Archive for ekaina, 2008

Ingalaterrako proba batera goaz

Itxas-Gaineko piraguistak ohituta gaude furgonetak hartu eta kilometroak eta kilometroak egitera. Galizia dela, Asturias edo Andaluzia, milaka kilometro egiten ditugu denboraldiko. Noizean behin, banaka batzuek izaten dute nazioarteko probetan lehiatzeko aukera, Europako Txapelketak edo Mundialak direla. Oraingo hau, baina ezberdina da.

Balentziaga ontziolan hasi zen dena. Egun batean, Zumaiara etorri behar zuela esan zion enpresak Antoni Sokolovi, beraientzat egiten ari ziren ontziak ikuskatzera. Behin Zumaian, egunero ikusten zituen Sokolovek piraguistak errioan gora eta behera, eta laster ohartu zen itsas kiroldegia ontziolaren parean zegoela, Urola ibaiaren bestaldean. Herriari neurria hartuta eta bertan hilabete batzuk egin beharko zituela jakinda, Itxas-Gainen atea jo zuen. Piraguista zela bera ere, eta Zumaian ere ibili nahiko lukeela. Klubean izena eman eta ordutik aurrera bat gehiago izan zen.

Alde egiteko ordua iritsi zenean, proposamen bat bota zion klubari: Itxas-Gainekoak Ingalaterrara joatea han antolatzen duten estropada batean lehiatzera, eta gero hango klubetik etortzea Urolako igoera-jaitsieran parte hartzera. Handik denbora batera Ingalaterrako Wey Kayak Clubeko presidentea etorri zen Zumaiara eta ados jarri ziren bi aldeak.

Eta horrela sortu zaigu asteburu honetan Ingalaterrara joateko aukera. Gaur arratsaldean abiatuko dira hamar piraguista eta klubeko bi ordezkari, Loiuko aireportutik Londresera –oraingoan behintzat hegazkinez!–. Londresetik hegoaldera 40 bat kilometrora dagoen Guildford hirira goaz, hangoa baita Sokoloven kluba. Probari buruz ez dakigu gehiegi: Wey ibaian dela eta sigi-saga jaisten denez porteo asko izango direla. Ingalaterrako maila nazionaleko estropada batean hartuko dugu parte eta ez dakigu oso ondo zer maila duten, baina horren beldur ez gara, paper txukuna egiteko nahikoa maila dugula pentsatzen dugulako.

Hauek dira Itxas-Gainen izena Ingalaterran defendituko dutenak:

k1 seniorra (giz.): Josu Ansola

k1 jubenila (giz.): Kepa Etxabe

k1 kadetea (emak.): Karmele Eizagirre eta Idurre Peña.

k2 kadeteak (giz.): Kepa Larrañaga eta Mikel Solozabal

k2 seniorrak (emak.): Maite Amilibia eta Ane Eizagirre

k2 kadeteak (emak): Miren Lopetegi eta Amaia Olaizola

Principe de Asturias: bidaiaren kronika

Egutegiko estropada garrantzitsuenetakoa da Galiziakoa. Aurreko astean komentatu genuen normalean abuztuan jokatzen dela, baina aurten aurreratu egin dutela Olinpiar Jokoak direlako. Horren ondorioz piragua gutxiago izan dira, baina onenek han ziren guztiak. Maila handiko aurkariak, beraz. Horregatik, oso pozik bueltatu gara lortutako emaitzekin: kadete neskak bigarren izan dira, kadete mutilak bederatzigarren, eta senior mutilak hamaikagarren. Hona hemen bidaiaren kontakizuna:

Estropadak igandean izan arren, ostiralean abiatu ginen, 14:20an. Bidaiak furgonetan egiten ditugu beti, eta kasu honetan bederatzi ordu behar izan genituen Portonovora iristeko. Bidean afaldu genuen, etxetik eramandakoa. 23:00 jota iritsi ginen kanpinera. Eskerrak abisatu genien…

Larunbata entrenatzeko aprobetxatu genuen, batez ere porteoak. Azkenean kadeteek ez zuten porteorik egin behar izan, baina entrenamendua ez zitzaien gaizki etorri. Arratsaldea, besteak beste, txirlak eta almejak biltzen eman genuen, Portonovoko hondartzan. Afariari beste kategoria bat emateko aurkikuntza paregabea.

