Musikountry

Beheko Plaza eta San Pedro Abesbatzen kontzertua

Filed under: Iritziak — memezabal @ 15:27

Zuzendarien argazkia

Ohitura den bezala, aurten ere Zumaiko abesbatzek kontzertua eskeini dute elkarrekin: Beheko Plaza  Abesbatza eta San Pedro Abesbatza.Mari kalea itxita dagoenez, beste toki bat aukeratu behar zela eta oso ona izan da aukera: Ardantzabide plaza. Leku txikia eta goxoa da horrelako ekintzak antolatzeko. Zaratarik ez dago eta musika oso ondo entzuten da. Ari dira txoko berriak ateratzen pixkanaka kontzertuentzat aproposak direnak, beheko plazatik at. Aberasgarria da.

Gauza bat dut garbi: Zumaian musikak badu bere tokia. Zumaiak musika maite du eta baloratzen du. Ikusi besterik ez zegoen zer jende kopuru etorri den gaur bi abesbatza hauen emanaldia ikustera. Beste batzutan Musika Banda izaten da. Eta beste batzutan beste hainbeste kontzertu eta ekitaldi. Izan ere, Udal Kultura arlotik bultzada haundia jasotzen du musikak eta hori ere oso lagungarria da. Baina beti idea berberarekin geratzen naiz: Zumaian musikak badu bere tokia. Eta hori izugarri ona da. Neu ez naiz zumaiarra (nahiz eta pixka bat sentitu). Baina gauza inportante hau segituan ikasi nuen herri honetan: musika gozatzen, sentitzen eta errespetatzen du zumaiarrak. Eta hori musikariontzat eskertzekoa da.

 Beheko Plaza Abesbatzak eman dio gaur hasiera emanaldiari. Ikusgarria da hirurogei urtetik gorako pertsona hauek nola kantatzen duten lau ahotsetara! Afinazioa, matizak, tinbrea landuz. Inoiz beste edozein herriko jubilatuen abesbatzaren bat entzun duenak badaki baloratzen Beheko Plazakoek egiten dutena. Eta zalantzarik duenak, ikus dezala horrelako beste edozein koru.

Programa dotorea eta jantzia prestatu du Agustin Zubimendik. Berak badaki ikuslegoaren txaloa probokatzen. Eta ondo egiten du gainera. Emaitza: ezin hobea. Jendea gustura eta txalo zaparrada eskeiniz. Jakina!

 Jarraian San Pedro Abesbatza. Beste produktu bat. Gazteagoak, jantzia ere kolorekoa. Kantatzeko jarrera aktiboa eta benetan disfrutatzen ikusten zaie. Oso doinu zaindua eta aipatzekoa: enpastea, benetan lortua.

Faktore berria sartu dute San Pedrokoek: eszena. Mugimenduak eta dantza. Koreografia apur bat ere! Denak eserita lurrean kantatzen  su baten inguruan baleude bezela. Oso polita ideia. Eta gainera koruko batek gitarra jotzen, Rosana bera ematen zuen begiak itxita (ZORIONAK  Manu!!)

Ohiko laguntza pianoan Mari Karmen Azpeitia, beti apala eta erdi-ezkutuan, baina beti bere tokian, lana ondo eginez.

Azken finean, kontzertu oso atsegina eta oso polita. Egitaraua mamitsua. Ordubete jota. Azken akordeekin batera eliz-dorrean hamaikak jotzen. Zer polita musika kanpai hotsarekin nahasten denean, ezta?

Aipatzekoa ere jendearen jarrera. Isiltasun osoan musika entzuten. Hau ez herri guztietan ikusten. Beste edozein herritan umeek jolasten musikaren inguruan ez dute molestatzen, hain da haundia zarata dagoena. Hemen berriz, edozer gauzak momentua hausten du. Hori da hori konzentrazioa.

Beste gauza bat aipatu nahi nuke, nire iritzi pertsonaletik, noski: zein ederra da musikariok elkartzen garenean eta elkarrekin egiten dugunean lan. Hori da egia bakarra: elkarrekin egin behar dugu lan. Horrela lortuko dugu musikaren duintasuna. Gure indarrak batu behar ditugu, gure ilusioak eta proiektuak. Bide horri eutsi behar diogu eta horrela musikaren haunditasuna deskubrituko dugu.

Besterik ez. Pozik bueltatzen naiz etxera kontzertu polita ikusi eta gero. Gaur oso pozik etorri naiz, herri honen harro sentitzeko arrazoiak ikusi eta gero.

