Trinitatea

Semea jaio zenean zuhaitz bat oparitu zioten. Zuhaitza baino, kimua zen, lorontzi batean landatutako arte txiki baten kimua.
—Pertsona osoa izateko, seme-alabaren bat izan, zuhaitza landatu eta liburu bat idatzi behar da —azaldu zioten oparia ematean. Hitzez hitz hartu zuen berak esandakoa eta, zuhaitza eta semea bazituenez liburua idaztea erabaki zuen.
Zuhaitza lorontzian eta semea bere amarekin utzi zituen liburua amaitu arte. Bitartean, gela batean sartu eta liburu idazten arituko zen bera. Sututa ekin zion lanari, bat-batean ohartu baitzen beretzat zein garrantzitsua zen erabateko pertsona izatea, bere trinitatea osatzea.
Egunak eman zituen gelatik irten gabe, paperak eta paperak boligrafoz betez, emaztea eta seme jaio berria ikusi ere egin gabe. Emaztea tarteka gelan sartzen zen berekin hitz egin nahian baina, berak, gelatik bidaltzen zuen bakean utz zezan. Liburua amaitzen zuenean egongo zen familiarekin eta, orduan, pertsona handiagoa izango zen, osatuagoa. Orduan preziatuko zuten bere balioa. Semea ere, aitaz harro egongo zen hazten zenean, bere trinitatea osatu zuelako.
Egunak, ordea, hilabete bilakatu zitzaizkion eta, liburua amaitu zuenerako ez zen etxean beste inor gelditzen. Emazteak agur gutuna utzi zion sukaldean, erotuta zegoela zioen gutuna eta semearekin urrutira zihoala. Berari berdin zitzaion: bera dagoenekoz aita zen eta bere trinitaterako horrek berdin balio zuen.
Balkoira joan zen jarraian, pala bat hartu eta denbora hartan lorontzian egondako zuhaixka mendian landatzeko prest. Baina lorontzian ihartutako adar bat baino ez zuen aurkitu. Zuhaitzari kasurik ez zion egin hilabete haietan, ez urik bota ez ezer.
Bere trinitatea eskuan zuen orri pilo hartara mugatu zitzaion kolpera. Haizeak kale bazterretan zabaldu zituen orriak balkoitik salto egin zuenean.

Audio clip: Adobe Flash Player (version 9 or above) is required to play this audio clip. Download the latest version here. You also need to have JavaScript enabled in your browser.

Trackback URL

Iruzkin bat hemen: "Trinitatea"

  1. Soro
    2009/09/10 - 0:06 Permalink

    Oso polita! Abestiak dioen bezala “Zaindu maite duzu hori”

Aupa! Utzi zure iruzkina:

BAIMENDUTAKO XHTML ETIKETAK:

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>

Iruzkinetara harpidetu