Archive for the 'Emaitzak' Category

Asteburuan Urolan eta Bidasoan irabazita, Euskadiko txapeldun

Asteburu ezin hobea izan da klubarentzat. Larunbatean Urola ibaiaren igoera-jaitsiera izan genuen, eta atzo berriz Bidasoako jaitsiera. Bietan oso ondo ibili dira gure piraguistak eta klub onena izan gara. Gauzak horrela, Plentzian ere onenak izan ginela kontuan hartuta, aurtengo Euskadiko Ibaien Kopa Itxas-Gainek irabazi du nagusitasun osoz.

Larunbata egun berezia izan zen guretzat, Urolako igoera-jaitsiera jokatu baitzen. Antolaketa lanek ematen dituzten buru hausteak alde batera utzita, Itxas-Gain oso pozik dago lortutako emaitzarekin. Egia da normalean baino parte hartze eskasagoa izango duela aurtengoak, baina nabarmena izan zen etxeko piraguisten nagusitasuna. Senior mailan, K2an onenak izan ziren Xabier Osa eta Josu Ansola gizonezkoetan, eta Maialen Velarde eta Maria Olazabal emakumezkoetan –Maite Amilibia eta Ane Eizagirre bigarren izan ziren–. Oier Aizpuruak ere ez zuen aurkaririk izan K1ean. Jubeniletan, Idurre Peña eta Loredi Alzibar onenak izan ziren K2an; eta kadetetan, Ander Lizeagak K1ean irabazi zuen, eta Miren Lopetegik eta Amaia Olaizolak K2an. Eta horiez gain, podiumeko beste postu batzuk ere lortu ziren.

Josu Ansolak eta Xabier Osak hasieratik hartu zuten estropadaren burua. “Aitor Irulegi eta Borja Estomba ziren gure aurkari gogorrenak, eta hondartzako irteeran arazoren bat izan dute eta atzean gelditu dira. Hor erabaki dugu ziztu bizian irten eta ahalik eta tarterik handiena egitea. Aldea eginda, ez dugu irabazteko arazorik izan”, azaldu digu Josu Ansolak. Oier Aizpurua haiekin batera helnugaratu zen, bigarrenari alde handia kenduz.

Bidasoan ere bikain

Bidasoako jaitsieran ere lan bikaina egin dute etxeko piraguistek. Klubeka lehen postua lortu dute han ere –Santiagotarrak klubak egindako sailkapenean bigarren ageri da Itxas-Gain, beteranoak ere kontuan hartzen dituztelako; dena den, Federazioaren sailkapenean beteranoak ez dira kontuan hartzen eta hor Itxas-Gain da onena–. Senior mailan, berriro irabazle izan ziren Xabier Osa eta Josu Ansola, Oier Aizpurua, eta Maialen Velarde eta Maria Olazabal –Amilibia eta Eizagirre berriro bigarren–. Gainera, Karmele Eizagirrek eta Maitane Ruizek K2koa osatu zuten kadeteetan eta hauek ere irabazi egin zuten. Podiumeko postuak lortu zituzten Loredi Alzibarrek (2.), Mikel Solozabalek eta Kepa Larrañagak (2. Urolan bezala), eta Miren Lopetegik eta Amaia Olaizolak (3.).

Wey Kayak klubeko piraguistak

Aipamen berezia merezi dute Ingalaterratik etorri ziren Wey Kayak klubeko piraguistek. Hemendik probetara ohitu gabe, nahikoa komeria izan dituzte estropadak amaitzeko, baina, aldi berean, sekulako kemena erakutsi dute. Larunbatean batzuk Santiagoko hondarretan kateaturik gelditu ziren, eta atzo Bidasoako jaitsierako ur-jauzian batek baino gehiagok piragua hautsi ere hautsi zuen, baina nola edo hala probak amaitzeko gauza izan dira. Gauean denak afaltzeko bildu ginen Itxas-Gain elkartean eta hurrengo urtean bueltatzeko gogoz daudela esan ziguten.

Sailkapenak:

Urola 2008

Bidasoa 2008

Argazki-erreportajea (baleike.com)

Irteerako bideoa (baleike.com)

Itxas-Gain, onena Plentzian

Joan den larunbatean Plentziako proban hartu zuten parte Itxas-Gaineko piraguistek, Errioetako Euskadiko Txapelketaren barruan. Maila bikaina eman zuten gure ordezkariek, parte hartu zuten 20 kluben artean onena izan zelarik. Podiumeko postu asko lortu zituzten, tartean bost garaipen. Beste behin erakutsi dute maila goreneko piraguistak ditugula Zumaian.