Hala ere, ez nago ziur denok ikusten dituzten faktore positibo hauek. Batzutan gure etxeko epailerik gogorrenak gara…

ZORIONAK DENOI eta segi kantatzen, hori baino gauza politagorik ez dago eta! 

ZUMB & Ermuako Musika Bandako udaberri kontzertua

Filed under: Iritziak — memezabal @ 13:05

Martxoak 13, larunbata. Arratsaldeko 7retan, Zumaiako komentuan bandako kontzertua…! Nork esango zigun orain dela denboratxo bat horren sakratu eta sekretu zen leku honetan sartuko ginela horren lasai, bandako kontzertua, tanborradako ensaioa, etabar. antolatzen direlako…

Zumaiako udal musika banda beti saiatzen da gauza berriak egiten,  bide desberdinak jorratzen eta publikoari sorpresak ematen. Eta gehienetan lortzen dute. Azkeneko erabakia horren adibide garbia da: zuzendari desberdinak aldatzen joatea, pertsona desberdinak probatzea. Hasiera batean horren ideia ona iruditu ez bazitzaidan ere, personalki esanda, orain berriz ideia aldatzen ari naiz. Beharbada aberasgarri izan liteke taldearentzat pertsona desberdinak, estilo eta ideia desberdinak izatea. Denborak esango digu.

Atzoko kontzertua “erritmikoa eta martxosoa” izan zen zuzendariaren esanetan. Beti ere, horrelako errepertorioa efektista izaten da. Nire gustorako bariatuagoak gustatzen zaizkit kontzertuak, baina ulertzen dut Julenek atzo azaldu zuena: gazte jendearentzat egokia eta gustukoa izaten dira horrelako piezak jotzea eta zuzendariaren lana ez da publikoarengan pentsatzea mugatzen baizik eta taldeak behar duena aztertzea. Beraz, alde horretatik asmatu zuela esango nuke atzoko egitarauarekin.

Asko gustatu  zitzaidan Ennio Morriconeren Il Triello. Pieza berria eta desberdin punttu batekin. Oso xuabe hasten diren horietakoa (oso ondo flauten hasiera grabe hori!) Tartean bakarlarien soloak: klarinetea, saxo baritonoa (bikaina!!), besteak beste. Pieza hau oso ondo egon zen eta nire gustukoa izan zen.

Beste pieza batzuk entzunagoak dira ZUMBen eskutik: Combo Concertino, Santana, edo Lion King. Hala ere, interpretazioa maila altua izan zen orokorrean. Entzuten ari nintzen bitartean, zera pentsatzen ari nintzen: oraintxe esaten badidate, begiak itxita, Alicanteko Banda edo Soriako Banda jotzen ari dela nire aurrean, pentsatuko nuke “joño! ondo sonatzen  du ba!” Kontzertu osoan oso ondo jo zuten gure bandakideok. Tinbre eta dinamika aldetik, zuzen. Perkusioa aberatsa izan zen, oso tinbre desberdinak entzun ahal izan zirelarik. Ermuatik etorritako tronpeta-joleak lan bikaina egin zuen, jo ta su. Entzun behar zen Santanako azken zatiko bateriako soloak!! Ari nintzen pentsatzen “baina mutil honek nondik ateratzen ditu horrenbeste golpe? Hori dek hori maestria!” (Zorionak Jon!!)

Oro har esan daiteke  banda oso ordenatua egon zela. Horren xinple esanda, baina horren zaila lortzeko. Tuba eta bonbardinoa ere bakar-bakarrik egon ziren, baina inoren beharrik ez dute behar hauek..! Julenen zuzendaritza lasaia izan zen, baina emaitzaren arabera oso ona eta efektiboa izan da bere lana denbora honetan bandarekin ensaiatzen eta erreperotorioa montatzen.

Ermuako bandakideak ikusteak poza ematen du. Denak gazteak! Hori da hori, gaur egungo bandako zentzu berria. Pertsona askori (edo gehieneri hobeki esanda) gustatzen zaio musika entzutea. Baina beste sensibilidade bat behar da, beste urrats bat eman behar, musika egiteko beharra edukitzeko. Gazte hauek badute. Eta ZUMBeko lagunak, ere bai.

Laburbilduz, polita izan zen atzoko kontzertua. Adin guztietako pertsonak publikoan… oso ondo! Segi horrela. Nire iritziz bide zuzen-zuzenetik ari zarete.

