Malkoak (Katua eta IV)

Begi berdeak malkoz bete zaizkio berriz.
“Katuek ez dute negar egiten” esan dio bere buruari.
Baina berriz malkotu zaizkio begiak.
Katua zoriontsua izan da. Orain arte.
Nagusiaren laztanak jaso ditu etengabe. Jakirik gozoenak dastatu ditu. Ohe berean egin dute lo. Zoriontasuna ezagutu du katuak bere bizitza labur horretan. Baina amaitu da.
Banatu direnean amaitu da.
Banaketa pixkanaka joan da gertatzen, oharkabean, baina gertatu da.
Katua gero eta bakartiago sentitu da etxean, gero eta urrunago. Nagusia maiztasun handiagoz hasi da kalera irteten, gauez irteten eta berandu itzultzen. Eta itzultzean, katuaren ferekei ez die jaramonik egin, begiradei muzin egin die. Urruntzen joan da, pixkanaka.
Katuak, bere begi berdeez jarraitu du nagusiaren urruntzea, egunez egun mina sentituz, egunez egun malkoak irentsiz.
Gehiago jasan ezin izan duen arte. Orduan, bere buruaz beste egitea erabaki du katuak eta leihotik egin du salto. Baina alperrik. Katuek zazpi bizitza dituzte.
Behin eta berriz errepikatu du ahalegina, eta seigarren jauziaren ondoren kikildu egin da. Badaki zazpigarrenean hilko dela, eta horregatik nagusiari azken aukera ematea erabaki du.
Etxeko atearen aurrean eseri da, nagusia noiz itzuliko zain, eta goizeko ordu txikitan atea zabaltzen sumatu duenean begira geratu da.
Bere begi berdeen intentsitate guztiarekin begira.

Trackback URL

Ez dago iruzkinik hemen: "Malkoak (Katua eta IV)"

Aupa! Utzi zure iruzkina:

BAIMENDUTAKO XHTML ETIKETAK:

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>

Iruzkinetara harpidetu