Saltaka gortu nahian

Urriaren 6a, larunbata. Zakila Bira Zumaian. 20 km: Zumaia-Narrondo-Arroa-Iraeta-Aizarnazabal-Oikia-Zumaia.

Aspalditik neukan irteteko asmoa, eta nahi baino gutxiago entrenatu badut ere, egun honetara begira nengoen, aspalditik, batez ere ziklo baten amaiera dakarrelako. Neure buruari agindu nion hau korrituta berriz ere panelean gortzen hasiko nintzela. Egia izango ahal da!.

Eguna nahikoa lasai pasatu dut, baina bostak gerturatu ahala urduritzen hasi naiz. Ez daukat estutzeko arrazoi berezirik, bukatzeko asmoa besterik ez daukat-eta karreran, 1h 50′ inguru eginda, 5′ 30″ kilometroko, baina nahi gabe ere kalean hainbeste lagun korrika berotzen ikusita, neu ere larritzen hasi naiz, urduri. Kafea hartu dut Inpernupen, eta ura edan, badaezpada ere. Txiza egin eta berotze­-ariketak egitera joan naiz Gernika parkera, ohiko zuhaitzaren azpira. Halako batean, kolpetik akordatu naiz ez dudala eman baselinarik titiburuetan. Ez da broma! Saltaka hasi eta kamisetaren mugimenduarekin urratu egiten dira, eta odoletan jarri ibilian­-ibilian. Azkar­-azkar joan naiz etxera. Eman dut baselina, eta atzera Inpernupe parera bueltatu naizenean… Ai la ostia, Patxu!

Baña ze iten dek hemen? Ez al hitzan kanpuan?

Nekazalturismo batera joana da familiarekin, Lekunberrira, baina karrerak ere tira egiten, nonbait. Argazkia ateratzeko eskatu diogu Kattan i, Zumaiako krosean bezala. Begira ordukoa:

Orain, ordea, bada diferentzia nabarmen bat: biok daukagu kenduta "Periodikoa"-ren propaganda dortsaletik. Gure ustez adarra jo diogu kattani:

Hi, "Periodikuan" publizidadea eramatia nahi badek, patzea!

Hurrengo egunean, argazkia ikusitakoan, ordea, konturatu naiz berak jo digula guri adarra; ikusi, bestela, argazkiko goialdean zer jartzen duen!

Halako batean, jarri gara irteteko prest, eta irteeratik pasatzean martxan jarri dut erlojua. Lehen kilometroak Zumaian bertan egiten dira, jende artean bero, eta 3. kilometroan begiratu diot erlojuari: 14′ 15″. "Azkarregi gauza onerako!", pentsatu dut, baina ondo noa, Patxu ren atzetik. Minutua 4′ 45″-ean. Patxu tira eta tira ari da. 1h 35″-ean bukatu nahi omen du, hankako tirazoak uzten badio, behintzat. Narrondo parean, esan diot:

Segi, segi hik! Ni nere erritmora jungo nauk!

Ikustek hori? -esan dit, korrikalari bat seinalatuta-. Beti lepoa tente. Bihar aitu beharko dizkik, ni lenuo sartu naizela ta!

Barre egin eta aurrera egin du. Lepotentea ere aurreratu du. Badoa Patxu Bikila.

Agote parean ura daukagu,, freskatzeko, baina kaka, txiza baino beroagoa. Ezin edan. Aldapan behera pausoa luzatzen ahalegindu naiz, eta eskertzen da autopistapeko zubiaren itzala, aldapa hasi aurretik. Bozinak autopistan. Kolapsoa, nonbait, ordainlekuan.

Hasi aldapa igotzen eta… Buf!!! A zer itolarria!! Arnasari ezin buelta eman!!! Pausoa mantsotu dut, ezinean. Jendeak aurreratu egiten nau, "Jende guztiak aurreratuko nau!". Aldapan gora egin ahala, morala behera doa. Halako batean, hasi gara jaisten Iraetara, eta eskertzen da. Han, ordea, arnasa bere onera datorrenean, beste aldapa bat, autoz zoazenean askoz-askoz-askoz ere txikiagoa ematen duena, eta halako batean gora ailegatutakoan, aldapan behera berriz ere, Aizarnazabal aldera. Atzetik jendea indarrean dator eta aurreratu egiten naute. Esaldi batekin akordatu naiz: "Salida de caballo andaluz, llegada de burro manchego"; Ardantzako astoaren arrantza.