Beharbada, iritzi hau borobila eta positiboegia geratu zait. Ay, ay,ay! Zer egingo dugu, ba? Musika gustatzen zait eta banda gustatzen zait… eta horrelakoetan disfrutatu egiten dut.

Horrelaxe ba!  Hurrengora arte.

Emakumearen eguneko kontzertua

Filed under: Sailkatugabeak — memezabal @ 8:55

Martxoak 7, igandea. Arratsaldeko 7ak. Urtero bezala, Udaleko Kultura Sailak Emakumearen Eguna ospatzeko beste zenbait ekitaldien artean, kontzertua antolatu du.

Kontzertura inguratu nintzen, ezer idazteko asmo haundirik gabe. Izan ere, konturatu naiz uste baino jende gehiagok irakurtzen duela nire blog pertsonala eta batzutan nire hitzak ez direla ondo ulertzen. Atzoko kontzertuko komentariorik idazteko asmorik ez nuen, eta azkeneko “ekaitza” eta gero nahiago nuen ixil-ixilik geratzea, bestela ere gaizki irakurri nahi denean, nahiko aitzaki izaten da edozer gauza izatea. Atzoko kontzertua, beraz, zer esanik ez. Etxekoak…

Ez da nire asmoa “barrer para casa” esaten dena.  Baina atzoko kontzertua ikusita eta entzunda, zaila da niretzat ezer ez esatea, nire buruketak ez adieraztea. Eta etxekoak ez goraipatzeko, ez dut aipatuko Marixiren pianisimo itzelak, proiekzioa edota horren ondo landutako aurkezpena bideo proiekzioa eta guzti. Ez dut ere aipatuko Amaiaren karakterra pianoan, azkeneko piezako sarrera izugarria edota gaitasuna estilo desberdinei izugarri ondo moldatzeko pianoa jotzen. Ez, ez da nire intentzioa.

Hitzegin dezagun bada, kanpotik etorritako sopranoari buruz. Zer nolako ahotsa! Horixe izan zen atzo komentariorik entzunena. Benetan izugarria izan zen atzo entzundako sopranoa. Potentea, teknikoki oso ona, beti afinatua, ahotsa ondo kolokatuta, errejistro aldaketen arrastorik ez, estilo desberdinak jorratuz eta beti ondo kokatua. Ez da asko jakin behar atzokoa oso ona izan zela jakiteko. Publikoa ere, pozik zegoen. Txaloetan igertzen zen eta aurpegietan ere.

Errepertorioa zaindua eta fina izan zen. Maila haundikoa. Eskertu behar da, Zumaian eskeintzen diren kontzertu hauek. Kultur mailan nahiko ondo kokatuta dago herri hau beste askorekin konparatuta. Hori aprobetxatu egin behar da eta aurrera, beti aurrera begiratu.

 Enfin, atzokoa asko gustatu zitzaidan. Eskerrik asko urtero kontzertu interesgarriak, bariatuak, eta aberasgarriak  eskeintzeagatik. Portzierto, atzo horrenbeste gustatu zitzaigun sopranoa, musika eskolako irakaslea da. Bai, bai. Biolineko irakaslea eta orain, zorionez, kantua ere irakasten du. Ikasi beharko dugu etxekoa baloratzen. Hori da lehenengo pausoa. Eta gero kanpokoa.

Iruditzen zait nahiko justua geratu zaidala komentario hau. Nahiko ondo enteratu nintzen kontzertuaz, ezta baietz? Eta hori ordenagailuekin ibili nintzela irudiak zaintzen. Izan ere, bi gauza batera egiteko gai banaiz… edo hori uste dut, behintzat.

Con spirito ganbara orkestra & amp;María Zubimendi

Filed under: Iritziak — memezabal @ 15:59

Urtarrilak 23, larunbata. Orkestra bat etorri da Zumaira. Orain dela gutxi beste bat ikusi ahal izan genuen eta oraindik gogoan dugu. Izan ere, azkeneko bolada honetan orkestrak etortzen ari dira; ea jarraitzen duen bolada ona…!

 Harritzekoa iruditu zait Aita Mari Aretoaren aukeraketa. Ez da ez Zumaiko tokirik onena kontzertu bat jotzeko: akustika lehorra dauka eta goxotasunik ez du musikariarentzat. Egia da ere, beste askorik ez dagoela, baina egokiena behintzat ez da.

