Musikountry

Con spirito ganbara orkestra & amp;María Zubimendi

Filed under: Iritziak — memezabal @ 15:59

Urtarrilak 23, larunbata. Orkestra bat etorri da Zumaira. Orain dela gutxi beste bat ikusi ahal izan genuen eta oraindik gogoan dugu. Izan ere, azkeneko bolada honetan orkestrak etortzen ari dira; ea jarraitzen duen bolada ona…!

 Harritzekoa iruditu zait Aita Mari Aretoaren aukeraketa. Ez da ez Zumaiko tokirik onena kontzertu bat jotzeko: akustika lehorra dauka eta goxotasunik ez du musikariarentzat. Egia da ere, beste askorik ez dagoela, baina egokiena behintzat ez da.

Sartu naiz aretoan eta 60-80 bat lagun ikusi ditut: ondo. Esku-programa hartu eta errepertorio klasikoa ikusi dut. Ez da harritzekoa ganbara orkestra batek jotzen ohi duen errepertorioa da. Klasizismotik kanpo ateratzen bazara, instrumentu gehiago behar izaten dira: metalak, klarineteak, fagotak, perkusionistak. Hala ere, ez da errepertorioa gehien harritu nauena: bakarlaria edota orkestra beraren aipamenik ere ez da egiten. Zuzendariaren izugarrizko kurrikuluma euskeraz. Ez da gutxi: 44 lerro!! Buelta eman diot eta…. alajaina!  Berriro kurrikuluma… baina gazteleraz! Beste 44 lerro!! Eta errepertorioaren aipamen historiko bat? eta bakarlariaren jaiotze data, adina, jaioterria, ikasketak…..? eta orkestraren nondik-norakoak?

Kontzertua hasi da. Aurkezpena egin du zuzendariak berak. Ondo (Maria Zubillaga¿?). Juan Crisostomo Arriaga konpositore bilbotarra izan zen. Bere garaian lortu zuen ospea. Entzun izan dut, “el Mozart español” deitu izan diotela. Oso gazte hasi zen musika idazten eta benetan linea melodiko polittak utzi zituen. Ospetsuena “Los esclavos felices” operako obertura. Benetan bikaina da. 21 urtekin hil zen gaixotasun bat zela medio. Gaur entzun duguna bere lehenengo obra izan da: obertura Fa minorrean op. 1. Horrek esan nahi du bere katalogo personalean, lehenengoa izan zela. Interesgarria. Orkestrak ez du gaizki egin, baina egon da koordinaketa faltaren bat edo beste. Soka, batez ere biolinak, ez dute enpaste ona lortu. Behar bada, Allegroa azkarregi hartu dute eta lehenengo biolinek zuten sarrera anakrusikoa ez dute ondo errespetatu besteek. Pena izan da, askotan errepekitatu delako. Baina bueno, kontzertuari hasiera emateko obra egokia iruditu zait.

Maria azaldu da bere akordeoi haundiarekin. Agurrak egin eta hasi da obra. Oso birtuosoa. Zaila. Azkartasuna eta agilidadea behar zen hori jotzeko eta gure zumaiar bakarlariak bikain bete du bere papera. Lehenengo mugimendua bukatu da eta jendea txaloka hasi da. Bueno….! Oraindik ere ez dakigu ondo non txalotu eta non ez. Bigarren mugimendua ederra izan da. Mugimendu motela eta oso lirikoa. Akordeoiaren doinua oso ondo sartu da orkestran eta benetako momentu politak egin dituzte. Oso ondo. Bukatu da bigarrena eta jendeak ikasi du ez dela txalotzeko unea: bueno… ze ondo! Behintzat behin gaizki eginda ikasi dugu. Hori da hori intelijentea izatea, akatsetatik ikastea. Hirugarren mugimendua iritsi da eta berriro hasi dira Mariaren hatzak azkar batean teklatuan gora eta behera. Askotan ematen zuen hegan egiten ari zirela. Hori da hori arintasuna eta indarra. Ezkerreko eskua ere, bajuak arintasunez tratatzen zituen. Oso ondo.

Akordeoi kontzertua bukatu da eta agurrak egin ondoren (lau aldiz atera da agurtzera) kontzertuko momenturik politena etorri da. Mariak propinatxo bat eskeini du bakarrik. Hori da hori musika egitea, izugarrizko gustuarekin, erritmoarekin eta sentimenduarekin. 15 urte egin berriak eta neska honek daukan talentua ez da ohikoa. Eszenatokoian duen ziurtasuna eta espresioa…!  Kontutan hartu behar da norberaren herrian jotzea beti izaten dela prueba latza: jende ezaguna eta “pánico escénico”a bikoiztu egiten dela. Gaur ikusi deguna ez da txantxa. Gure aurrean ikusi duguna benetako bakarlaria da, eszenatokian azaldu orduko beste dena atzean, bigarren planoan uzten duten horietakoa. Begiak bakarrik berarentzat izan dira eta hori aparteko gauza da, gutxik dutena. Bravo Maria!!

Bigarren zatian Mozart haundiaren 29. sinfonia eskeini digute. Oro har, motela izan da. Tempo gehienek bizitasun falta nabarmena izan dute. Andanteak, bigarren mugimenduak, fraseo falta ere izan du eta tensio musikalik ez du izan. Esan daiteke luzea izan dela. Eta musika luzea suertatzen denean, garbi dago zer gertatzen den: aspertu egiten du. Hori da hain zuzen gaur gertatu dena. Izan ere, Mozarten musika ondo jo ahal izateko, orkestra potentea behar da, eta obrak oso ondo landuta edukitzea. Tensio beteriko musika da: tensio musikala eta tensio erritmikoa. Gaur ez da hori dena gertatu. Sinfonia bukatu denean eskertu dugu propina bat eskeintzeko intentzioa. Baina eskertuko genuen zeozer berria eta ez azkeneko mugimendu osoa errepikatzea. Normalean, propinak egiten duena da kontraste bat bilatu. Eta batez ere, arau oinarrizkoena: propinak motza behar du izan. Baldintza hauek ere, ez dira bete. Pena bat.

