Aiztondon
Igandean, Nafarroara abiatu ginen. Andoainen autobidea hartu eta Pagozelain geratu ginen, ohitura zaharrari jarraituz. Kafe bana hartu eta tripak lasaitu ondoren, Uharte-Arakilerantz abiatu ginen. Paretaren azpira iritsi bezain pronto, trasteak soinean jarri eta Iñaki Goñi bideari ekin zion Larregik. Moninete (edo halako zerbait) ere esaten diote bide horri.
Larregik bi luze egin zituen tirada batean, eta hurrengoa nik egin nuen. Ni Larregiren parera iristerako, beste bi tipo heldu ziren eta ezkerreko aldeko bide batean sartu ziren, Irrintzin seguruenik.Azken luzea erraza eta motza denez, ez genuen egin, erlojuaren aurka ibiltzen gara eta. Beste bi tipo etorri ziren ondoren.Bi sokak elkarri lotu eta bi rapeletan lurrean ginen, berriro ere. Bitartean, azkena iritsitakoak Sur clasica delako bidean sartu ziren. Irrintzikoak dagoeneko goi samarrean zeuden, baina ez zirudien presaka zebiltzanik. Azkena iritsitako biak, Iruñakoak, are mantsoago zebiltzan.
Irrintzin sartu ginen.
Berriro ere, Larregik bi luze batean egin zituen eta ni haren parera iritsi nintzenean, irrintzilariak bertan genituen.
Pazientzia eta denbora beharko genuke gure bideari jarraitzeko, baina denbora gehiegirik ez geneunkanez, rapela egin eta berriro ere, behera. Jaisteko zain nengoela, azkena iritsitakoetako bati argazkia batzuk atera nizkion.
Sponsorrari keinu bat eta Zumaia aldera.
Bueltan, Irurtzunen sartu eta Biaizpeko txikienaren azpian geratu ginen, garai batean Plazaolaren trena pasatzen zen tunelaren irteeran.- Hara! Gaur baziok baten bat!Bi lagun zeuden Gora gu ta gutarrak bidean.
Patxi Berriori begiratu, azkena astragaloak noraino iristen utzi zidan ikusi eta etxerako bidea hartu genuen.