Sartu naiz aretoan eta 60-80 bat lagun ikusi ditut: ondo. Esku-programa hartu eta errepertorio klasikoa ikusi dut. Ez da harritzekoa ganbara orkestra batek jotzen ohi duen errepertorioa da. Klasizismotik kanpo ateratzen bazara, instrumentu gehiago behar izaten dira: metalak, klarineteak, fagotak, perkusionistak. Hala ere, ez da errepertorioa gehien harritu nauena: bakarlaria edota orkestra beraren aipamenik ere ez da egiten. Zuzendariaren izugarrizko kurrikuluma euskeraz. Ez da gutxi: 44 lerro!! Buelta eman diot eta…. alajaina!  Berriro kurrikuluma… baina gazteleraz! Beste 44 lerro!! Eta errepertorioaren aipamen historiko bat? eta bakarlariaren jaiotze data, adina, jaioterria, ikasketak…..? eta orkestraren nondik-norakoak?

Kontzertua hasi da. Aurkezpena egin du zuzendariak berak. Ondo (Maria Zubillaga¿?). Juan Crisostomo Arriaga konpositore bilbotarra izan zen. Bere garaian lortu zuen ospea. Entzun izan dut, “el Mozart español” deitu izan diotela. Oso gazte hasi zen musika idazten eta benetan linea melodiko polittak utzi zituen. Ospetsuena “Los esclavos felices” operako obertura. Benetan bikaina da. 21 urtekin hil zen gaixotasun bat zela medio. Gaur entzun duguna bere lehenengo obra izan da: obertura Fa minorrean op. 1. Horrek esan nahi du bere katalogo personalean, lehenengoa izan zela. Interesgarria. Orkestrak ez du gaizki egin, baina egon da koordinaketa faltaren bat edo beste. Soka, batez ere biolinak, ez dute enpaste ona lortu. Behar bada, Allegroa azkarregi hartu dute eta lehenengo biolinek zuten sarrera anakrusikoa ez dute ondo errespetatu besteek. Pena izan da, askotan errepekitatu delako. Baina bueno, kontzertuari hasiera emateko obra egokia iruditu zait.

Maria azaldu da bere akordeoi haundiarekin. Agurrak egin eta hasi da obra. Oso birtuosoa. Zaila. Azkartasuna eta agilidadea behar zen hori jotzeko eta gure zumaiar bakarlariak bikain bete du bere papera. Lehenengo mugimendua bukatu da eta jendea txaloka hasi da. Bueno….! Oraindik ere ez dakigu ondo non txalotu eta non ez. Bigarren mugimendua ederra izan da. Mugimendu motela eta oso lirikoa. Akordeoiaren doinua oso ondo sartu da orkestran eta benetako momentu politak egin dituzte. Oso ondo. Bukatu da bigarrena eta jendeak ikasi du ez dela txalotzeko unea: bueno… ze ondo! Behintzat behin gaizki eginda ikasi dugu. Hori da hori intelijentea izatea, akatsetatik ikastea. Hirugarren mugimendua iritsi da eta berriro hasi dira Mariaren hatzak azkar batean teklatuan gora eta behera. Askotan ematen zuen hegan egiten ari zirela. Hori da hori arintasuna eta indarra. Ezkerreko eskua ere, bajuak arintasunez tratatzen zituen. Oso ondo.

Akordeoi kontzertua bukatu da eta agurrak egin ondoren (lau aldiz atera da agurtzera) kontzertuko momenturik politena etorri da. Mariak propinatxo bat eskeini du bakarrik. Hori da hori musika egitea, izugarrizko gustuarekin, erritmoarekin eta sentimenduarekin. 15 urte egin berriak eta neska honek daukan talentua ez da ohikoa. Eszenatokoian duen ziurtasuna eta espresioa…!  Kontutan hartu behar da norberaren herrian jotzea beti izaten dela prueba latza: jende ezaguna eta “pánico escénico”a bikoiztu egiten dela. Gaur ikusi deguna ez da txantxa. Gure aurrean ikusi duguna benetako bakarlaria da, eszenatokian azaldu orduko beste dena atzean, bigarren planoan uzten duten horietakoa. Begiak bakarrik berarentzat izan dira eta hori aparteko gauza da, gutxik dutena. Bravo Maria!!

