Neuronak (Idazlea III)

Idazlea desesperatuta zegoen.
Berriz.
Orri zuriaren aurrean eserita zegoen, boligrafoa eskuan hartuta, zer idatzi ez zekiela.
Bere neuronek lan egiteari uko egin ziotela zirudien.
—Azken ahalegin bat —erregutu zuen gorantz begira, neuronek bere begirada tristea jarraituko balute bezala.
Baina neuronek ez zioten jaramonik egiten.
Burmuinean sakabanatuta zeudela zirudien, batak bestearen berri izan gabe, harremanik gabe, ideiarik sortuko zuen kontakturik egin gabe.
Idazlea desesperatuta zegoen. Boligrafoa orriaren gainean jarriz kontzentratzen saiatu zen. Ahalegin berezia egin zuen, indarrez, kopeta izerdi-tanta txikiz estaltzeraino saiatuz.
Eta bat-batean… han zegoen! Txinparta baten modukoa sentitu zuen burmuina astinduz! Neuronek elkar konektatzean sortutako elektrizitate-karga igarri zuen, bidean gerturatzen den trenak eragindako bibrazioaren antzekoa.
Bere buruan iturri zahar bat zabaldu zela iruditu zitzaion, hoditeriaren astindua sumatzen zuen, eta adi-adi gelditu zen, hodiaren beste aldetik iristear zegoen jarioaren zain. Boligrafoa tinko heldu zuen eskuan, iritsiko zen isuria harrapatzeko prest.
Urrutian sentitutako dardarizoa gerturatuz joan zen, bere gorputzera zabalduz, besotik azkar jaitsi eta eskuraino iritsiz. Azkenik, hatzetan sentitu zuen inurridura, boligrafoa orri zuriaren gainean dantzan hasi zen, eta konturatzerako hitz batzuk agertu ziren paperean:

OPORRAK BEHAR DITUGU

Gehiago irakurri

Excuse me

Londresera iritsi orduko ingelesezko lehen ikasgaia eman zion aitak:
—Ingelesak oso edukazio onekoak dira —azaldu zion sei urteko semeari—. Beraz, zuk beti “Excuse me” esan jende guztiari.
Aitaren harridurarako berehala egin zion kasu semeak. Aireportuan trolleya bultzaka zebilela “Excuse me” esaten zien parean jartzen zitzaizkion guztiei. Hotelera iritsita ere halaxe esan zien igogailuaren zain aurrean zituztenei, eta haiek barrez erantzun zioten gizon txiki bat zela iritzita. Bazkaltzeko orduan, berdin jardun zuen buffeteko errenkadan aurretik zituen gizon-emakumeekin, eta guztiek erantzuten zioten hitz goxoekin, aitaren harrotasunerako.
Aita pozarren zegoen. Semea bihurria zela esan zioten gehiegitan, eta Londresen erakusten ari zen jarreraz harro zegoen. Iluntzean, telefonoz hitz egin zuten etxekoekin eta berehala esan zion semeak amari bere lehen egunean ingelesa ikasi zuela.
—Badakit ingelesez ama! —oihukatu zuen telefonotik pozik.
—Benetan? —galdetu zion amak—. Zer ikasi duzu esaten?Excuse me (Ander Hormazuri)
—Excuse me! —erantzun zion harrotasunez ondoan zuen aitari begira.
—Eta zer esan nahi du horrek? —jarraitu zion amak ezjakinarena eginez.
—Kendu paretik! —itzuli zion azkar semeak, eta aitari mundua lurrera erori zitzaion.