blog16.jpg

Igandean goiz jaki ginen, zortzi eta erdiak aldera. Kanpinak eta dena jaso, gosaldu, eta irteera aldera abiatu ginen. Estropadak 12:0oetan hasten ziren baina 10:00etarako han ginen, piraguak ondo prestatzeko. 12:00etan abiatu ziren seniorrak, Portonovoko hondartzatik. 20 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten, bi porteorekin. Kadeteak berriz, 12:15ean abiatu ziren, Sanxenxotik. Hauek 15 kilometro egin behar zituzten. Seniorrek oso irteera ona egin zuten. Itsasoa bare zegoen, baina lehen porteoan, hondartzako olatu txiki bat piraguan sartu eta ura atxikatu behar izan zuten. Bigarren porteoa oso luzea egin zitzaien, oso nekatuta zeudelako ordurako, baina helmugaraino erritmoari eusteko gauza izan ziren. Azken txanparaino bederatzigarren postuan joan ziren, onenengandik oso gertu, baina azken metroetan atzetik aurrera ziztu bizian zetozen bi piraguek gainditu zituzten. Hala ere, oso pozik zeuden emaitzarekin, erronka hamar onenen artean sartzea baitzen.

Kadete mutilek ez zuten egunik onena izan, eta bederatzigarren sailkatu ziren. Neskek, ordea, emaitza bikaina lortu zuten, bigarren postuan amaitu baitzuten. Meritu handikoa, kontuan hartuta irteeran minutu asko galdu zituztela. Izan ere, haiekin batera atera ziren C-4ak. Albo batean zeudenez, harrapatuta gelditu ziren eta libratzerako aurkariak oso aurrean ziren. Baina sekulako lana eginda estropadako onenengana iritsi ziren azken txanparako. Esprintean, ordea, haraino iristeko egindako ahalegina ordaindu zuten, eta bigarren postuarekin konformatu behar.

Protagonistak:

k-4, seniorra (giz.): Haize Galarraga, Vicente Royo, Ekaitz Esteban eta Kepa Etxabe.

k-4, kadetea (giz.): Kepa Larrañaga, Mikel Solozabal, Asier Eltzo eta Xabi Centeno.

k-4, kadetea (emak.): Miren Lopetegi, Karmele Eizagirre, Amaia Olaizola eta Loredi Alzibar.

Hemen dituzue bidaiako argazkien albuma, eta seniorren probako bideo irudiak.

Igandean, Principe de Asturias estropada

Denboraldiko estropada garrantzitsuenetakoa izaten da Principe de Asturias, Pontevedran. Normalean abuztuaren 15ean jokatzen da, amabirjinaren egunean, baina aurten Olinpiar Jokoak daudenez probako babesleek aurreratzea eskatu zuten. Lauko piraguentzako estropada da, eta oso ikusgarria izaten da. Irteera Portonovoko hondartzatik egiten da: piraguak uretan eta barruan hiru piraguista. Laugarrena hondartzan, 80 bat metrora. Irteera ematen dutenean laugarren kideak korrika batean joan behar du piraguara, sartu eta ahalik eta azkarren abiatzeko.

Nazioarteko proba denez, aurrena selekzioetako piraguak ateratzen dira –hauek laurak piraguan daudela–, eta denbora tarte baten ondoren, beste guztiak. Behin hondartzatik irtenda, itsasoan egiten da ia ibilbide gehiena. Bi porteo izaten dira, Sanxenxoko eta Convarroko hondartzetan, eta amaiera Pontevedrako itsasadarrean. Guztira, 20 kilometro inguruko ibilbidea. Gezurra badirudi ere, proba ikustera joaten diren ontziek sortzen dituzten olatuak dira zailtasun handiena.

Aurten Itxas-Gainek hiru ontzirekin hartuko du parte:

k-4, seniorra (giz.): Haize Galarraga, Vicente Royo, Ekaitz Esteban eta Kepa Etxabe.

k-4, kadetea (giz.): Kepa Larrañaga, Mikel Solozabal, Asier Eltzo eta Xabi Centeno.

k-4, kadetea (emak.): Miren Lopetegi, Karmele Eizagirre, Amaia Olaizola eta Loredi Alzibar.

Handik bueltan kontatuko dizuegu gauzak nola joan diren.

Kaixo mundua!

Ongi etorri Baleike blogak blogera. Hau zure lehenengo
mezua da. Aldatu edo ezabatu eta blogean idazten hasi!


Azaroa 2008
AstAstAstOstOstLarIga
  
 12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930

Gallery

 

ekaina 2008
A A A O O L I
    uzt »
 1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
30  

Bad Behavior has blocked 7 access attempts in the last 7 days.