaitik. azkenean krokisa gordeta neukan argazki batekin egin dut erresoluzioagatik. Beste bat harte.