Hemen dituzue Plentziako sailkapenak:

Gizonak
Senior K2
1. Irulegi / Estonba (Donostia Kayak K.E.)
2. Cerra / Cangas (C.P. El Sella)
3. Ansola / Osa (Itxas - Gain K.E.)

Junior K2
1. Medrano / Valiente (Centro Natación Helios)
2. Ardanaz / Arrieta (C.P. Plentzia)
3. Fernandez / Rubio (Donostia Kayak K.E.)

Kadete K2
1. Rubio / Prado (Kayak Castro Urdiales)
2. Solozabal / Larrañaga (Itxas - Gain K.E.)
3. Astorki / García (Barrika P.T.)

Beteranoak K2
1. Garcia / Castaño (Real Grupo Cultural Covadonga)
2. Cacho / Hernandez (Cisne Asociación Polideportiva)

Senior K1
1. Oier Aizpurua (Itxas - Gain K.E.)
2. Fernando Franco (Deva Unquera)
3. Luis Medrano Miguel (Cisne Asociación Polideportiva)

Junior K1
1. Aritz Araneta (Donostia Kayak K.E.)
2. Kepa Etxabe (Itxas - Gain K.E.)
3. Jacob Roncales (Centro Natación Helios)

Kadete K1
1. Marco Fernandez (Deva Unquera)
2. Ander Lizeaga (Itxas - Gain K.E.)
3. Juan Carlos Figuero (Cantabria Multisport)

Beteranoak K1
1. Raul Gonzalez (Cisne Asociación Polideportiva)
2. José Luis Cueto (Piragüismo Astur)
3. José María Quintana (Kayak Castro Urdiales)

Kadeteak C1
1. Daniel Nalda (Donostia Kayak K.E.)
2. Daniel Millan (Centro Natación Helios)
3. Iñigo Alfonso (Donostia Kayak K.E.)

Emakumeak
Senior K2
1. Velarde / Olazabal (Itxas - Gain K.E.)
2. Amilibia / Izagirre (Itxas - Gain K.E.)
3. Iragi / Escandon (C.P. Plentzia)

Junior K2
1. Peña / Alzibar (Itxas - Gain K.E.)

Kadete K2
1. Eizagirre / Olaizola (Itxas - Gain K.E.)
2. Galan / Valenzuela (Centro Natación Helios)

Senior K1
1. Ana Gonzalez (Kayak Castro Urdiales)
2. Ane Iragi (Barrika Piragua Taldea)

Junior K1
1. Virginia Canal (Kayak Castro Urdiales)
2. Ohiana Fernandez (Donostia Kayak K.E.)
3. Ainhize Olaiz (C.P.Plentzia)

Kadete K1
1. Miren Lopetegi (Itxas - Gain K.E.)
2. Miriam Garcia (Donostia Kayak K.E.)
3. Esther Perez (Kayak Castro Urdiales)

Euskal klubak:
1. Itxas - Gain K.E.

2. Donostia Kayak K.E.
4. C.P. Plentzia
8. Barrika P.T.
13. C.P. Getxo
(20 klubek hartu zuten parte)

‘Thank you’ Guildford

Hemen gara, Ingalaterratik bueltan, gorputza nekatuta baina oso pozik Guildforden pasa dugun asteburu luzearekin. Kirol arloan oso esperientzia aberasgarria izan da, eta emaitza onak lortu ditugu gainera. Eta bestetik, jende atsegina ezagutzeko aukera izan dugu, turismoa ere egin dugu Londresen… Hemen duzue bidaia berezi honen kronika:

Ostegun arratsaldean abiatu ginen Zumaiatik: Josu Ansola, Kepa Etxabe, Maite Amilibia, Ane Eizagirre, Kepa Larrañaga, Mikel Solozabal, Miren Lopetegi, Amaia Olaizola, Idurre Peña, Karmele Eizagirre, Andoni Amilibia eta ‘Txiki’ Gorostola. Hamar piraguista eta azken biak artzain lanak egitera. Loiun hegazkina hartu eta Londresera. Arazorik gabe. Londresko aireportuan zain genituen Wey Kayak klubeko lagunak, autobus txiki batekin eta furgoneta batekin. Ordu eta erdian iritsi ginen Guildfordera. Hotel txiki batean eman ziguten ostatu. Gu bakarrik geunden bertan, etxean bezala.