Bigarren zatian Mozart haundiaren 29. sinfonia eskeini digute. Oro har, motela izan da. Tempo gehienek bizitasun falta nabarmena izan dute. Andanteak, bigarren mugimenduak, fraseo falta ere izan du eta tensio musikalik ez du izan. Esan daiteke luzea izan dela. Eta musika luzea suertatzen denean, garbi dago zer gertatzen den: aspertu egiten du. Hori da hain zuzen gaur gertatu dena. Izan ere, Mozarten musika ondo jo ahal izateko, orkestra potentea behar da, eta obrak oso ondo landuta edukitzea. Tensio beteriko musika da: tensio musikala eta tensio erritmikoa. Gaur ez da hori dena gertatu. Sinfonia bukatu denean eskertu dugu propina bat eskeintzeko intentzioa. Baina eskertuko genuen zeozer berria eta ez azkeneko mugimendu osoa errepikatzea. Normalean, propinak egiten duena da kontraste bat bilatu. Eta batez ere, arau oinarrizkoena: propinak motza behar du izan. Baldintza hauek ere, ez dira bete. Pena bat.

Aipatzekoa: ideia bikaina iruditzen zait horrelako orkestra profesional edo erdiprofesionalak sortzea. Benetan apostu inportante bat da eta ausarta izan behar da aurrera ateratzeko. Pedro Palacín jaunak horixe egin du. Gaur bere lehenengo kontzertua eskeini du eta zorte onez Zumaian izan da. Suertia guretzako, klaro. Horrelako orkestra gehiago sortu beharko lirateke gipuzkoa mailan. Kontzertu itzela ez izatea ez da garrantzitsuena orkestra berri batentzako. Gehiago esango nuke: nahiko normala iruditzen zait. Baina demanda ezarekin ez dugu lortuko orkestra gehiago sortzea. Horregatik Zumaiako Udaletxeari zorionak ere emango nizkioke. Horrelako proiektuetan inbertitzea zuzena iruditzen zaidalako. Musika kultura da. Eta kulturarik gabe herri batek ez du historiarik, ez etorkizunik izango.

Tolosako Hodei-truk Abesbatza

Filed under: Zumaiatik Kanpo — memezabal @ 12:31

David AzurzaUrtarrilaren 3an, Tolosako Santa Klara komentuan Hodeiertz Abesbatzako filiala den Hodei-truk abesbatzak gabonetako ekitaldia antolatu du. Zuzendaria: David Azurza.

Pixka bat situatzeko, Tolosarra den zuzendari honek Tolosako bi ikastetxetan egiten du lan korala. 7 urtetik gorako umeekin hasten da lanean eta 18 urte bitarteko gazteekin bukatzen du, gutxi gora-behera, ikasleak kanpora ateratzen direnean unibertsitatea etabar. David Azurza Gipuzkoa mailan erreferente bat da gaur egun, teknika bokaleko maixu haundia delako eta abesbatzen munduan pertsonai garrantzitsu horietako bat bihurtu delako. Sarritan ikus daitezke berak egindako edota moldatutako piezak abesbatzari egokituak. Bere harmoniak ederrak dira beti, oso sakonak, ahots asko nahasten dituenak eta disonantziaren erabilera intelejentearekin. Bere azkeneko lana, telebistan ikusi ahal izango dugu hain zuzen: Oh happy Day programan. Bertan Hodei-truk Abesbatzarekin hartuko du parte eta ziurrenik paper duina eta serioa egingo du.

Kontzertuaren lehenengo atalean, txikienak azaldu ziren (7-11 bitarteko umeak). Nahiz eta umeen seriotasun falta nabarmena izan, zaila izaten baita horrenbeste ume kontrolatzea guraso eta famili aurrean, emaitza oso ona izan zen. Adin horretako umeei primeran egokitutako kantak eskeini zituen Davidek, hitz jokuekin, era guztietako keinuekin eta antzerki apur batekin. Kanta batzuk joku moduan. Beste batzuk kantu soilean. Baina denak ere, musikalki interesgarriak eta ondo eginak.

Bigarren zatian, beste talde bat azaldu zen. 12-18 urte bitartekoak hauek. Gehienak neskak, gertatzen ohi den bezala. Hiru mutil koxkor. Denera 20 partaide. Lehenengo kantua hasi orduko…. aaah! beste mundu bat. Hori da hori doinua, tinbrea eta enpastea! David bezalako maixu batek ateratzen duen emaitza eskeiniaz: ahotsaren kolokazioa zuzen-zuzena, proiekzioa eta kolorea. Taldeak ezin hobeto sonatzen du. Aipagarria benetan, Davidek berak harmonizatutako Birjiña-maite gabon kanta herrikoia. Zein ederra! Ematen zuen, ehundaka ahots bata bestearekin nahastuta, ederki nahastuta, zeudela. Gusto ikaragarriz eta erabateko oreka lortuaz.