Gehiago irakurri

Gaixoa

Gizona ikustean ikaratu egin naiz.
Poliki irten da autotik, mina hartzeko beldurrez bezala. Argala dago, ezin argalago. Disimuluz begiratzen ahalegindu naiz, nabarmen ez aritzeko, baina ezin diot bista gainetik kendu.
Aurpegia bi begi handik betetzen diote, beste ezer ez. Azala masailean itsatsita bezala dauka, azala eta hezurraren artean inolako haragi edo giharrik ez balego bezala. Kamiseta tiranteduna darama soinean, eta albotan ageri zaizkion beso iharrek zuhaitz zahar baten adar lehorrak ekarri dizkidate gogora.
Ikusi orduko ikaratu egin naiz, gaixotasun larria duen pertsona bati begira nagoela konbentzituta.
—Begira horri —esan diot Itziarri disimuluan—. Gaixotasun terminala duen norbait izango da?
Itziarrek arraro begiratu nau.
—Zu erotu egin al zara? —galdetu dit nire harridurarako—. Ez al zara gogoratzen gaur dela mendiko ultramaratoia?
Are ikaratuago begiratu diot orduan kirolariari galtza motzak janzten dituen bitartean.

Gehiago irakurri

Alburruna

Sanferminetako txupinazoarekin batera jaio zen alburruna.
Txanpan eta kalimotxo tragoen artean jaio zen, pozik, festa-giroan bizi-bizi!
Alburrunaren jabeak, berehala igarri zuen hark eragindako azkura, baina ez zion garrantzirik eman. “Joango duk!” pentsatu zuen, eta jai-giroan jarraitu zuen gustura.
Bazkalosteko kuba-ronek bizi-poza eman zioten alburrunari, eta zezen-plazako meriendan irentsitako txorizo eta tripakiek gorpuztu zuten. Goizean jaiotako bolatxoa, pin-pon pilota mardula bihurtu zen iluntzerako!
Bere jabeak gero eta azkura deserosoagoa igartzen zuen atzealdean baina, Sanferminetan ez zen ba horretaz kezkatuko! Azkar bururatu zitzaion irtenbidea:
—Anestesiatu eta kito! —erabaki zuen, eta gogotsu ekin zion lanari.
Gaueko kuba-ronen artean zoriontasuna aurkitu zuen alburrunak. Hura zen bere giroa! Bikaintasunerako bidea!
Bere jabea, aldiz, gero eta baldarrago zebilen. Anestesiak  ez zizkion ipurdiko minak kentzen, baina balantza ederrak eragiten zizkion bestalde.
—Utikan! —oihukatu zuen minari eutsi ezinik, eta espaloi gainera ipurdiz erortzen utzi zen bere ezinegona kitatu nahian.
Txupinazoarekin batera jaiotako alburruna, Sanferminak gorriz tindatu zituen odol-txupin baten modura lehertu zen festaren estasian murgilduta.

Gehiago irakurri

Ogitarteko suizida

Ogitartekoa triste zegoen.Bokata (Ander Hormazuri)
Mespretxatua sentitzen zen, arbuiatua. Ez zen gustagarria, ez zen gozoa… ez zuten nahi.
Arratsaldean prestatu zuten. Ogi egin berria zabaldu eta tartean urdaiazpiko-egosi freskoa sartu zioten. Gustagarria edozein haurrentzat, edo, hala uste zuen berak behintzat.
Amak haurrari eskaini zionean muzin bat egin zuen honek berehala.
—Jo, ama! Gaur ere urdaiazpikoa! Ez det nahi! —eta ogitartekoa ukitu ere egin gabe bizkarra eman zion amari.
Amak, haserre, ogitartekoa eskutan jarri zion haurrari.
—Jateko esan dizut! —agindu zion zakar—. Zer da ba ume hau, jateko delikatua!
Haurrak ogitartekoa hartu eta lurrera bota zuen. Ogitartekoak mina sentitu zuen bere ogi xamurrak lur gogorra kolpatu zuenean, eta triste sentitu zen.
“Ez naute gustuko” pentsatu zuen berriz, eta horrek, bere tristura areagotu zuen.
Amak haurra lagunekin jolastu gabe zigortu zuen. Ogitartekoa karrotxoaren gainean jarri zuen eskolako karpetarekin batera, eta haurra eskutik helduta abiatu zen mandatuak egitera.
—Jan beharko dezu ba! —bota zion haserre haurrari, baina, honek, ezetz egin zion buruarekin egoskor, badaezpada ahoa zabaldu ere egin gabe.
Ogitartekoak ika-mika karrotxoaren gainetik jarraitu zuen, bere tristuraren belztasunean murgilduta. Handik ikusi zituen amaren haserrea eta haurraren kopeta iluna. Karrotxotik ikusi zuen herriko plazara gerturatzen ari zirela, eta orduan hartu zuen erabakia. Bere buruaz beste egingo zuen.
Herriko plazaren erdira iristean egin zuen salto karrotxotik, bi aldiz pentsatu gabe. Bazekien nork estimatuko zuen bere gozotasuna.
Eta inor konturatu aurretik ahateen urmaelera egin zuen jauzi.