Ostirala. Goizeko bostetarako argia sartzen zen leihotik. Batzuk jaiki eta pasiatzera joan ziren, bazterrak ikustera. Gosaritarako bueltatu ziren hotelera, eta gero, 11etan, klubeko instalazioetara joan ginen. Sara etorri zitzaigun bila, cicerone lanak egitera. Piraguak Zumaiatik Ingalaterraraino ez garraiatzeagatik, hangoekin ibiliko ginela adostu genuen. Guk eskatu bezala banatu zizkiguten: hiru K2 eta lau K1. Hori bai, ez ziren puntako piraguak, nahikoa arruntak ziren guk ibiltzen ditugunen aldean. Baina beno, horrek ere balio izan digu ohartzeko zer nolako materiala maneiatzen dugun Itxas-Gainen. Entrenamendu saio bat egin genuen, ibilbidea ezagutzeko, ezer gutxi baikenekien Zumaiatik abiatu ginenean. Ikusi genuen ubidez betetako ibaia zela, eta porteo asko eta gogorrak zituela. Entrenatu ondoren, Wey Kayak klubean bertan bazkaldu genuen. Klub sozial moduko bat da, bere sukalde, jangela, egongela, gimnasio eta besterekin. Jatekoarekin ez ginen oso konforme gelditu, egia esan. Badakizue, han espezia asko botatzen dizkiete edozerri.

Bazkaldu ondorenerako joko batzuk zeuzkaten prestatuta guretzat, baina esan genien, behin hara joanda, nahiago genuela Londresera joan, hura ezagutzera. Ez zitzaien gaizki iruditu eta tren geltokiraino lagundu ziguten, zer tren hartu behar genuen azaltzeko. Londresen turismo pixka bat egin genuen. Konturatzerako zortzi eta erdiak ziren eta afaltzeko lekurik topatu ezinik gelditu ginen, dena itxira baitzegoen ordurako. Azkenean, denda batean jatekoa erosi eta hala moldatu genuen ostiraleko afaria.

Larunbatean berriro Londresera joan ginen. Egun osoa pasa genuen han, batera eta bestera, lehertuta bukatu arte. Anekdotarik ere ez zen falta izan: Harrod´s bitxidenda ezagunetik bota egin gintuzten atetik sartu orduko, inolako esplikaziorik eman gabe.

Igandea, estropada eguna. Gosaldu eta 11etarako iritsi ginen Wey Kayak klubera. Antolatzaileek proba ezberdinetan banatu gintuzten, mailaka. Ez genuen oso ondo ulertu zein zen irizpidea, esate baterako, proba berean aritu baitziren Kepa eta Mikel eta Miren eta Amaia. Kontuak kontu, seniorrek 20tik gora kilometro egin behar zituzten, zazpi porteorekin, eta besteek 15 bat, bost porteorekin. Estropada gogorra izan zen, porteo asko zirelako, luzeak eta malda handikoak. Ubide asko daudenez, porteoetan batetik bestera pasa behar zen. Porteo batzutan arranpa handiak zeuden, eta uretara bueltatzeko ia arrastaka jaitsi behar zen. Ubideetan ibiltzea ere ez zen erraza. Idurre bera une batean galdu egin zen. Zorionez, ubide egokia aurkitu zuen eta arazorik gabe jarraitu ahal izan zuen.

Orohar, oso emaitza onak lortu genituen. Kepa Etxabek irabazi egin zuen bere proba, eta Kepa Larrañagak eta Mikel Solozabalek ere bai K2an. Josu Ansola laugarren izan zen senior mailan; Ane Eizagirre eta Maite Amilibia seigarren, lema hautsi zuten arren; Miren Lopetegi eta Amaia Olaizola bigarren izan ziren; Karmele Eizagirre seigarren eta Idurre Peña zortzigarren.

Sari banaketaren ondoren, sei eta erdietan hango jendearekin afaldu genuen, klubean. Elkarri opariak eman (kamisetak, banderinak…) eta gero iluntzean buelta bat eman genuen Guildfordeko giroa ezagutzeko. Billarrean jokatu, parre batzuk egin eta gauerdirako denok ohera.

Astelehen goiza Guildfordeko azokara joateko aprobetxatu genuen, erosketa batzuk egiteko. Hamabi eta erdietan bila etorri zitzaizkigun aireportura eramateko. Auto pilaketa handian zeuden eta hiru eta erdietan iritsi ginen aireportura. Gaueko hamaikak laurden gutxitan iritsi ginen Zumaia. Nekatuta baina pozik.

Urolako igoera-jaitsierara etorriko dira handik, uztailaren 18an. Zortzi piraguista etorri dira eta dagoeneko Zumaia hotelean hartu diegu ostatu. Nesken K2 batek oso maila ona emango duela iruditu zitzaigun. Baina hori guztia ikusiko dugu eguna iristen denean.