David Azurzaren zuzendari lana beti izaten da indartsua eta energiaz betea. Ikusten zaio dena ematen duela, ez baitzaio gehiegizko gramu bat bera ere antzematen gorputzean. Dana nerbioa eta kemena. Eta dana teknika, motibazioa eta gusto musikala. Luxu bat horrelako musikari haundi bat  herrian edukitzea.

Edozeini gomendatzen diot abesbatza honetako kontzertu bat ikustea eta zuzendari hau ezagutzea. Ez da urrutira joan behar: Tolosan bertan bizi da eta bertan egiten du lan. Askotan pentsatzen dugu oso urrutira joanda, pertsona itzelak ezagutuko ditugula eta askotan horrela izango da. Baina gertuan, gure herrian bertan baditugu ere eta justua da bakoitzari berea ematea eta bertakoak ezagutzea.

Lan itzela egiten ari da David Azurzak Tolosako hainbat eta hainbat gaztekin. Lan garrantzitsua benetan musika erakustea eta kantuan aritzea: errespetua, harmonia, elkar-lana… gaur egun hain beharrezkoak diren gaiak lantzen dira musikaren bitartez. Zein lan ederra! Asko dira lan bikaina egiten ari diren irakasleak gipuzkoa mailan baina haien artean beti punta-puntuakoa izango da David Azurza maixu Tolosarra. Zorionak!

ZUMBeko Gabonetako Kontzertua

Filed under: Iritziak — memezabal @ 14:24

ZUMBeko lagunek aurten, Klarinete Maratoia eta Gabonak bat egin dituzte eta abenduaren 19an kontzertua eskeini zuten. Beste hainbeste ekitaldien arteko kontzertua izan da: ostiralean Kafe Musikala eta igandean beste bi kontzertu, Maratoiko amaierakoa alde batetik eta Camerata Cambrensis-ena bestaldetik. Asteburu aberatsa izan da musika arloan.

Lehenik eta behin esan  beharra dago, Zumaiako Mojaxarren Komentua gainezka zegoela. Jendea lurrean eserita zegoela ikusita egon zen bat edo beste atea ireki eta berriz buelta eman behar izan zuena. Eta harrigarriena: 18 urte beherako gazte asko. Batzuk, bandako partaide batzuen lagunak, beste batzuk musika inguruan dabiltzanak. Gurasoak, ezagunak eta baita ere…. Zumaian antolatzen diren kontzertu guztietan ikus daitezken aurpegiak. Hori da hori afizioa eta gustua. Zeozer egiten ari da ondo, alde batetik gazteak erakartzeko eta bestalde afizio finko bat sortzeko musikaren inguruan!

Arratsaldeko 7,30ak eta kontzertua hastera doa. Lehenengo pieza jotzeko bakarlari bat: ateratzen da eta…. joño! honek ez du ba bateria jotzen? Ostiralean kafe musikalean Kajoi Flamenkoa bikain jotzen aritu zen eta…. orain klarinete baxua, ez da makala gazte hau! Jon Zubimendi izena du, eta oraindik askotan aipatu beharreko izena izango da. Spotlights for clarinet, pieza moderno bat da, zailtasun erritmikoa alde batetik daukana eta bestalde, bere estiloa eta kutsua emateko beste zailtasun haundi bat. Klarinete baxua hasi zenerako, ikusi genuen bakarlariak zein landuta zuen pieza. Bere estiloa nahiko librea. Baina doinua haundia zen errejistro desberdinetan. Estilo aldetik ere, nahiko amerikanoa gelditu zitzaion. Ondo.

Jarraian, bandak askotan jotako Philip Sparken beste pieza bat. Hau berria: concert for clarinet. Bakarlari nor izango? Hara! Lehenengo klarinetea (pral deritzoguna) jeiki eta berak egin behar du bakarlariaren papera. Jose Luis Barredo (Txipi lagunek deitzen diogun bezala). Pieza hasi orduko ikusi genuen haren desparpajoa eta agilidadea. Oso ondo aritu zen. Batzutan banda fuerte xamar, zaila izan zen bakarlariaren ahotsa garbi entzutea. Horrelakoetan gertatzen da, baina egokia izango litzateke bolumenak ondo neurtzea.

