Musikountry

ZUMBeko Gabonetako Kontzertua

Filed under: Iritziak — memezabal @ 14:24

ZUMBeko lagunek aurten, Klarinete Maratoia eta Gabonak bat egin dituzte eta abenduaren 19an kontzertua eskeini zuten. Beste hainbeste ekitaldien arteko kontzertua izan da: ostiralean Kafe Musikala eta igandean beste bi kontzertu, Maratoiko amaierakoa alde batetik eta Camerata Cambrensis-ena bestaldetik. Asteburu aberatsa izan da musika arloan.

Lehenik eta behin esan  beharra dago, Zumaiako Mojaxarren Komentua gainezka zegoela. Jendea lurrean eserita zegoela ikusita egon zen bat edo beste atea ireki eta berriz buelta eman behar izan zuena. Eta harrigarriena: 18 urte beherako gazte asko. Batzuk, bandako partaide batzuen lagunak, beste batzuk musika inguruan dabiltzanak. Gurasoak, ezagunak eta baita ere…. Zumaian antolatzen diren kontzertu guztietan ikus daitezken aurpegiak. Hori da hori afizioa eta gustua. Zeozer egiten ari da ondo, alde batetik gazteak erakartzeko eta bestalde afizio finko bat sortzeko musikaren inguruan!

Arratsaldeko 7,30ak eta kontzertua hastera doa. Lehenengo pieza jotzeko bakarlari bat: ateratzen da eta…. joño! honek ez du ba bateria jotzen? Ostiralean kafe musikalean Kajoi Flamenkoa bikain jotzen aritu zen eta…. orain klarinete baxua, ez da makala gazte hau! Jon Zubimendi izena du, eta oraindik askotan aipatu beharreko izena izango da. Spotlights for clarinet, pieza moderno bat da, zailtasun erritmikoa alde batetik daukana eta bestalde, bere estiloa eta kutsua emateko beste zailtasun haundi bat. Klarinete baxua hasi zenerako, ikusi genuen bakarlariak zein landuta zuen pieza. Bere estiloa nahiko librea. Baina doinua haundia zen errejistro desberdinetan. Estilo aldetik ere, nahiko amerikanoa gelditu zitzaion. Ondo.

Jarraian, bandak askotan jotako Philip Sparken beste pieza bat. Hau berria: concert for clarinet. Bakarlari nor izango? Hara! Lehenengo klarinetea (pral deritzoguna) jeiki eta berak egin behar du bakarlariaren papera. Jose Luis Barredo (Txipi lagunek deitzen diogun bezala). Pieza hasi orduko ikusi genuen haren desparpajoa eta agilidadea. Oso ondo aritu zen. Batzutan banda fuerte xamar, zaila izan zen bakarlariaren ahotsa garbi entzutea. Horrelakoetan gertatzen da, baina egokia izango litzateke bolumenak ondo neurtzea.

Lehenengo zatia bukatzeko, Astor Piazzollaren pieza triste eta ederra: Oblivion. Bakarlaria, Nerea Alonso saxofoijolea. Eta gainera oraingo honetan saxo sopranoa jotzen. Zein ederra doinua! Espresibitatez beterik jo zuen, oso bibrato polita eta egokia erabiliz. Teknika haundia behar da bibratoa bere tamainan ibiltzeko, ez gehiegi eta ezta ere ezer. Bere momentuan eta bere tamainan oso errekurtso espresiboa suertatzen da. Eta Nereak halaxe erabili zuen. Ikusi nituen bat edo besteren begiak bustita…

Atsedenaldia iritsi eta zumaiar batek egindako ONG baten bi ordezkari atera dira euren lana azaltzeko asmoz. Oso ondo egin dute aurkezpena, ume hauek benetan behar dute gure laguntza eta beraien begietan hamaika kontu irakur daitezke. Hunkigarria, bai, hauen historia.

