Ipuina

Parkean nagoela ipuin txiki bat bururatu zait.
“Aste honetako mikroipuina listo!” poztu naiz berehala. Azkar ohartu naiz, ordea, etxera itzultzerako ahaztuta izango dudala, nire burua halakoa baita, eta lehenbailehen idaztea erabaki dut.
Beti izaten ditut pare bat boligrafo aldean, baina papera falta zait oraingoan. Haurraren poltsa arakatu dut, baina han ez dago ezer. Inguruko paretak miatu ditut, erabil dezakedan kartel baten bila, baina inoiz baino garbiago dago gure auzoa.
Portal bateko publizitate-postontzira inguratu naiz orduan. Orri solte batzuk daude bertan. Pare bat hartu eta boligrafoa atera dut berehala. Publizitate-orriak satinatuak dira, plastiko modukoa dute azalean eta boligrafoak ez du hor idazten. Bigarren boligrafoarekin ahalegindu naiz orduan. Honek bai, honek idazten du, baina tinta ez da lehortzen. Ez daukat beste boligraforik, ezta beste orririk ere. Arriskatzea erabaki dut ondorioz.
Ipuina amaitu dudanerako orria zikinduta agertzen da, han hemenka tinta zabaldu delako, baina letrak ongi nabaritzen ez diren arren ipuina irakurri daiteke oraindik. Patrikan gorde ditut orriak, iluntzean ordenagailura pasatzeko.
Horixe izan da etxera itzultzean egin dudan lehen gauza. Ordenagailu aurrean eseri, orriak atera eta ipuina garbira pasatzeko prestatu naiz. Baina orrietan ezin da ezer irakurri.
Tinta erabat zabaldu da.
Nire burmuinak arakatu ditut orduan, arratsaldean bururatutako ipuinaren arrastoren bat aurkitu nahian, baina hasi aurretik badakit ahalegina alperrikakoa dela. Nirea arrainen memoriaren parekoa da.
Pantaila hutsari begira gelditu natzaio, hatzak teklatu gainean jarrita.
Aste honetan ere, ez dago mikroipuinik.

Audio clip: Adobe Flash Player (version 9 or above) is required to play this audio clip. Download the latest version here. You also need to have JavaScript enabled in your browser.

Trackback URL

Ez dago iruzkinik hemen: "Ipuina"

Aupa! Utzi zure iruzkina:

BAIMENDUTAKO XHTML ETIKETAK:

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>

Iruzkinetara harpidetu