Golarekin batera hasi dira oihuak gure auzoan.
Salto batean jaiki naiz sofatik eta, auzo-lagun guztiekin batera atera naiz leihora oihu egitera.
—Goooooooooool!!!! —oihukatu dugu guztiok aldi berean.
Pareko etxean bizi den gizona ikusi dut balkoian saltoka, pozik. Bere taldearen kolorez hornitutako kamiseta darama soinean eta, txanpan botila zabaldu du oihu artean.
—Goooooooooool!!!! —oihukatu dugu berriz etxe batetik bestera elkarri poz keinuak eginez.
Auzoa erotu dela dirudi. Mundua une batez gelditu eta, etsipen guztiak ahaztuta elkarrekin pilota baten balentriak ospatzen aritu gara.
Pixkanaka aurpegi alaiak leihotatik desagertzen joan dira, telebista aurreko beraien tokitara itzuliz.
Nik ere leihoa itxi dut, irribarretsu eta, sofara itzuliz irakurtzen ari nintzen liburua hartu dut berriz esku artean. Ez dakit nortzuk ari diren jolasten eta, ez zait inporta.
Ez zait futbola gustatzen.

Ez dago iruzkinik hemen: "Gola"