Bigarren zatian bi pieza entzun ahal izan ziren: El año del dragón eta Novecento. Oso estilo desberdinekoak biak. Lehenengo piezako 3. mugimendua bakarrik egin zuen ZUMBek, baina nahiko zailtasun bazegoen, beste beharrik gabe. Oso efektista, indar haundikoa. Marixi saiatu zen abiadura mantentzen eta esan daiteke lortu zuela. Nabaritu ziren bandaz kanpoko musikariak, errefortzuak metalezko tresnetan, indarra eta tinbre potentean.

Novecento, pasodoble sinfonikoa da. Oso fina, oso elegantea. Harmonia aberatsak, disonantzia sakonak. Tonalitate hauste nabarmenak baina beti konsonantzian amaiturik. Musikalki pieza haundia. Pasodoble arrunt bat baino gehiago dela esan genezake: pieza sinfonikoa dela esango nuke nik. Bigarren gaia benetan interesgarria. Oso ondo eramanda izan zen. Beharbada apur bat motela, pasodoble baten kutsua galtzeraino. Baina ikuslegoaren gustukoa izan zen, eta txalo zaparrada haundia izan zen.

Kontzertua ona izan zen. Jende askok ikusi zuen. Haien gustua nabarmena izan zen eta giroa erabat berotu zen bukaerako (batez ere kontutan hartuta kaleko giroa hotza baino hotzagoa zela…!!) Musikalki interesgarria eta ederra. Eta batez ere, emozioz beteriko momentuak egon zirela eta Musikaren eraginpean egon zirela ikusleak eta musikariak. Hori gertatzen denean, benetan ulertzen da musikaren poderioa eta mamia.

Camerata Cambrensis

Filed under: Iritziak — memezabal @ 13:29

Camerata CambrensisIgandea, abenduak 20. Asko komentatu den kontzertua: Camerata Cambrensis soka orkestra, Zumaiako konbentuan. Zuzendaria ateratzen da eta 40-50 urteko andre bat da, atzerritar itxurarekin, ingelesa edo. Kontzertuko lehenengo pieza hasten da, orkestra bakarrik. Oso doinu borobila, espresiboa eta konpaktua. Benetan traza ona hartzen du kontzertuak. Konbentuak bildu garen 60-70 pertsona gustura gaude: tokia dago lasai entzuteko eta musika ederra da. Eskuprograma irakurtzen det eta CJCT-k egindako sarrera mamitsu eta interesgarri bat dauka barruan, non kontzertuko oinarria azaltzen du. Datu interesgarriak eta azalpen musikolojikoak ematen ditu. Ikusten da oso ondo menperatzen duela gaia, bai.

Joan dira ateratzen bakarlariak. Lehenengo Carlos Casadó (CJCT) eta bere doinu guztiz menperatuta eta erabat borobila eta polita jo du lehenengo obra, Jacob Gordonena. Orkestrarekin ondo lotuta dago eta erritmoa eta harmonia oso ondo ateratzen dira, erraztasunez. Jarraian Marixi Sesma ateratzen da. Pieza erromantiko bat jotzen du, klarinetearen errejistro guztiak ikutzen ditu eta gainera esaldi luzeak eta espresiboak eskatzen ditu. Oso ondo betetzen du bere papela eta obra gustukoa gertatzen da. Hara, sorpresa! biolontxelo-joleari bi muxu ematen dizkio Marixik… beraz, berak idatzitako pieza zen. Bueno, bueno…

Atsedena pasa eta gero, argazki lehiaketaren saria eta gero (vaya… bandako neska bati tokatu zaio saria…. gero esango dute dena etxekoentzat geratzen dela.. baina merezi zuen) Marixi ateratzen da berriro eta Tartiniren Concertinoari ematen dio hasiera pianisimo interesgarri batekin. Pena izan da, baina anbulatzi batek ezin du bi kotxeen artean pasa eta erabaki du sirena joaz konponduko duela gauza. Klaro, jakina da, zarata aterata gauza gehienak konpontzen direla baita konponezinak ere.  Hau da gure kultura. Halako batean, anbulantziak bere bideari ekiten dio berriz eta segituan sirena itzali du…! Ene….! Marixik, hala ere, bukatzen du bere lana. Ondo koordinatuta dago orkestrarekin eta ondo borobildu du obra.

