Katu baten bila ibili naiz, baina ez dut aurkitu.
Ez naiz animalia-denda batera joan, nire moduko katua nahi dudalako: katu librea, kalera ohitua dagoena, hezigaitza. Horrelakorik ez da dendatan aurkitzen, kalean baizik.
Alde zaharreko kaletan barrena aritu naiz katu bila, jakina baita herri guztietako alde zaharrak direla katuen gordeleku gogokoenak, baina, hango katuak ohituegiak daude kaleko bizimodura, eta berehala egin didate ihes.
Handik nenbilela txikitan jolas-toki genuen katu-kaleaz oroitu naiz eta ziztu bizian joan naiz bertara hango katuak eskuragarriagoak izango direnaren esperantzan. Baina Katu-kalean etxe berriak egiten ari dira orain, eta katuak goxo bizi dira bertako adreilu eta porlan-zakuen artean etzanda.
Baserrian bizi diren lagunengana jo dut ondoren, baserritarrek beti izaten dituztelako etxean saguak kontrolpean izango dituzten katuak. Nire beharra azaldu diet lagunei, baina barre egin didate, nire xelebrekeria baino ez delakoan.
Ikusten duzu katu bila aritu naizela, gogoz aritu gainera, baina ez dut katurik aurkitu. Horregatik nago oraindik hemen, zurekin hitz egiten, azken zerbeza beharko zukeena eskuan dudala eguna argitzeko zain.
Sikiera katua zain izango banuke etxera itzultzeko arrazoiren bat izango nukelako, baina, horrela, ez daukat etxeratzeko arrazoirik.
Etxean bakardadea baino ez dudalako zain.

2010/04/30 - 10:30 Permalink
Josuuuu!!!!!
badaukat katua!!! Ze aitzaki erabiliko dut orain????
2010/05/04 - 15:34 Permalink
Seguru zerbait asmatuko dezula! Asmatzen dezunean kontatu eta nik idatziko det bigarren partea!