Barea bidearen erdian zegoen, lasai, gorputza umeltzen zion euriaz gozatzen. Poliki, bide-ertzeko belarretatik atereaz barraskilo bat inguratu zitzaion.
—Zer? Bustitzen? —galdetu zion barraskiloak bareari—. Etxerik ez dualako duk hori! —bota zion lotsagabe.
Bareak ez zion jaramonik egin eta, han jarraitu zuen, arratseko euriaz gozatzen.
—Gure etxe honek baditu abantailak —jarraitu zuen barraskilo handikiak—: euriarekin babesa ematen digu, hotzarekin goxotasuna eta, eguzki galdatan gaudenean, itzala. Horregatik gara barraskiloak bareak baino preziatuago.
Barea ernegatzen hasia egon arren ez zion erantzun, baina, barraskilo arrandiak berdin jarraitu zuen:
—Zer sentitzen da hain balio gutxikoa izanda? —galdetu zion barraskiloak buruko antenak zeken mugituz.
Erantzuna entzuteko aukerarik ez zuen izan, une hartan esku erraldoi bat agertu baitzen euri artetik eta, barraskiloa airean altxatuz plastikozko poltsa batean sartu zuen.
—Lasaitasuna sentitzen da! —oihukatu zuen bareak barraskiloak poltsa barrutik entzun zezan—. Jaki bezala ere ez gara preziatuak eta, horrek, lasaitzen nau!
Eta bidearen erdian luze etzanda jarraitu zuen, arratseko euriaren umeltasunaz lasai gozatuz.
Audio clip: Adobe Flash Player (version 9 or above) is required to play this audio clip. Download the latest version here. You also need to have JavaScript enabled in your browser.

Ez dago iruzkinik hemen: "Barraskiloa eta barea"