Musikountry

ZUMBen Kontzertu Didaktikoa 2011

Filed under: Sailkatugabeak — memezabal @ 5:19

“Otsailak 13, Igandea. Eguerdiko 12:30ak eta Zumaiako Komentuan Udal Bandak kontzertu didaktikoa emateko prest. Aurten goiz xamar antolatu dute. Normalean maiatza aldean izaten dela esango nuke, baina tira, beti da momentu egokia kontzertu bat ikusteko eta entzuteko.

Komentua ez da toki zaila jendez betetzeko baina ala ere, jende asko zegoela iruditu zait. Atzekaldea jendez beteta, elizan bezela, klaro, komentuan gaude eta…

Banda atera da eta baita Luis zuzendaria ere. Eta hara non daukagun lehenengo sorpresa. Gazte rubiyoa jaiki… tira… saxofoia jotzen duena, aurkezpenak eta egiten dituena…. hori, Ibon!.. eta Holandari buruzko sarrera egiten du, Museum-a etabar, eta gainera atzerritarrez!… ke tio!

Bandako hauek, beti zeozer berria asmatzen! Kontzertu bakoitza giro eta gai desberdin batekin. Ez dira makalak! ”

Laburbilduz. Aurkezpena eta azalpenak Ismael Manterolak egin zituen eta bera gabe eta bere azalpenik gabe kontzertuko haria eta nondik-norakoa ez litzateke ulertuko. Hiru kuadro desberdinen azalpena egin zituen eta jarraian bandak, De Meij-ek idatzitako obraren bidez musikalki deskribatzen zituen. Oso interesgarri suertatu zen kontzertuko haria. Derrigorrezkoa Ismaelen papela, nork egoki-egoki deskribatu eta azaldu zituen kuadro guztiak. Oso detaile zehatzak eta interesgarriak, kuriosuak askok.

Bandak oso ondo interpretatu zuen obra. Zer esanik ez tabernako giroaz…! Hura zen festa, hura! Baina pentsatu gabe lan hura erraza denik. Azkenean musikoak ohituta gaude partitura bat irakurtzen eta bertan ipintzen duena eskeintzen, gure aldetik apenas ezer gaineratu gabe, normalean geldi-geldi eta serio-serio. Ez da erraza horrekin haustea eta antzezlana egitea, nahiz eta parranda giroa egin behar izan. Oso-oso ondo bandako musikariak!

Musikalki ere oso interesgarria suertatu zen. Bandak tinbrea eta afinazioa zaindu zituen eta emaitza benetan ikusgarria izan zen. Tinbrika aldetik, doinu berriak entzun genituen: gitarra (oso ondo!), Korno Inglesa (bikaina) eta zailagoa oraindik… kantuan bandako neskak, eta gainera benetan ederki. Giro aparta sortu zuten!

Atzoko kontzertua desberdina izateaz aparte, oso kultura maila altukoa izan zen. Benetan eskertzekoa da banda egiten ari den lana kultura  arloan eta musika arloan. Pertsonalki, nire txaloa ematen diet eta animoak jarraitzeko eta jarraitzeko. Bide horretatik oso ondo goaz! Zorionak! 

Bertso Band

Filed under: Sailkatugabeak — memezabal @ 15:08

Musikountry bizirik dago. Hona hemen nire lagun on batek idatzitakoa:

Bertso Band: Amets Arzallus, Jon Maia & Lekitto Musika Banda.

Xabier Lete gogoan.

 

Hi Ibon, bi sarrera lortu dizkiat Ondarroako Bertso Band kontzerturako. Erantzun azkar. Bai edo bai”.

 

Eta konturatu orduko, biok hantxe, Ondarroako Kafe Antzokiaren barruan, emanaldia hasi zain. Musika Banda bat Kafe Antzokian? Aukeran, eszenatokia txikiegia, eta itxura guztien arabera, akustika aldetik, lehor xamarra ez ote da geratuko Musika Bandaren musika, kontuan hartuta aretoaren forma estua, eta ikusita Musika Bandarentzat ez dagoela “mikrorik”…

Aulkietan eseri bezain pronto (bai, Kafe Antzokian da emanaldia, baina tente ez gara egongo, egurrezko aulkiak jarri dituzte antolatzaileek), begiratu azkarra esku-programari. Banda hasiko da: Aires Vascos 1 (J. Franco) eta Highlights from “Chess” (ABBA taldeko kide batzuek idatzia, eta moldaketa, Johan de Meij-ena). Jarraian, bertsolariekin: Agur adixkidia (moldaketa Jabier Ituarterena), Elizan sartu ziradenian (Juanma Saenzek moldatua) eta Redeption Song (Bai! Bob Marleyrena!, Iñaki Urkizuk moldatua). Eta azken obra egitarauan, West Side Story. Baina hara, beste sorpresa bat! Ez da gehien jo izan den moldaketa, baizik eta Naohiro Iwaik egindakoa. Trebea da ba japoniar hau moldaketak egiten, ea ea…

 

Hi, lepo zagok hau”. Bai, jende pila bildu da Antzokian. Gehienak, eta alde handienarekin, edadeko jendea. Jubilatuak. “Normala, igande goizean gaztea ez da bertsotara joaten…”. Ezta musika banden kontzertuetara ere… goizetan ere ez!.

