Haize bolada bortitzek ez zioten Aneri lo hartzen uzten. Zuhaitzetako adarrek astintzean ateratzen zuten zarata, kalean hegan zebiltzan kaxa eta trasteek ateratako hotsak eta, bere gelako pertsianaren astinduek ikaratu egiten zuten.
—Lasai egon —azaldu zion aitak ohean eserita—. Zikloi txiki bat baino ez da eta laster amaituko da.
—Zer da zikloia aita? —galdetu zion Anek oraindik lasaitu ezinik—. Dorothyren etxea airean eraman zuenaren antzeko zerbait?
Galdera garrantzitsua zen hura Anerentzat, Ozeko aztia baitzen bere ipuin gogokoena eta Dorothy bertako protagonista.
—Antzeko zerbait da —erantzun zion aitak gabon muxu bat emanaz.
Goxo egin zuen lo Anek gau hartan, eta haizearen orroek Ozeko lurralderaino eraman zituzten bere ametsak. Dorothyren etxearekin gertatu bezala, zikloiak airean eraman zuen bere logela Ozeraino eta, han, txorimaloarekin, letoizko gizonarekin eta lehoi beldurtiarekin batera aritu zen borrokan sorgin gaiztoak mendean hartu arte.
Goizean, esnatu zenean, bizi-bizi jarraitzen zuen ametsetako abenturak bere gogoan. Ez zen haizearen zaratarik gehiago entzuten eta pozik jaiki zen ohetik, zikloia amaitu zela ikusita. Berehala bururatu zitzaion aitari kontatu behar ziola gaueko ametsa, Hiri Esmeraldan egon zela esan behar zion, Dorothy bezala zikloiak airean eramanda.
Pozik, gelako pertsiana altxa zuen egun-argia ikusteko irrikan eta, leihotik kanpora begiratu zuenean harrituta gelditu zen.
Ez zuen bere etxe ingurua ezagutzen.
Audio clip: Adobe Flash Player (version 9 or above) is required to play this audio clip. Download the latest version here. You also need to have JavaScript enabled in your browser.

Ez dago iruzkinik hemen: "Zikloia"