Talaia jatetxean oriotarren aurrean nagusitzea lortu eta gero (32-25), multzoko buru amaitzea lortu zuten zumaiarrek. Orain, hurrengo lehia edo desafioa Lasarte-Orian izango dute, larunbat honetan, hilak 16, azpeitiarren aurka.
Lasarte-Orian jokatuko da GR-12 txapelketako lehen finalerdia larunbatean, hilaren 16an, arratsaldeko 6etan hasita. Azpeitiarrekin lehiatuko dira zumaiarrak eta gure taldearen izenean Unai Gijarrok, Maialen Velardek eta Joxe Joakin Aizpuruak abestuko dute; hirurek, Jon Maiarekin batera, Gipuzkoako Bertsolari txapelketan ere parte hartuko dute udazkenean.
Jalgi tabernan (Kafe Antzokian) hasiko da saioa eta herri bakoitzetik ordezkari banak kantatuko dute, librean. Berdin egingo da hurrengo bi tabernetan, Zumaia eta Azpeitiko bertsolari banarekin. Taberna bakoitzean entzuleen botoak jaso eta guztira gehien biltzen dituena izango da uztailean Zarautzen jokatu beharreko finalera sailkatuko dena.
Lasarteko saiora animatzen bazarete, azaldu larunbatean 5ak aldean Maluta tabernaren aurrera!