Larunbatean izango da Urolaren Igoera-Jaitsiera

(2007ko argazkiak) 

Larunbatean, uztailak 19 (17:30), jokatuko da Urola ibaian Igoera-Jaitsiera. Aurtengoa XXII. aldia izango da. Urtero piraguista asko erakarri ditu, batez ere irteera oso ikusgarria delako –Santiagoko hondartzatik egiten da–, baina aurten parte hartzaile kopurua eskasagoa izango da, Espainiako Federazioak proben egutegian azken orduan egin dituen aldaketen ondorioz. Izan ere, Zaragozan jokatu behar ziren bi proba bertan behera gelditu ziren Ebro ibaiak gainezka egin eta uholdeak izan zirelako. Bi proba horiek Espainiako Kopakoak dira eta bat larunbat honetan jarri dute. Ondorioz, klub asko ezingo dira Zumaiara etorri, ez dutelako egun berean bi probetara joateko modurik. Esan behar da Espainiako Federazioak abisatu gabe hartu duela erabakia, inorekin kontsultatu gabe eta kontuan hartu gabe jadanik egutegian zeuden beste probak.

Irungo Santiagotarrak klubeko kideek ere deitu digute proba bertan behera uztekoak ote garen. Kontua da beraiek igandean antolatzen dutela Bidasoaren jaitsiera, eta Zumaiara etortzen diren klubak dira gero igandean Irunera joaten direnak. Azkenean Itxas-Gainek erabaki du proba antolatzea, atzeratzeko ere ez dagoelako data egokirik. Beraz, etortzen direnekin jokatuko da aurtengo proba.

Wey Kayak klubeko kideak Ingalaterratik

Albiste onak ere badaude, hala ere. Gogoan izango duzue Sanpedroetan Ingalaterran izan zirela Itxas-Gaineko piraguistak, hango Wey Kayak klubak gonbidatuta. Bada orain haiek etorriko dira, larunbatean parte hartzera. Ostiralean iritsiko dira eta espero dugu egonaldi ona izatea.

Ibilbidean ez dago aldaketarik: Santiagoko hondartzatik egingo da irteera; gero, errioan gora Korta industriaguneraino –zubia pasa eta berehala egongo da buia–; eta helmuga Arbustaingo Arranplaren parean. Guztira 12 kilometro inguru.

Zumaiarren artetik, dagoeneko erabakita dago zeintzuk hartuko duten parte:

K1 senior (giz): Oier Aizpurua, Vicente Royo

K2 senior (giz): Josu Ansola eta Xabier Osa / Ekaitz Esteban eta Raul Moreno /Ander Aizpurua eta Julen Aizpurua

K1 junior (giz): Kepa Etxabe

K2 kadete (giz): Mikel Solozabal eya Kepa Larrañaga

K1 kadete (giz): Xabier Centeno, Ander Lizeaga eta David Julia

C1 kadete (giz): Jon Velarde

K2 senior (emak): Maialen Velarde eta Maria Olazabal / Ane Eizagirre eta Maite Amilibia

K1 junior (emak): Arri Yeregi

K2 junior (emak): Idurre Peña eta Loredi Alzibar

K1 kadete (emak): Karmele Eizagirre, Maitane Ruiz

K2 kadete (emak): Miren Lopetegi eta Amaia Olaizola

0 Responses to “Larunbatean izango da Urolaren Igoera-Jaitsiera”


  1. No Comments

Leave a Reply





Bad Behavior has blocked 7 access attempts in the last 7 days.