Joder! Eta orain Sanpedroak!
Lagunak egunak zeramatzaten barrez, oraingoan nola moldatuko zen ikusi zain.
—Zer? —galdetzen zioten barre artean—. Txinotara joango al haiz berriz tindagai bila?
Berak muzin egiten zien baina, ez zuen irtenbide errazik ikusten. Bere janzkeraren beltza mantendu nahi zuen, ez zuen bere nortasuna hautsi nahi baina, aldi berean, Sanpedrotan gorriz janzten ziren koadrilak. Festa batzuk urdin, besteak gorri. Hau komeria!
Buruari buelta ugari eman zizkion, halako batean, hondartzatik zetozen Alemaniar batzuk ikusita irtenbidea bururatu zitzaion arte.
Koadrilen eguneko goiza itsasoan pasa zuen. Aitonaren txalupa hartuta joan zen, han eguzkia gogorrago egongo zenaren esperantzan. Kamiseta kendu eta inolako kremarik eman gabe etzan zen eguzkia hartzera. Goiz osoan ez zen mugitu, gorputzeko azal guztia gorri-gorri eginda ikusi zuen arte.
Arratsaldean harro atera zen kalera, oraingoan lortu zuela konbentzituta. Galtza motxak baino ez zituen jantzi, azaleko gorritasunak gorputza bero mantentzen ziolako. Lagunak ohiko tabernan topatu zituen, kamiseta gorriak soinean zituztela. Azala gorri-gorri eginda sartzen ikusi zutenean zur eta lur gelditu zitzaizkion begira.
—Oraingoan ederra egin dek! —bota zion Aitorrek barrez eta, konfirmazio moduan bizkarreko eder bat eman zion.
Lagunaren atzamarrak bere azal gorrituan igarri bezain pronto jabetu zen bere ideiaren akatsaz.
Izarrak ikusi zituen.
Audio clip: Adobe Flash Player (version 9 or above) is required to play this audio clip. Download the latest version here. You also need to have JavaScript enabled in your browser.

Ez dago iruzkinik hemen: "Beltza gorri"