Elur-panpina

Leihotik inguru guztia zuri ikusi zuenean, elur-panpina egitera jaistea erabaki zuen.
Alaba txikiaren betiko ilusioa izan zen etxe aurreko lorategian elur-panpina egitea. Behar ziren traste guztiak hartuta jaitsi zen bera, elurra urtu aurretik lorategian panpina egin asmoz.
Panpina handia egitea erabaki zuen, elur nahikoa zegoela aprobetxatuz.
Lehen elur-bola lorategia aldez alde zeharkatuz bildu zuen, ia gerriraino iristen zitzaion bola egin arte.
Bigarren elur-bola, gorputzari zegokiona, txikiagoa egin zuen, oreka mantendu nahian. Eta hirugarren bola txikiarekin errematatu zuen panpina, ia-ia bular pareraino iristen zitzaion elur-panpina ederra osatuz.
Alaba txikiaren tamainakoa.
Lorategian jasotako bi adarrekin egin zizkion besoak eta, sukaldetik ekarritako azenario eder bat eta galleta pare batekin sudurra eta begiak. Panpina alabaren tamainakoa zenez, honen bufanda eta neguko txapelarekin jantzi zuen, baita haren eskularruak jarri ere adarren muturretan.
Elur-panpina erabat osatuta ikusi zuenean etxera itzuli zen, panpina ederra egin zuela iritzita, alabaren gustukoa seguruenik.
Leiho ondoan eseri zen orduan, etxearen epeltasunaz gozatuz, lorategira begira. Handik primeran ikusten zuen elur-panpina, goiza zuritzen zuen eguzkipean argitsu.
Baina goizak aurrera egin ahala, eguzki-leun hark panpinaren edertasuna pixkanaka bereganatzen zuen, bere gorputz-hotza osatzen zuten elur-malutak ur bilakatuz. Sudurra izan zen lehena erortzen eta haren atzetik joan ziren beso eta begiak. Elur-bolaz osatutako panpina, pixkanaka urtzen hasi zen, bizia tantaz-tanta isuriz.
Alaba txikiak isuri zuen moduan.

Trackback URL

Ez dago iruzkinik hemen: "Elur-panpina"

Aupa! Utzi zure iruzkina:

BAIMENDUTAKO XHTML ETIKETAK:

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>

Iruzkinetara harpidetu