Boligrafoak oporrak eskatu dizkit.
—Oporrak? —harritu naiz—. Zer egingo duzu baina oporretan?
—Kostara joango naiz —erantzun dit boligrafoak lotsagabe—. Atsedena behar dut, hilabeteak daramatzat zure mikroipuinak idazten! Tinta lehortzen hasi zait hemen.
—Kostan bizi gara, ordea —gogoratu diot boligrafoari.
—Bai, baina hau udan frantsesez beteta dago —esan dit tinta astinduz—. Giroa aldatzeko gogoa daukat. Landetara joango naiz.
Barre egin diot nik.
—Landetara? Han frantsesak eta euskaldunak baino ez daude! Zein giro aldatuko duzu?
—Zuk oporrik ez didazu eman nahi! —oihukatu dit haserre tinta zipriztinduz—. Esplotatzailea! Konbenioz oporrak dagozkit eta, bueltatzen naizenean teklatua edo arkatzagatik aldatu banauzu salaketa jarriko dizut!
Tinta borborka ikusi diodanean boligrafoaren estresaz ohartu naiz eta, arrazoi duela esan diot, oporrak behar dituela eta abuztu osoan ez dugula mikroipuin gehiago idatziko.
—Ados —esan dit baretuta—. Idatziko dizut postalen bat hondartzatik —eta hau esanda bakarrik utzi nau koaderno aurrean.
Blog bat boligrafoz idazteagatik merezita daukadala erabaki dut, eta labea stand-by egoeran jarri dut iraila arte.
Audio clip: Adobe Flash Player (version 9 or above) is required to play this audio clip. Download the latest version here. You also need to have JavaScript enabled in your browser.

Ez dago iruzkinik hemen: "Oporrak"