Lehenengo zatia bukatzeko, Astor Piazzollaren pieza triste eta ederra: Oblivion. Bakarlaria, Nerea Alonso saxofoijolea. Eta gainera oraingo honetan saxo sopranoa jotzen. Zein ederra doinua! Espresibitatez beterik jo zuen, oso bibrato polita eta egokia erabiliz. Teknika haundia behar da bibratoa bere tamainan ibiltzeko, ez gehiegi eta ezta ere ezer. Bere momentuan eta bere tamainan oso errekurtso espresiboa suertatzen da. Eta Nereak halaxe erabili zuen. Ikusi nituen bat edo besteren begiak bustita…

Atsedenaldia iritsi eta zumaiar batek egindako ONG baten bi ordezkari atera dira euren lana azaltzeko asmoz. Oso ondo egin dute aurkezpena, ume hauek benetan behar dute gure laguntza eta beraien begietan hamaika kontu irakur daitezke. Hunkigarria, bai, hauen historia.

Bigarren zatian bi pieza entzun ahal izan ziren: El año del dragón eta Novecento. Oso estilo desberdinekoak biak. Lehenengo piezako 3. mugimendua bakarrik egin zuen ZUMBek, baina nahiko zailtasun bazegoen, beste beharrik gabe. Oso efektista, indar haundikoa. Marixi saiatu zen abiadura mantentzen eta esan daiteke lortu zuela. Nabaritu ziren bandaz kanpoko musikariak, errefortzuak metalezko tresnetan, indarra eta tinbre potentean.

Novecento, pasodoble sinfonikoa da. Oso fina, oso elegantea. Harmonia aberatsak, disonantzia sakonak. Tonalitate hauste nabarmenak baina beti konsonantzian amaiturik. Musikalki pieza haundia. Pasodoble arrunt bat baino gehiago dela esan genezake: pieza sinfonikoa dela esango nuke nik. Bigarren gaia benetan interesgarria. Oso ondo eramanda izan zen. Beharbada apur bat motela, pasodoble baten kutsua galtzeraino. Baina ikuslegoaren gustukoa izan zen, eta txalo zaparrada haundia izan zen.

Kontzertua ona izan zen. Jende askok ikusi zuen. Haien gustua nabarmena izan zen eta giroa erabat berotu zen bukaerako (batez ere kontutan hartuta kaleko giroa hotza baino hotzagoa zela…!!) Musikalki interesgarria eta ederra. Eta batez ere, emozioz beteriko momentuak egon zirela eta Musikaren eraginpean egon zirela ikusleak eta musikariak. Hori gertatzen denean, benetan ulertzen da musikaren poderioa eta mamia.

Camerata Cambrensis

Filed under: Iritziak — memezabal @ 13:29

Camerata CambrensisIgandea, abenduak 20. Asko komentatu den kontzertua: Camerata Cambrensis soka orkestra, Zumaiako konbentuan. Zuzendaria ateratzen da eta 40-50 urteko andre bat da, atzerritar itxurarekin, ingelesa edo. Kontzertuko lehenengo pieza hasten da, orkestra bakarrik. Oso doinu borobila, espresiboa eta konpaktua. Benetan traza ona hartzen du kontzertuak. Konbentuak bildu garen 60-70 pertsona gustura gaude: tokia dago lasai entzuteko eta musika ederra da. Eskuprograma irakurtzen det eta CJCT-k egindako sarrera mamitsu eta interesgarri bat dauka barruan, non kontzertuko oinarria azaltzen du. Datu interesgarriak eta azalpen musikolojikoak ematen ditu. Ikusten da oso ondo menperatzen duela gaia, bai.

Joan dira ateratzen bakarlariak. Lehenengo Carlos Casadó (CJCT) eta bere doinu guztiz menperatuta eta erabat borobila eta polita jo du lehenengo obra, Jacob Gordonena. Orkestrarekin ondo lotuta dago eta erritmoa eta harmonia oso ondo ateratzen dira, erraztasunez. Jarraian Marixi Sesma ateratzen da. Pieza erromantiko bat jotzen du, klarinetearen errejistro guztiak ikutzen ditu eta gainera esaldi luzeak eta espresiboak eskatzen ditu. Oso ondo betetzen du bere papela eta obra gustukoa gertatzen da. Hara, sorpresa! biolontxelo-joleari bi muxu ematen dizkio Marixik… beraz, berak idatzitako pieza zen. Bueno, bueno…