Aizarnazabalen ura hotza eta ederra zegoen, eta animatu ere egin naiz. Burutik behera bota, freskatu eta neure buruari esan diot gero eta gutxiago falta dela. Saiatu naiz pausoa arinago ematen eta luzatzen, eta uste dut lortu ere egin dudala. Neure buruari esan diot ez naizela makala, 20 km-ko karrera egiteagatik.

Munisorora iristeko, aldapatxoa, eta hor hasi naiz dudan, iritsiko naizen, 15. kilometroaren parean, nekeak jota.

Buuuuuuuuuuuuuuuufffffffffffffff!!!!

Karkaxa botatzeak ez du askorik laguntzen. Hankak gero eta astunago sumatzen ditut. Arnasa ondo, baina nekea…

Baina kaskagorrak bagara, onerako eta txarrerako, eta jendearen animoek asko laguntzen dute. Oikiako abituallamientoan piraguistak ura ematen, eta Xabi Sakonetak animatu nau.

Aupa, Larre!

"Larre etzeok onenean, ba!", baina animoak balio izan dit metro batzuk egiteko. Aurrerago, hara non ikusten dudan Patxu.

Zer? Zer dek?

Tirazoa. Ezin diat. Hi bukatzeko moduan?

Nahi!

Saiatu da nirekin martxan jartzen, baina ezin du. Herrenka sumatu dut. Atzean geratu da. Saltaka jarraitu dut, baina azkenean gelditu eta oinez hasi naiz. 20 metroan ura edan dut lasai, trago ona eta lasaia ur hotzari, behar dut eta, azken kilometroei fundamentuz ekiteko. Berriz ere saltaka hasi naiz. Poliki-poliki eta gelditu gabe. Mendiko lema hartaz akordatu naiz, neure burua animatu nahian: "Poliki joanda urrutira iristen da". Amino!

Oikia eta Bedua arteko errepidea luuuuuuuuuzeeeeeeeaaaaaa da. Autopistaren gaineko zubian, furgoneta bat geratu zait parean.

Nahi al dek eramatea?

"Abito kabroia!", irten zait barren-barrenetik. Esan diot iritsiko naizela honetaz gero.

Bedua parean, ederki ikusten da noraino igo behar den, han eskuinaldean, goian. "Hau igoz gero, bale nauk", pentsatu dut, eta mantso-mantso joan naiz. Berriz ere erlojuari begiratu diot. Ez noa hain gaizki. Amino!

Kanterako errebueltan, jendea, eta animatzen gainera:

¡Benga, chaval, que ya estás en casa!

Eskertzen dira animoak horrelakoetan. Eta egia da, ber-bertan nago. Azken bi kilometroak erraz egiten dira, eta Zumaian sartzea gozatu ederra da. Adio nekea! Hanketako ileak ere tente jartzen dira, oilo-ipurdia, jendearen animoekin, Erribera kalean. Meta inguruan, familia eta lagunak. Erlojuari begiratu diot: 1h 47. Ez dago gaizki! Orain dena satisfakzioa eta poza da.

Metara sartuta, txipa kentzera joan naiz eta hartu dut kamiseta, edaria eta poltsa.

Luzaketa batzuk eginda, metara bueltatu naiz.

Orduantxe, bi lagun sartu dira "Orain Batasuna!" zioen kartel bat hartuta bien artean. Ezin izan dut isildu eta "Aupa, motellak!!!", irten zait barren-barrenetik. Hori bai lasterketa luzea eta gogorra, geratzen zaiguna. Gorde indarra. Poliki-poliki baina gelditu gabe, iritsiko gara urruti eta nahi dugun lekura.

3 Responses to “Saltaka gortu nahian”

  1. Propi on 17 urr 2007 at 6:09 #

    Berrize DVn propaganda?? Ez al dakik argazkia goiko partetik mozteko aukera ere badaola? Datorren urtian Inpernupe jarri beharko dezue fonduan, erteteko gauza bazeate behintzat!

  2. jundajakin on 26 urr 2007 at 7:37 #

    pakete!
    hi ez al intzen eskaladorie?
    atxantau!ke eres un atxantau!
    gortu? je!
    hatz puntak idasten gortuko zazkik iri,pajinien izena ortaz izengoa?
    los viejos rokeros desafinais hi,
    baakik,benetan zeoze gorra ein dakun idatzi zak gortun,artin beste pajinie ireki berko ek.
    NAHI TA EZIN izena proposatzen diat.
    pentzau zak!

  3. Luigi on 05 aza 2007 at 8:02 #

    Jesus! Harrituta nao batzun talentua ta imajinaziyua ikusita. Hik blog bat bihar dek, txikito!

Trackback URI | Comments RSS

Leave a Reply

Bad Behavior has blocked 2 access attempts in the last 7 days.