Gehiago irakurri

Kafesnea

Leioako kafetegian kafesne bat eskatu dut.
—No te entiendo —erantzun dit zerbitzariak lehor.
Pazientziarekin hartu eta poliki ahoskatzen saiatu naiz.
—Ka-fes-ne bat —esan diot ahoa asko zabalduz.
—¡Que no te entiendo! —errepikatu dit berak kopeta are gehiago ilunduz.
Haserre, amore ez ematea erabaki dut. Hizkuntza unibertsalaren laguntzaz, behatz bat jarri diot begien parean eta hitz magikoa errepikatu dut:
—Kafesne.
—¡Te he dicho que no te entiendo! —bota dit zakar, baina ni ere ez nago atzera egiteko gogoz.
Kosmopolitarena egitea erabaki dut orduan, eta honela eskatu diot:
—White coffee, please.
Zerbitzariak begiradarekin birrindu nau, baina oraingoan buelta eman eta kafesne bat prestatu dit gogo txarrez. Katilua barra gainean utzi eta muturra okertuz prezioa esan dit:
—Un euro veinte —bota du kopetilun, eta nik, kafesnea lasai zurrupatzen dudan bitartean honela erantzun diot:
—Ez dizut ulertzen.

Gehiago irakurri

Malkoak (Katua eta IV)

Begi berdeak malkoz bete zaizkio berriz.
“Katuek ez dute negar egiten” esan dio bere buruari.
Baina berriz malkotu zaizkio begiak.
Katua zoriontsua izan da. Orain arte.
Nagusiaren laztanak jaso ditu etengabe. Jakirik gozoenak dastatu ditu. Ohe berean egin dute lo. Zoriontasuna ezagutu du katuak bere bizitza labur horretan. Baina amaitu da.
Banatu direnean amaitu da.
Banaketa pixkanaka joan da gertatzen, oharkabean, baina gertatu da.
Katua gero eta bakartiago sentitu da etxean, gero eta urrunago. Nagusia maiztasun handiagoz hasi da kalera irteten, gauez irteten eta berandu itzultzen. Eta itzultzean, katuaren ferekei ez die jaramonik egin, begiradei muzin egin die. Urruntzen joan da, pixkanaka.
Katuak, bere begi berdeez jarraitu du nagusiaren urruntzea, egunez egun mina sentituz, egunez egun malkoak irentsiz.
Gehiago jasan ezin izan duen arte. Orduan, bere buruaz beste egitea erabaki du katuak eta leihotik egin du salto. Baina alperrik. Katuek zazpi bizitza dituzte.
Behin eta berriz errepikatu du ahalegina, eta seigarren jauziaren ondoren kikildu egin da. Badaki zazpigarrenean hilko dela, eta horregatik nagusiari azken aukera ematea erabaki du.
Etxeko atearen aurrean eseri da, nagusia noiz itzuliko zain, eta goizeko ordu txikitan atea zabaltzen sumatu duenean begira geratu da.
Bere begi berdeen intentsitate guztiarekin begira.