 

Hasi dira musikariak eszenatokira igotzen. Gazte jendea! Entzuten ez, baina, Lekittoko Bandan, gazteak nagusi! Hogei bat urte ingurukoak asko eta asko. Aibala! Josu eta Gorka debarrak ere bai. Denean behar da kanpokoen laguntza…

 

Hasi da emanaldia. Aurkezten, Amaia Uribe, Hitzetik Hortzera-n ateratzen dena. Igartzen da bai telebistan jarduten duela! “Ibilaldia 2010”-en aitzakian antolatu dutela, eta beste mila kontu interesgarri. Oso ondo.

 

Azaldu dira Amets eta Jon, agurrekoak bota, jarraian Urtzi Iriondo zuzendariari ongietorria eman, eta hasi dute musika banden euskal errepertorioan klasikoen artean klasikoenetakoa den Aires Vascos, lehen zenbakia. Euskal abesti ezagunen moldaketa da. Tartean, Boga-Boga. Bi tronpetek goxo-goxo jo dute bi ahotsetara. Normala, bat Gorka debarra izanda! Baina ezagun da saxo baritonoan Josu dagoela, hori da hori nota grabeekin tronpeten melodiari oinarri sendoa jartzea. Egia esan, hainbeste aldiz jota, hainbeste aldiz entzunda, ez da erraza Aires Vascos belarrian barrena gustura sartzea. Baina bai goxo jo dutela lekitxarrek!

 

Bigarren obra ere, ezaguna. Chess. “Hi Ibon, ez duk motza”, bota dit belarrira. Bai, luzeegia. Polita da, baina denok desiatzen gaude Amets eta Jon entzuteko. Luze joan da Chess

 

Eta iritsi da momentua. Azkeneko hilabeteetan ZUMBen tertuliarako gaia izan duguna: Bertso Band. Ofizioka aurrena (Agur adixkidia) eta gero, bakarka (Elizan sartu ziradenian, Ametsek eta Redemption Song, Jonek). Kuriositate bat: konturatu bertsolariei (batzuei?) izenarekin deitzen diegula? Ohitura berria ematen du.

Bertsolaritzan aditua izan ez (aritua ere ez!), eta hortaz, hobe musika kontuetan zentratzea (nahiz eta hemen ere aditua ez izan. Hau da hau!). Oso aipagarria bertsolarien abildadea, bertsoa botatzerakoan musikaren erritmoa nola jarraitzen duten ikusita. Igartzen da ez dela ez bataren ez bestearen erritmoa, eta tartean-tartean fortzatuak dirudite, baina aizue, ez dira makalak! Batzuetan, Urtzi zuzendariak nahikoa lan dauka musika bandaren sekzio erritmikoa azkarregi ez joaten… garbi dago, musikariek bertsolariak entzun behar dituzte, eta haien erritmoari segi. Oraintxe bizkortu, gero mantsotu, eta beti, bertsolarien menpe egon. Emaitza oso ona da. Bertsotik bertsora, gainera, bandak egiten duen “akonpañamentua” aldatu egiten da. Bertso batean, perkusiorik ez, hurrengoan, perkusio eta guzti, kolore polita emanez. Hori bai, lizentzia hartu ote liteke, eta esan, batzuetan bihurriegia dela bandaren akonpañamentua? Edo apreziatzen zaila behintzat bai… bai, Antzokia ez da egokiena musika banda entzuteko.

 

Redemption Song bereziki aipatu behar da. Amaia Uribe aurkezlearen arabera, Jon Maiak (oraingoan, abizenarekin) sarri kantatzen omen du Bob Marleyren doinu hau. Zoragarria da doinua, eta moldaketa ere bai. Agur adixkidia eta Elizan sartu ziradenian “oso euskaldunak” diren bezalaxe, honek beste ukitu bat dauka. Perkusioa askoz ere presenteago eta erritmoak oso erakargarriak dira. Oso polita. Jendea pozik, eta txalo zaparrada galanta jaso dute guztiek. Ondo merezita!

 

West Side Story ere sorpresa izan da. Bandak bakarrik egin du. Moldaketa ezezaguna, baina oso entzungarria. Naohiro Iwai hau ezagutzen dugu ZUMBen, eta bai, artista da moldaketak egiten.

