Bizitzak (Katua III)

—Ezin nuen bere begirada gehiago jasan —azaldu diot ertzainari—. Horregatik hil dut.
Polizia-etxeko gela txiki batean nago, bi ertzainen aurrean eserita, eskuak loturik.
—Ez nuen hil nahi —errepikatu diet—. Maite nuen, benetan maite nuen. Baina ezin nuen horrela jarraitu.
—Askotan entzun dugu hori —erantzun didate hotz zigarroen kearen atzetik.
—Kalera irteten nintzen bakoitzean errudun sentitu arazten ninduen —ahalegindu naiz azaltzen—. Lagunekin parrandan egon ondoren etxera itzultzeko beldur izaten nintzen, bere begi berde akusatzaileekin topo egiteko beldur. Ezin nuen horrela bizi.
—Horregatik hil duzu? —galdetu dit berriz bi ertzainetan altuenak.
—Bai —erantzun diot malko artean—. Parrandatik itzuli eta han zegoen, zain, bere begi berdeez begira. Mozkorraren oldarraldia izango zen, baina, eromenak jota unean bertan hil dut. Zazpi bizitza izango zituela uste nuen, eta berpizten ikusi nahi nuen, benetan! Baina, lehenengoan hil da. Ez da gehiago mugitu.
—Zergatik diozu zazpi bizitza izango zituela? —galdetu dit bigarren ertzainak.
Harrituta begira gelditu natzaio.
—Katua zelako —erantzun diot harriduraz.
Bi ertzainek elkar begiratu dute eta gela txikitik atera dira, haserre.
Mozkorren ziegan pasarazi didate gaua, bakardadean.
Nire kontzientzia damutuaren konpainiaz.

Trackback URL

Ez dago iruzkinik hemen: "Bizitzak (Katua III)"

Aupa! Utzi zure iruzkina:

BAIMENDUTAKO XHTML ETIKETAK:

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>

Iruzkinetara harpidetu