Asteburu ezin hobea izan da klubarentzat. Larunbatean Urola ibaiaren igoera-jaitsiera izan genuen, eta atzo berriz Bidasoako jaitsiera. Bietan oso ondo ibili dira gure piraguistak eta klub onena izan gara. Gauzak horrela, Plentzian ere onenak izan ginela kontuan hartuta, aurtengo Euskadiko Ibaien Kopa Itxas-Gainek irabazi du nagusitasun osoz.
Larunbata egun berezia izan zen guretzat, Urolako igoera-jaitsiera jokatu baitzen. Antolaketa lanek ematen dituzten buru hausteak alde batera utzita, Itxas-Gain oso pozik dago lortutako emaitzarekin. Egia da normalean baino parte hartze eskasagoa izango duela aurtengoak, baina nabarmena izan zen etxeko piraguisten nagusitasuna. Senior mailan, K2an onenak izan ziren Xabier Osa eta Josu Ansola gizonezkoetan, eta Maialen Velarde eta Maria Olazabal emakumezkoetan –Maite Amilibia eta Ane Eizagirre bigarren izan ziren–. Oier Aizpuruak ere ez zuen aurkaririk izan K1ean. Jubeniletan, Idurre Peña eta Loredi Alzibar onenak izan ziren K2an; eta kadetetan, Ander Lizeagak K1ean irabazi zuen, eta Miren Lopetegik eta Amaia Olaizolak K2an. Eta horiez gain, podiumeko beste postu batzuk ere lortu ziren.
Josu Ansolak eta Xabier Osak hasieratik hartu zuten estropadaren burua. “Aitor Irulegi eta Borja Estomba ziren gure aurkari gogorrenak, eta hondartzako irteeran arazoren bat izan dute eta atzean gelditu dira. Hor erabaki dugu ziztu bizian irten eta ahalik eta tarterik handiena egitea. Aldea eginda, ez dugu irabazteko arazorik izan”, azaldu digu Josu Ansolak. Oier Aizpurua haiekin batera helnugaratu zen, bigarrenari alde handia kenduz.
Bidasoan ere bikain
Bidasoako jaitsieran ere lan bikaina egin dute etxeko piraguistek. Klubeka lehen postua lortu dute han ere –Santiagotarrak klubak egindako sailkapenean bigarren ageri da Itxas-Gain, beteranoak ere kontuan hartzen dituztelako; dena den, Federazioaren sailkapenean beteranoak ez dira kontuan hartzen eta hor Itxas-Gain da onena–. Senior mailan, berriro irabazle izan ziren Xabier Osa eta Josu Ansola, Oier Aizpurua, eta Maialen Velarde eta Maria Olazabal –Amilibia eta Eizagirre berriro bigarren–. Gainera, Karmele Eizagirrek eta Maitane Ruizek K2koa osatu zuten kadeteetan eta hauek ere irabazi egin zuten. Podiumeko postuak lortu zituzten Loredi Alzibarrek (2.), Mikel Solozabalek eta Kepa Larrañagak (2. Urolan bezala), eta Miren Lopetegik eta Amaia Olaizolak (3.).
Wey Kayak klubeko piraguistak
Aipamen berezia merezi dute Ingalaterratik etorri ziren Wey Kayak klubeko piraguistek. Hemendik probetara ohitu gabe, nahikoa komeria izan dituzte estropadak amaitzeko, baina, aldi berean, sekulako kemena erakutsi dute. Larunbatean batzuk Santiagoko hondarretan kateaturik gelditu ziren, eta atzo Bidasoako jaitsierako ur-jauzian batek baino gehiagok piragua hautsi ere hautsi zuen, baina nola edo hala probak amaitzeko gauza izan dira. Gauean denak afaltzeko bildu ginen Itxas-Gain elkartean eta hurrengo urtean bueltatzeko gogoz daudela esan ziguten.
Sailkapenak:
0 Responses to “Asteburuan Urolan eta Bidasoan irabazita, Euskadiko txapeldun”