Antonio eskorpioia inguru hartako demokratetan demokratena zen. Norbaitek nahigabe berekin topo egiten bazuen, edo hitz txarren bat esaten bazion, azkar jasotzen zuen erantzuna:
—Antidemokratikoa zara! —oihukatzen zuen Antoniok.
Bizitoki zuen aintziraren bizilagun guztiekin aritzen zen berdin. Bidean topatzen zuen edonori aurpegiratzen zion ibilbide demokratikoaren falta, inolako salbuespenik gabe.
—Ez zarete demokratikoak —oihukatzen zien txoriei—. Zuek hegan joan eta besteak lurrean uzten gaituzue.
—Demokratak ez dira arrastaka ibiltzen —esaten zien sugeei—. Beste guztien parean aritu behar zarete.
—Zuen hizkuntza inposatu nahi diguzue —botatzen zien arrainei—. Guk ezin dugu ur azpian hitz egin, beraz, antidemokratiko inposatzaileak zarete.
Inguruko animalia, hegazti eta antzeko guztiekin aritzen zen berdin Antonio eskorpioia, bere demokratikotasuna aldarrikatuz behin eta berriz.
Halako batean, aintziran bizi zen ahate zahar bat inguratu zitzaion Antoniori, honen harrokeriaz gogaituta.
—Zergatik uste duzu zu beste inor baino hobea zarela? —galdetu zion ahateak Antoniori—. Zergatik uste duzu zu zarela inguruko demokrata bakarra?
Antoniok irribarre zeken bat azaleratu zuen eta bere eskorpioi ezten pozoitsua erakutsi zion ahateari.
—Ni naiz inguruko demokrata bakarra —ziurtatu zuen eztena astinduz—, nire pozoiak ez baitu bereizmenik egiten handi edo txiki, ahate edo eskorpioi. Batzuentzat zein besteentzat eragin bera du nire pozoiak. Demokratikoki.
Audio clip: Adobe Flash Player (version 9 or above) is required to play this audio clip. Download the latest version here. You also need to have JavaScript enabled in your browser.

Ez dago iruzkinik hemen: "Demokrata (Dortoka eta eskorpioia II)"