Aipatzekoa: ideia bikaina iruditzen zait horrelako orkestra profesional edo erdiprofesionalak sortzea. Benetan apostu inportante bat da eta ausarta izan behar da aurrera ateratzeko. Pedro Palacín jaunak horixe egin du. Gaur bere lehenengo kontzertua eskeini du eta zorte onez Zumaian izan da. Suertia guretzako, klaro. Horrelako orkestra gehiago sortu beharko lirateke gipuzkoa mailan. Kontzertu itzela ez izatea ez da garrantzitsuena orkestra berri batentzako. Gehiago esango nuke: nahiko normala iruditzen zait. Baina demanda ezarekin ez dugu lortuko orkestra gehiago sortzea. Horregatik Zumaiako Udaletxeari zorionak ere emango nizkioke. Horrelako proiektuetan inbertitzea zuzena iruditzen zaidalako. Musika kultura da. Eta kulturarik gabe herri batek ez du historiarik, ez etorkizunik izango.

Tolosako Hodei-truk Abesbatza

Filed under: Zumaiatik Kanpo — memezabal @ 12:31

David AzurzaUrtarrilaren 3an, Tolosako Santa Klara komentuan Hodeiertz Abesbatzako filiala den Hodei-truk abesbatzak gabonetako ekitaldia antolatu du. Zuzendaria: David Azurza.

Pixka bat situatzeko, Tolosarra den zuzendari honek Tolosako bi ikastetxetan egiten du lan korala. 7 urtetik gorako umeekin hasten da lanean eta 18 urte bitarteko gazteekin bukatzen du, gutxi gora-behera, ikasleak kanpora ateratzen direnean unibertsitatea etabar. David Azurza Gipuzkoa mailan erreferente bat da gaur egun, teknika bokaleko maixu haundia delako eta abesbatzen munduan pertsonai garrantzitsu horietako bat bihurtu delako. Sarritan ikus daitezke berak egindako edota moldatutako piezak abesbatzari egokituak. Bere harmoniak ederrak dira beti, oso sakonak, ahots asko nahasten dituenak eta disonantziaren erabilera intelejentearekin. Bere azkeneko lana, telebistan ikusi ahal izango dugu hain zuzen: Oh happy Day programan. Bertan Hodei-truk Abesbatzarekin hartuko du parte eta ziurrenik paper duina eta serioa egingo du.

Kontzertuaren lehenengo atalean, txikienak azaldu ziren (7-11 bitarteko umeak). Nahiz eta umeen seriotasun falta nabarmena izan, zaila izaten baita horrenbeste ume kontrolatzea guraso eta famili aurrean, emaitza oso ona izan zen. Adin horretako umeei primeran egokitutako kantak eskeini zituen Davidek, hitz jokuekin, era guztietako keinuekin eta antzerki apur batekin. Kanta batzuk joku moduan. Beste batzuk kantu soilean. Baina denak ere, musikalki interesgarriak eta ondo eginak.

Bigarren zatian, beste talde bat azaldu zen. 12-18 urte bitartekoak hauek. Gehienak neskak, gertatzen ohi den bezala. Hiru mutil koxkor. Denera 20 partaide. Lehenengo kantua hasi orduko…. aaah! beste mundu bat. Hori da hori doinua, tinbrea eta enpastea! David bezalako maixu batek ateratzen duen emaitza eskeiniaz: ahotsaren kolokazioa zuzen-zuzena, proiekzioa eta kolorea. Taldeak ezin hobeto sonatzen du. Aipagarria benetan, Davidek berak harmonizatutako Birjiña-maite gabon kanta herrikoia. Zein ederra! Ematen zuen, ehundaka ahots bata bestearekin nahastuta, ederki nahastuta, zeudela. Gusto ikaragarriz eta erabateko oreka lortuaz.

David Azurzaren zuzendari lana beti izaten da indartsua eta energiaz betea. Ikusten zaio dena ematen duela, ez baitzaio gehiegizko gramu bat bera ere antzematen gorputzean. Dana nerbioa eta kemena. Eta dana teknika, motibazioa eta gusto musikala. Luxu bat horrelako musikari haundi bat  herrian edukitzea.

Edozeini gomendatzen diot abesbatza honetako kontzertu bat ikustea eta zuzendari hau ezagutzea. Ez da urrutira joan behar: Tolosan bertan bizi da eta bertan egiten du lan. Askotan pentsatzen dugu oso urrutira joanda, pertsona itzelak ezagutuko ditugula eta askotan horrela izango da. Baina gertuan, gure herrian bertan baditugu ere eta justua da bakoitzari berea ematea eta bertakoak ezagutzea.

Lan itzela egiten ari da David Azurzak Tolosako hainbat eta hainbat gaztekin. Lan garrantzitsua benetan musika erakustea eta kantuan aritzea: errespetua, harmonia, elkar-lana… gaur egun hain beharrezkoak diren gaiak lantzen dira musikaren bitartez. Zein lan ederra! Asko dira lan bikaina egiten ari diren irakasleak gipuzkoa mailan baina haien artean beti punta-puntuakoa izango da David Azurza maixu Tolosarra. Zorionak!

Theme pack from WPMUDEV by Incsub.

Bad Behavior has blocked 2 access attempts in the last 7 days.