Atsedena pasa eta gero, argazki lehiaketaren saria eta gero (vaya… bandako neska bati tokatu zaio saria…. gero esango dute dena etxekoentzat geratzen dela.. baina merezi zuen) Marixi ateratzen da berriro eta Tartiniren Concertinoari ematen dio hasiera pianisimo interesgarri batekin. Pena izan da, baina anbulatzi batek ezin du bi kotxeen artean pasa eta erabaki du sirena joaz konponduko duela gauza. Klaro, jakina da, zarata aterata gauza gehienak konpontzen direla baita konponezinak ere.  Hau da gure kultura. Halako batean, anbulantziak bere bideari ekiten dio berriz eta segituan sirena itzali du…! Ene….! Marixik, hala ere, bukatzen du bere lana. Ondo koordinatuta dago orkestrarekin eta ondo borobildu du obra.

Azkenik Carlos berriro atera da eta klarineteko errepertorioko piezarik ederreenetako bat jotzera dator: Five Bagateles, Gerald Finzi-rena. Ondo hasi dira, baina badago desajuste bat edo beste, pena. Orkestra ez det oso ziur ikusten eta iruditzen zait momentu batzuetan tempoa ez dagoela ondo finkatuta. Pena. Hala ere, Carlos Casadó jaunak duen jotzeko era, sinistezina da. A ze kolore ederra….! Doinua armonikoz beterik dago eta izugarri ondo proiektatuta. Benetan jotzeko era erakargarria du. Esan leike, edozeinek entzungo balu, seguro gustatuko litzaiokela instrumentu eder hori.

 Kontzertu interesgarria izan da, desberdina. Eta ohituta gaudena baino finagoa. Kategoria.

San Pedro Abesbatza Itziarren

Filed under: Iritziak — memezabal @ 14:25

Gaur, abenduak 20, San Pedro Abesbatzak Itziarko Santutegian abestu du. Lehenengo mezan parte hartu du eta gero kontzertua eskeini du.  Nahiz eta eliza betea ez egon, jende dexente zegoen bertan, asko zumaiarrak. Sarasolaren Ave Maria izan da abestu duten lehenengo kanta, bertsio orijinalean, hau da, emakumeak soilik eta organoarekin lagunduta. Beti bezala, pieza xume baina eder honekin gertatzen dena, gaur ere gertatu da, bere harmonia disonanteak eta aberasgarriak xarma oso berezia eman dizkiote gure belarriei.

Meza bukatuta, Tomas Aragües haundiaren “Suite de Navidad” eskeini dute, Mari Karmen Azpeitia organojolearen laguntzaz hau ere. Organoaren beraren desafinazioak kenduta, esan behar da oso pieza interesgarria eta mami haundikoa suertatu dela. Beti da plazer haundia pieza hau entzutea. Oso zelekzio ona du, besteak beste, Ator-Ator, Adeste Fideles, Oi Bethleem, Aurtxo Maite… Aragüesen harmonizazioak beti dira atseginak. San Pedro Abesbatza ondo aritu da honetan ere nahiz eta agudo batzuk zailak izan.

Behera jetsita, gabonetako egitaraua kantatu dute. Oso polita izan da Non degu non abestia, hau ere ahots txuriekin. Eskeini duten bigarren zatia, oso-oso interesgarria izan da eta espresioz betea. Aipagarriak izan dira ere, hemendik astebetera Errenteriko Abesbatzen Lehiaketarako prestatu dituzten Aritz Adarrean eta Javi Bustok egindako Olentzero. Biak ondo kolokatuta egon dira. Esan leike Olentzerori apur bat alaitasuna falta izan zaiola. Iruditu zait korua, preokupatuta zegoela zenbait gauzekin: testua, buruz kantatu behar izana… Edozein kasutan enerjiaz beteta egon da eta oso itxura ona dauka.

Bukatzeko, Maite Irigoieni egindako aipamen berezia. Bera zen bezala, xumea eta diskretoa izan da baina emozioz betea. Benetan unkigarria “Egin Maite” kanta kontzertua bukatzeko jendartean eskeini dutena. Bi baino gehiago negar batean. Momentu benetan polita izan da,  non gure Maite burura etorri zaigu (inoiz alde egin baldin badu) eta gure bihotz erdi-erdian sentitu dugu. Eskerrik asko benetan, koruko lagunei horrelako momentua pasarazteagatik. Ez dugu ahaztuko.

Theme pack from WPMUDEV by Incsub.

Bad Behavior has blocked 2 access attempts in the last 7 days.