Azkenik Carlos berriro atera da eta klarineteko errepertorioko piezarik ederreenetako bat jotzera dator: Five Bagateles, Gerald Finzi-rena. Ondo hasi dira, baina badago desajuste bat edo beste, pena. Orkestra ez det oso ziur ikusten eta iruditzen zait momentu batzuetan tempoa ez dagoela ondo finkatuta. Pena. Hala ere, Carlos Casadó jaunak duen jotzeko era, sinistezina da. A ze kolore ederra….! Doinua armonikoz beterik dago eta izugarri ondo proiektatuta. Benetan jotzeko era erakargarria du. Esan leike, edozeinek entzungo balu, seguro gustatuko litzaiokela instrumentu eder hori.

 Kontzertu interesgarria izan da, desberdina. Eta ohituta gaudena baino finagoa. Kategoria.

San Pedro Abesbatza Itziarren

Filed under: Iritziak — memezabal @ 14:25

Gaur, abenduak 20, San Pedro Abesbatzak Itziarko Santutegian abestu du. Lehenengo mezan parte hartu du eta gero kontzertua eskeini du.  Nahiz eta eliza betea ez egon, jende dexente zegoen bertan, asko zumaiarrak. Sarasolaren Ave Maria izan da abestu duten lehenengo kanta, bertsio orijinalean, hau da, emakumeak soilik eta organoarekin lagunduta. Beti bezala, pieza xume baina eder honekin gertatzen dena, gaur ere gertatu da, bere harmonia disonanteak eta aberasgarriak xarma oso berezia eman dizkiote gure belarriei.

Meza bukatuta, Tomas Aragües haundiaren “Suite de Navidad” eskeini dute, Mari Karmen Azpeitia organojolearen laguntzaz hau ere. Organoaren beraren desafinazioak kenduta, esan behar da oso pieza interesgarria eta mami haundikoa suertatu dela. Beti da plazer haundia pieza hau entzutea. Oso zelekzio ona du, besteak beste, Ator-Ator, Adeste Fideles, Oi Bethleem, Aurtxo Maite… Aragüesen harmonizazioak beti dira atseginak. San Pedro Abesbatza ondo aritu da honetan ere nahiz eta agudo batzuk zailak izan.

Behera jetsita, gabonetako egitaraua kantatu dute. Oso polita izan da Non degu non abestia, hau ere ahots txuriekin. Eskeini duten bigarren zatia, oso-oso interesgarria izan da eta espresioz betea. Aipagarriak izan dira ere, hemendik astebetera Errenteriko Abesbatzen Lehiaketarako prestatu dituzten Aritz Adarrean eta Javi Bustok egindako Olentzero. Biak ondo kolokatuta egon dira. Esan leike Olentzerori apur bat alaitasuna falta izan zaiola. Iruditu zait korua, preokupatuta zegoela zenbait gauzekin: testua, buruz kantatu behar izana… Edozein kasutan enerjiaz beteta egon da eta oso itxura ona dauka.

Bukatzeko, Maite Irigoieni egindako aipamen berezia. Bera zen bezala, xumea eta diskretoa izan da baina emozioz betea. Benetan unkigarria “Egin Maite” kanta kontzertua bukatzeko jendartean eskeini dutena. Bi baino gehiago negar batean. Momentu benetan polita izan da,  non gure Maite burura etorri zaigu (inoiz alde egin baldin badu) eta gure bihotz erdi-erdian sentitu dugu. Eskerrik asko benetan, koruko lagunei horrelako momentua pasarazteagatik. Ez dugu ahaztuko.

Theme pack from WPMUDEV by Incsub.

Bad Behavior has blocked 2 access attempts in the last 7 days.