Gehiago irakurri

Argazkia

Emakumeak elkarren ondoan jarri dira, pozik kamerari begira.
Gizonak dauka kamera eskutan, eta argazkia ateratzeko aurpegi parera jaso du. Aurrean dituen lau emakumeak argazki eder batean nahi ditu jaso, oroigarri polita izango delakoan.
Kamera tinko eutsi du, ongi fokatuz, emakumeak eta haien atzean ageri den Eiffel dorrea primeran erretratatu nahian.
—Egin irribarre! —eskatu die emakumeei.
Baina emakumeek ez dute irribarrerik egin, argazkirako prest jarraitu duten arren.
Zertarako egin irribarre aurpegia burkaz estalia dutenean?
Klik.

Gehiago irakurri

Bizitzak (Katua III)

—Ezin nuen bere begirada gehiago jasan —azaldu diot ertzainari—. Horregatik hil dut.
Polizia-etxeko gela txiki batean nago, bi ertzainen aurrean eserita, eskuak loturik.
—Ez nuen hil nahi —errepikatu diet—. Maite nuen, benetan maite nuen. Baina ezin nuen horrela jarraitu.
—Askotan entzun dugu hori —erantzun didate hotz zigarroen kearen atzetik.
—Kalera irteten nintzen bakoitzean errudun sentitu arazten ninduen —ahalegindu naiz azaltzen—. Lagunekin parrandan egon ondoren etxera itzultzeko beldur izaten nintzen, bere begi berde akusatzaileekin topo egiteko beldur. Ezin nuen horrela bizi.
—Horregatik hil duzu? —galdetu dit berriz bi ertzainetan altuenak.
—Bai —erantzun diot malko artean—. Parrandatik itzuli eta han zegoen, zain, bere begi berdeez begira. Mozkorraren oldarraldia izango zen, baina, eromenak jota unean bertan hil dut. Zazpi bizitza izango zituela uste nuen, eta berpizten ikusi nahi nuen, benetan! Baina, lehenengoan hil da. Ez da gehiago mugitu.
—Zergatik diozu zazpi bizitza izango zituela? —galdetu dit bigarren ertzainak.
Harrituta begira gelditu natzaio.
—Katua zelako —erantzun diot harriduraz.
Bi ertzainek elkar begiratu dute eta gela txikitik atera dira, haserre.
Mozkorren ziegan pasarazi didate gaua, bakardadean.
Nire kontzientzia damutuaren konpainiaz.

Gehiago irakurri

Hegazkina

Irudia: Ander HormazuriBetidanik jakin zuen hegazkin batean hilko zela. Eta hegazkin batean hil zen.
Hegazkinak makina hiltzaileak baino ez ziren bere ustez. Ez zuen ulertzen milaka kilo pisatzen duen traste batek airean egotearen arrazoia. Ez zuen zentzurik.
Hegazkinera igo aurretik hasten zen bere kalbarioa. Urduri jartzen zen, egingo zuen eguraldiaren beldur etengabe zerura begira: euria egiten bazuen gaizki, lur-hartzea zailduko zuen. Haizea bazegoen okerrago, hegazkinak danbatekoak jasango zituen. Lainotuta bazegoen ere ondo ez, turbulentziak izango zituzten.
Urduri ematen zituen hegazkinera igo aurreko orduak, baita igo ondorengoak ere.
Leihatilatik urrun esertzeko ahalegina egiten zuen, korridorearen ondoan, altueraren beldur. Baina bere izua ezin zuen ezkutatu, eta ondoan zuen edonori kontatzen zion bere jasanezina:
—Eroriko gara! —iragartzen zuen eseri orduko—. Horrelako traste bat ezin da airean egon. Denak hilko gara!
Erabat konbentzituta baitzegoen gazte hiltzekotan hegazkin batean izango zela. Eta halaxe hil zen.
Bihotzekoak jota.

Gehiago irakurri

prev posts