Bufanda jantzi duenean egin du lehen aldiz doministiku.
Lankideek ikaratuta begiratu diote eta, nagusiak, bulegotik oihu bizian etxera joateko agindu dio. A gripea harrapatu duela pentsatuta kalera atera da beldurtuta, etxera azkar joan eta oheratu asmoz.
Jendez beteta dagoen autobusera igo da baina, bide erdian doministiku egin duenean gainerako bidaiariak izutu dira. “Gripea dauka” oihukatu du norbaitek eta autobusetik bota dute berehala, ezagutzen ez duen kale-bazter batean utziz.
Ikaratuta ospitalera joatea erabaki du. Oinez egin du bidea, doministiku bakoitzarekin kaletarren begirada ilunak sentituz bere bizkarrean. Ospitalera iritsita A gripea duela esan bezain azkar sartu dute gela zuri batean: esterilizatutako laborategia dirudi eta, han, astronauten antzera arropa isolatzailez goitik behera jantzitako bi pertsona inguratu zaizkio.
—Erantsi arropa guztiak —agindu diote maskaren atzetik—. Oso kutsakorrak dira eta erre egin behar ditugu ezer baino lehen.
Biluzten hasi da azkar, doministiku artean. Bufanda kendu du lehenik eta hau ukitzean desberdin nabaritu du. Artilearen gozotasunak gogora ekarri dio berak ez duela artilezko bufandarik erabiltzen.
Artileari alergia dio.
Audio clip: Adobe Flash Player (version 9 or above) is required to play this audio clip. Download the latest version here. You also need to have JavaScript enabled in your browser.

Ez dago iruzkinik hemen: "Doministikua"