Musikountry

ZUMBeko Gabonetako Kontzertua

Filed under: Iritziak — memezabal @ 14:24

ZUMBeko lagunek aurten, Klarinete Maratoia eta Gabonak bat egin dituzte eta abenduaren 19an kontzertua eskeini zuten. Beste hainbeste ekitaldien arteko kontzertua izan da: ostiralean Kafe Musikala eta igandean beste bi kontzertu, Maratoiko amaierakoa alde batetik eta Camerata Cambrensis-ena bestaldetik. Asteburu aberatsa izan da musika arloan.

Lehenik eta behin esan  beharra dago, Zumaiako Mojaxarren Komentua gainezka zegoela. Jendea lurrean eserita zegoela ikusita egon zen bat edo beste atea ireki eta berriz buelta eman behar izan zuena. Eta harrigarriena: 18 urte beherako gazte asko. Batzuk, bandako partaide batzuen lagunak, beste batzuk musika inguruan dabiltzanak. Gurasoak, ezagunak eta baita ere…. Zumaian antolatzen diren kontzertu guztietan ikus daitezken aurpegiak. Hori da hori afizioa eta gustua. Zeozer egiten ari da ondo, alde batetik gazteak erakartzeko eta bestalde afizio finko bat sortzeko musikaren inguruan!

Arratsaldeko 7,30ak eta kontzertua hastera doa. Lehenengo pieza jotzeko bakarlari bat: ateratzen da eta…. joño! honek ez du ba bateria jotzen? Ostiralean kafe musikalean Kajoi Flamenkoa bikain jotzen aritu zen eta…. orain klarinete baxua, ez da makala gazte hau! Jon Zubimendi izena du, eta oraindik askotan aipatu beharreko izena izango da. Spotlights for clarinet, pieza moderno bat da, zailtasun erritmikoa alde batetik daukana eta bestalde, bere estiloa eta kutsua emateko beste zailtasun haundi bat. Klarinete baxua hasi zenerako, ikusi genuen bakarlariak zein landuta zuen pieza. Bere estiloa nahiko librea. Baina doinua haundia zen errejistro desberdinetan. Estilo aldetik ere, nahiko amerikanoa gelditu zitzaion. Ondo.

Jarraian, bandak askotan jotako Philip Sparken beste pieza bat. Hau berria: concert for clarinet. Bakarlari nor izango? Hara! Lehenengo klarinetea (pral deritzoguna) jeiki eta berak egin behar du bakarlariaren papera. Jose Luis Barredo (Txipi lagunek deitzen diogun bezala). Pieza hasi orduko ikusi genuen haren desparpajoa eta agilidadea. Oso ondo aritu zen. Batzutan banda fuerte xamar, zaila izan zen bakarlariaren ahotsa garbi entzutea. Horrelakoetan gertatzen da, baina egokia izango litzateke bolumenak ondo neurtzea.

Lehenengo zatia bukatzeko, Astor Piazzollaren pieza triste eta ederra: Oblivion. Bakarlaria, Nerea Alonso saxofoijolea. Eta gainera oraingo honetan saxo sopranoa jotzen. Zein ederra doinua! Espresibitatez beterik jo zuen, oso bibrato polita eta egokia erabiliz. Teknika haundia behar da bibratoa bere tamainan ibiltzeko, ez gehiegi eta ezta ere ezer. Bere momentuan eta bere tamainan oso errekurtso espresiboa suertatzen da. Eta Nereak halaxe erabili zuen. Ikusi nituen bat edo besteren begiak bustita…

Atsedenaldia iritsi eta zumaiar batek egindako ONG baten bi ordezkari atera dira euren lana azaltzeko asmoz. Oso ondo egin dute aurkezpena, ume hauek benetan behar dute gure laguntza eta beraien begietan hamaika kontu irakur daitezke. Hunkigarria, bai, hauen historia.

Bigarren zatian bi pieza entzun ahal izan ziren: El año del dragón eta Novecento. Oso estilo desberdinekoak biak. Lehenengo piezako 3. mugimendua bakarrik egin zuen ZUMBek, baina nahiko zailtasun bazegoen, beste beharrik gabe. Oso efektista, indar haundikoa. Marixi saiatu zen abiadura mantentzen eta esan daiteke lortu zuela. Nabaritu ziren bandaz kanpoko musikariak, errefortzuak metalezko tresnetan, indarra eta tinbre potentean.

Novecento, pasodoble sinfonikoa da. Oso fina, oso elegantea. Harmonia aberatsak, disonantzia sakonak. Tonalitate hauste nabarmenak baina beti konsonantzian amaiturik. Musikalki pieza haundia. Pasodoble arrunt bat baino gehiago dela esan genezake: pieza sinfonikoa dela esango nuke nik. Bigarren gaia benetan interesgarria. Oso ondo eramanda izan zen. Beharbada apur bat motela, pasodoble baten kutsua galtzeraino. Baina ikuslegoaren gustukoa izan zen, eta txalo zaparrada haundia izan zen.

Kontzertua ona izan zen. Jende askok ikusi zuen. Haien gustua nabarmena izan zen eta giroa erabat berotu zen bukaerako (batez ere kontutan hartuta kaleko giroa hotza baino hotzagoa zela…!!) Musikalki interesgarria eta ederra. Eta batez ere, emozioz beteriko momentuak egon zirela eta Musikaren eraginpean egon zirela ikusleak eta musikariak. Hori gertatzen denean, benetan ulertzen da musikaren poderioa eta mamia.

No Comments »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. TrackBack URI

Leave a comment

CAPTCHA Image CAPTCHA Audio
Refresh Image

Theme pack from WPMUDEV by Incsub.

Bad Behavior has blocked 2 access attempts in the last 7 days.