Hemen gara, Ingalaterratik bueltan, gorputza nekatuta baina oso pozik Guildforden pasa dugun asteburu luzearekin. Kirol arloan oso esperientzia aberasgarria izan da, eta emaitza onak lortu ditugu gainera. Eta bestetik, jende atsegina ezagutzeko aukera izan dugu, turismoa ere egin dugu Londresen… Hemen duzue bidaia berezi honen kronika:
Ostegun arratsaldean abiatu ginen Zumaiatik: Josu Ansola, Kepa Etxabe, Maite Amilibia, Ane Eizagirre, Kepa Larrañaga, Mikel Solozabal, Miren Lopetegi, Amaia Olaizola, Idurre Peña, Karmele Eizagirre, Andoni Amilibia eta ‘Txiki’ Gorostola. Hamar piraguista eta azken biak artzain lanak egitera. Loiun hegazkina hartu eta Londresera. Arazorik gabe. Londresko aireportuan zain genituen Wey Kayak klubeko lagunak, autobus txiki batekin eta furgoneta batekin. Ordu eta erdian iritsi ginen Guildfordera. Hotel txiki batean eman ziguten ostatu. Gu bakarrik geunden bertan, etxean bezala.
Ostirala. Goizeko bostetarako argia sartzen zen leihotik. Batzuk jaiki eta pasiatzera joan ziren, bazterrak ikustera. Gosaritarako bueltatu ziren hotelera, eta gero, 11etan, klubeko instalazioetara joan ginen. Sara etorri zitzaigun bila, cicerone lanak egitera. Piraguak Zumaiatik Ingalaterraraino ez garraiatzeagatik, hangoekin ibiliko ginela adostu genuen. Guk eskatu bezala banatu zizkiguten: hiru K2 eta lau K1. Hori bai, ez ziren puntako piraguak, nahikoa arruntak ziren guk ibiltzen ditugunen aldean. Baina beno, horrek ere balio izan digu ohartzeko zer nolako materiala maneiatzen dugun Itxas-Gainen. Entrenamendu saio bat egin genuen, ibilbidea ezagutzeko, ezer gutxi baikenekien Zumaiatik abiatu ginenean. Ikusi genuen ubidez betetako ibaia zela, eta porteo asko eta gogorrak zituela. Entrenatu ondoren, Wey Kayak klubean bertan bazkaldu genuen. Klub sozial moduko bat da, bere sukalde, jangela, egongela, gimnasio eta besterekin. Jatekoarekin ez ginen oso konforme gelditu, egia esan. Badakizue, han espezia asko botatzen dizkiete edozerri.
Bazkaldu ondorenerako joko batzuk zeuzkaten prestatuta guretzat, baina esan genien, behin hara joanda, nahiago genuela Londresera joan, hura ezagutzera. Ez zitzaien gaizki iruditu eta tren geltokiraino lagundu ziguten, zer tren hartu behar genuen azaltzeko. Londresen turismo pixka bat egin genuen. Konturatzerako zortzi eta erdiak ziren eta afaltzeko lekurik topatu ezinik gelditu ginen, dena itxira baitzegoen ordurako. Azkenean, denda batean jatekoa erosi eta hala moldatu genuen ostiraleko afaria.
Larunbatean berriro Londresera joan ginen. Egun osoa pasa genuen han, batera eta bestera, lehertuta bukatu arte. Anekdotarik ere ez zen falta izan: Harrod´s bitxidenda ezagunetik bota egin gintuzten atetik sartu orduko, inolako esplikaziorik eman gabe.
Igandea, estropada eguna. Gosaldu eta 11etarako iritsi ginen Wey Kayak klubera. Antolatzaileek proba ezberdinetan banatu gintuzten, mailaka. Ez genuen oso ondo ulertu zein zen irizpidea, esate baterako, proba berean aritu baitziren Kepa eta Mikel eta Miren eta Amaia. Kontuak kontu, seniorrek 20tik gora kilometro egin behar zituzten, zazpi porteorekin, eta besteek 15 bat, bost porteorekin. Estropada gogorra izan zen, porteo asko zirelako, luzeak eta malda handikoak. Ubide asko daudenez, porteoetan batetik bestera pasa behar zen. Porteo batzutan arranpa handiak zeuden, eta uretara bueltatzeko ia arrastaka jaitsi behar zen. Ubideetan ibiltzea ere ez zen erraza. Idurre bera une batean galdu egin zen. Zorionez, ubide egokia aurkitu zuen eta arazorik gabe jarraitu ahal izan zuen.
Orohar, oso emaitza onak lortu genituen. Kepa Etxabek irabazi egin zuen bere proba, eta Kepa Larrañagak eta Mikel Solozabalek ere bai K2an. Josu Ansola laugarren izan zen senior mailan; Ane Eizagirre eta Maite Amilibia seigarren, lema hautsi zuten arren; Miren Lopetegi eta Amaia Olaizola bigarren izan ziren; Karmele Eizagirre seigarren eta Idurre Peña zortzigarren.
Sari banaketaren ondoren, sei eta erdietan hango jendearekin afaldu genuen, klubean. Elkarri opariak eman (kamisetak, banderinak…) eta gero iluntzean buelta bat eman genuen Guildfordeko giroa ezagutzeko. Billarrean jokatu, parre batzuk egin eta gauerdirako denok ohera.
Astelehen goiza Guildfordeko azokara joateko aprobetxatu genuen, erosketa batzuk egiteko. Hamabi eta erdietan bila etorri zitzaizkigun aireportura eramateko. Auto pilaketa handian zeuden eta hiru eta erdietan iritsi ginen aireportura. Gaueko hamaikak laurden gutxitan iritsi ginen Zumaia. Nekatuta baina pozik.
Urolako igoera-jaitsierara etorriko dira handik, uztailaren 18an. Zortzi piraguista etorri dira eta dagoeneko Zumaia hotelean hartu diegu ostatu. Nesken K2 batek oso maila ona emango duela iruditu zitzaigun. Baina hori guztia ikusiko dugu eguna iristen denean.
Bidaiaren argazki albuma: Guildford2008
Azken iruzkinak