 

Erlojuari begiratu… eta ia ordu eta erdi emanaldia hasi dela! Eta orduantxe, eguneko momentua. Beno, egunekoa… edo zergatik ez, bizitzaren memorian ondo iltzatuta geratuko den momentua. Urtzi zuzendariari congak pasa dizkiote perkusionistek. Eta hasi da habanera-erritmoa egiten, xuabe-xuabe. Eta halako batean, flauta, goxo-goxo, saxo baritonoak lagunduta… “Xabier Leteren habanera” da. Ez al zen Peñagarikano izan behin kantatu zuena, “zeinen doinu polita den Xabier Leten habanera”…

Konturatzerako, Ametsek eta Jonek Kafe Antzoki osoa kantari jarri dute:

Jaio giñen, bizi gera

ez dugu ezer eskatzen

itsasontzia astiro

kaiatik ari da urruntzen.

Antillak zintzilik daude

argazkien paretetan

karta bat idatziko dut

norbaitek erantzun dezan.

 

Hunkituta denok, txalo zaparrada ederra jaso dute bertsolariek eta Lekitto Musika Bandak. Merezi izan du Ondarroarako goiz-pasak. Bertsoa, Musika Banda, eta Xabier Lete. “Eskerrik asko, Toba, gonbidatzeagatik!”.

 

Ibon Manterola

Emakumearen eguneko kontzertua

Filed under: Sailkatugabeak — memezabal @ 8:55

Martxoak 7, igandea. Arratsaldeko 7ak. Urtero bezala, Udaleko Kultura Sailak Emakumearen Eguna ospatzeko beste zenbait ekitaldien artean, kontzertua antolatu du.

Kontzertura inguratu nintzen, ezer idazteko asmo haundirik gabe. Izan ere, konturatu naiz uste baino jende gehiagok irakurtzen duela nire blog pertsonala eta batzutan nire hitzak ez direla ondo ulertzen. Atzoko kontzertuko komentariorik idazteko asmorik ez nuen, eta azkeneko “ekaitza” eta gero nahiago nuen ixil-ixilik geratzea, bestela ere gaizki irakurri nahi denean, nahiko aitzaki izaten da edozer gauza izatea. Atzoko kontzertua, beraz, zer esanik ez. Etxekoak…

Ez da nire asmoa “barrer para casa” esaten dena.  Baina atzoko kontzertua ikusita eta entzunda, zaila da niretzat ezer ez esatea, nire buruketak ez adieraztea. Eta etxekoak ez goraipatzeko, ez dut aipatuko Marixiren pianisimo itzelak, proiekzioa edota horren ondo landutako aurkezpena bideo proiekzioa eta guzti. Ez dut ere aipatuko Amaiaren karakterra pianoan, azkeneko piezako sarrera izugarria edota gaitasuna estilo desberdinei izugarri ondo moldatzeko pianoa jotzen. Ez, ez da nire intentzioa.

Hitzegin dezagun bada, kanpotik etorritako sopranoari buruz. Zer nolako ahotsa! Horixe izan zen atzo komentariorik entzunena. Benetan izugarria izan zen atzo entzundako sopranoa. Potentea, teknikoki oso ona, beti afinatua, ahotsa ondo kolokatuta, errejistro aldaketen arrastorik ez, estilo desberdinak jorratuz eta beti ondo kokatua. Ez da asko jakin behar atzokoa oso ona izan zela jakiteko. Publikoa ere, pozik zegoen. Txaloetan igertzen zen eta aurpegietan ere.

Errepertorioa zaindua eta fina izan zen. Maila haundikoa. Eskertu behar da, Zumaian eskeintzen diren kontzertu hauek. Kultur mailan nahiko ondo kokatuta dago herri hau beste askorekin konparatuta. Hori aprobetxatu egin behar da eta aurrera, beti aurrera begiratu.

 Enfin, atzokoa asko gustatu zitzaidan. Eskerrik asko urtero kontzertu interesgarriak, bariatuak, eta aberasgarriak  eskeintzeagatik. Portzierto, atzo horrenbeste gustatu zitzaigun sopranoa, musika eskolako irakaslea da. Bai, bai. Biolineko irakaslea eta orain, zorionez, kantua ere irakasten du. Ikasi beharko dugu etxekoa baloratzen. Hori da lehenengo pausoa. Eta gero kanpokoa.

Iruditzen zait nahiko justua geratu zaidala komentario hau. Nahiko ondo enteratu nintzen kontzertuaz, ezta baietz? Eta hori ordenagailuekin ibili nintzela irudiak zaintzen. Izan ere, bi gauza batera egiteko gai banaiz… edo hori uste dut, behintzat.

Theme pack from WPMUDEV by Incsub.

Bad Behavior has blocked 2 access attempts in the last 7 days.