Asmoak

Urtea amaitzearekin batera urte berrirako asmo onen zerrenda prestatu zuen.
Hasteko erretzeari utziko zion.
Ez zuen parrandarik egingo.
Edateari utziko zion.
Lan bila hasiko zen.
Zakartasunak utzi eta ingurukoekin atsegina izango zen. Etxekoekin bereziki.
Kirola egiten hasiko zen.
Liburu bat irakurriko zuen.
Zerbait ikasten hasiko zen, hizkuntzaren bat beharbada.
Botila erdi hutsik ikusi beharrean, bete-xamar ikusiko zuen.
Finean, orain zen alproja zekena izateari utzi eta, pertsona hobeagoa bilakatuko zen.
Horiek ziren urte berrirako bere asmoak. Urte-zaharreko kanpai-hotsak entzutearekin batera behin eta berriz bere buruari errepikatzen zizkionak, hamabigarrenaren ondoren pertsona hobea izango zela konbentzituta.
Familiarekin batera mahatsak jaten hasi zen: dong, bat, erretzeari utziko diot. Dong, bi, ez dut gehiago parranda egingo. Dong, hiru, edateari utziko diot.
Hamabigarrenera iritsi zenerako mahatsak, asmoak eta kanpai-hotsak nahasita zituen. Azken mahatsa eztarrian trabatu zitzaion eta xanpainarekin bultzada ematen saiatu zen baina, lehen zurrutadarekin ohartu zen edateari uzteko asmoa apurtzen ari zela. Alde batetik xanpaina botatzen hasi eta bestetik mahatsa gehiago trabatu zitzaion.
Asmo onek itota hil zen.

Audio clip: Adobe Flash Player (version 9 or above) is required to play this audio clip. Download the latest version here. You also need to have JavaScript enabled in your browser.

Trackback URL

Ez dago iruzkinik hemen: "Asmoak"

Aupa! Utzi zure iruzkina:

BAIMENDUTAKO XHTML ETIKETAK:

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>

Iruzkinetara harpidetu