Sukaldariak erronka jo zion munduari:
—Niretzat berria den zapore bat ekartzen didanak egunero izango du nire jatetxean doako jatordua —bota zuen oldarkor munduko telebista guztien aurrean.
Berehala sortu ziren jende-ilarak jatetxe ezagunaren aurrean, jakina baitzen bertan jateko mundu guztiko agintari, zinema-izar zein erregek hilabeteak eta urteak itxaron behar izaten zituztela. Saria ez zen beraz nolanahikoa!
Mundu guztitik etorritako jendea azaldu zen sukaldaria harrituko zuten zapore berriak erakutsi asmoz. Oihanik ezkutuenetan eta mendi-lerro garaienetan bildutako osagai, jaki zein espeziak ekartzen zituzten baina, guztiak bidaltzen zituen bueltan sukaldariak, denak baitzituen ezagun:
—Hau Tiber ibaiko alga da —esaten zien batzuei beraien jakia dastatu orduko, edo—. Al-Mahuni Sha handiak zerbitzatu zidan behin zuk ekarritako espezia —esaten zien besteei.
Ez zegoen sukaldariak ezagutzen ez zuen zaporerik eta, ondorioz, hilabeteak aurrera joan ahala jende-ilarak desagertzen joan ziren bere jatetxe aurretik.
Egun batean, itxura ziztrineko agure bat inguratu zitzaion sukaldariari eskutan lapiko zahar bat zeramala.
—Ezagutzen zaitut —esan zion sukaldariak agurea ikusi orduko—. Zu kale bazterrean diru-eske egoten den agurea zara. Eskean al zatoz?
—Zuk inoiz probatu ez duzun zopa bat ekarri dizut —erantzun zion agureak sukaldariaren harridurarako.
Sukaldariak barre egin zion agureari, baina bere zilarrezko koilara sartu zuen lapiko zaharrean. Agurearen zopa dastatu zuenean, ordea, aho zabal gelditu zen, begiak malkoz beteta.
—Hau da! —oihukatu zuen pozik—. Hau da behar nuen zapore berria!
Agureak irribarre egin zuen, jakin baitzekien aurrerantzean errege eta agintarien artean jatea izango zuela doan.
—Nondik atera duzu horrelako jaki harrigarria? —galdetu zion sukaldariak besarkada artean.
—Egunero afaltzen dudan zopa prestatu dizut —erantzun zion eskaleak lasai asko—. Zure sukaldetik zaborretara botatzen dituzuen hondakinekin prestatu ohi dudan zopa.
Audio clip: Adobe Flash Player (version 9 or above) is required to play this audio clip. Download the latest version here. You also need to have JavaScript enabled in your browser.

Ez dago iruzkinik hemen: "Zaporea"