Pasilloaren amaierako gelan argia piztuta zegoen.
Gelako atea ez zegoen erabat itxita, zirrikitu bat ageri zen zabalik eta, handik, gelako argi leunak ihes egiten zuen korridorearen iluntasunean galduz.
Gelako argia piztuta zegoen.
Eta berak ez zuen piztu.
Korridorearen hasieran zegoen, pauso gutxi batzuetara sumatzen zen argi zirrikitu hari begira. Etxean bakarrik zegoen eta, berak, ez zuen gelako argia piztu. Ez zen gelan sartu.
Ez zelako gela hartan sartzen.
Gaixotasun eta saminez betetako oroitzapenak baino ez zituen gordetzen gela hark, hautsez betetako jostailu eta panpina artean. Horregatik ez zen gela hartan sartzen.
Inoiz.
Gelako atea ere itxita egoten zen beti baina, oraingoan, zirrikitu bat zuen zabalik, argiari ihes egiten uzten zion zirrikitua.
Pauso labur batzuk egin zituen aurrera korridorean. Bere burua zalantzan jarri zuen, erotzen hasi ote zen pentsatu zuen oinak poliki mugitzen zituen bitartean. Bazen horretarako garaia, baina ez zitzaion halakorik gertatu. Ez zuen uste behintzat.
Pauso bakoitzak mina eragingo balio bezala mugituz iritsi zen gelaraino. Atearen aurrean gelditzean zirrikitutik ageri zen argiari begiratu zion, itsututa, eta bere barne demonioei aurre egitea erabaki zuen.
Atea bultza eta azken pauso batekin gela barrura sartu zen.
Une horretan itzali zen argia.
Audio clip: Adobe Flash Player (version 9 or above) is required to play this audio clip. Download the latest version here. You also need to have JavaScript enabled in your browser.

Ez dago iruzkinik hemen: "Argia"