Bidaiaren argazki albuma: Guildford2008

Iñigo Peñak Masterra irabazi du

Aurtengo denboraldiko helburua gauzatu du Iñigo Peñak, Espainiako Master Txapelketa irabazi eta Europako Txapelketan K1ean lehiatzeko txartela lortu duelako. Iñigok 500 eta 1.000 metroetan irabazi zuen igandean Trasonan, Asturiasen. Emaitza bikaina da, Europako Txapelketara piraguista bakarra joango baita K1ean. Zorionak Iñigo!

Baleike.comen irakur ditzakezue Iñigoren adierazpenak

Principe de Asturias: bidaiaren kronika

Egutegiko estropada garrantzitsuenetakoa da Galiziakoa. Aurreko astean komentatu genuen normalean abuztuan jokatzen dela, baina aurten aurreratu egin dutela Olinpiar Jokoak direlako. Horren ondorioz piragua gutxiago izan dira, baina onenek han ziren guztiak. Maila handiko aurkariak, beraz. Horregatik, oso pozik bueltatu gara lortutako emaitzekin: kadete neskak bigarren izan dira, kadete mutilak bederatzigarren, eta senior mutilak hamaikagarren. Hona hemen bidaiaren kontakizuna:

Estropadak igandean izan arren, ostiralean abiatu ginen, 14:20an. Bidaiak furgonetan egiten ditugu beti, eta kasu honetan bederatzi ordu behar izan genituen Portonovora iristeko. Bidean afaldu genuen, etxetik eramandakoa. 23:00 jota iritsi ginen kanpinera. Eskerrak abisatu genien…

Larunbata entrenatzeko aprobetxatu genuen, batez ere porteoak. Azkenean kadeteek ez zuten porteorik egin behar izan, baina entrenamendua ez zitzaien gaizki etorri. Arratsaldea, besteak beste, txirlak eta almejak biltzen eman genuen, Portonovoko hondartzan. Afariari beste kategoria bat emateko aurkikuntza paregabea.

blog16.jpg

Igandean goiz jaki ginen, zortzi eta erdiak aldera. Kanpinak eta dena jaso, gosaldu, eta irteera aldera abiatu ginen. Estropadak 12:0oetan hasten ziren baina 10:00etarako han ginen, piraguak ondo prestatzeko. 12:00etan abiatu ziren seniorrak, Portonovoko hondartzatik. 20 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten, bi porteorekin. Kadeteak berriz, 12:15ean abiatu ziren, Sanxenxotik. Hauek 15 kilometro egin behar zituzten. Seniorrek oso irteera ona egin zuten. Itsasoa bare zegoen, baina lehen porteoan, hondartzako olatu txiki bat piraguan sartu eta ura atxikatu behar izan zuten. Bigarren porteoa oso luzea egin zitzaien, oso nekatuta zeudelako ordurako, baina helmugaraino erritmoari eusteko gauza izan ziren. Azken txanparaino bederatzigarren postuan joan ziren, onenengandik oso gertu, baina azken metroetan atzetik aurrera ziztu bizian zetozen bi piraguek gainditu zituzten. Hala ere, oso pozik zeuden emaitzarekin, erronka hamar onenen artean sartzea baitzen.

Kadete mutilek ez zuten egunik onena izan, eta bederatzigarren sailkatu ziren. Neskek, ordea, emaitza bikaina lortu zuten, bigarren postuan amaitu baitzuten. Meritu handikoa, kontuan hartuta irteeran minutu asko galdu zituztela. Izan ere, haiekin batera atera ziren C-4ak. Albo batean zeudenez, harrapatuta gelditu ziren eta libratzerako aurkariak oso aurrean ziren. Baina sekulako lana eginda estropadako onenengana iritsi ziren azken txanparako. Esprintean, ordea, haraino iristeko egindako ahalegina ordaindu zuten, eta bigarren postuarekin konformatu behar.

Protagonistak:

k-4, seniorra (giz.): Haize Galarraga, Vicente Royo, Ekaitz Esteban eta Kepa Etxabe.

k-4, kadetea (giz.): Kepa Larrañaga, Mikel Solozabal, Asier Eltzo eta Xabi Centeno.

k-4, kadetea (emak.): Miren Lopetegi, Karmele Eizagirre, Amaia Olaizola eta Loredi Alzibar.

Hemen dituzue bidaiako argazkien albuma, eta seniorren probako bideo irudiak.


Azaroa 2008
AstAstAstOstOstLarIga
  
 12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930

Gallery

 

azaroa 2008
A A A O O L I
« uzt    
 12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930

Bad Behavior has blocked 7 access attempts in the last 7 days.