Ogitartekoa triste zegoen.
Mespretxatua sentitzen zen, arbuiatua. Ez zen gustagarria, ez zen gozoa… ez zuten nahi.
Arratsaldean prestatu zuten. Ogi egin berria zabaldu eta tartean urdaiazpiko-egosi freskoa sartu zioten. Gustagarria edozein haurrentzat, edo, hala uste zuen berak behintzat.
Amak haurrari eskaini zionean muzin bat egin zuen honek berehala.
—Jo, ama! Gaur ere urdaiazpikoa! Ez det nahi! —eta ogitartekoa ukitu ere egin gabe bizkarra eman zion amari.
Amak, haserre, ogitartekoa eskutan jarri zion haurrari.
—Jateko esan dizut! —agindu zion zakar—. Zer da ba ume hau, jateko delikatua!
Haurrak ogitartekoa hartu eta lurrera bota zuen. Ogitartekoak mina sentitu zuen bere ogi xamurrak lur gogorra kolpatu zuenean, eta triste sentitu zen.
“Ez naute gustuko” pentsatu zuen berriz, eta horrek, bere tristura areagotu zuen.
Amak haurra lagunekin jolastu gabe zigortu zuen. Ogitartekoa karrotxoaren gainean jarri zuen eskolako karpetarekin batera, eta haurra eskutik helduta abiatu zen mandatuak egitera.
—Jan beharko dezu ba! —bota zion haserre haurrari, baina, honek, ezetz egin zion buruarekin egoskor, badaezpada ahoa zabaldu ere egin gabe.
Ogitartekoak ika-mika karrotxoaren gainetik jarraitu zuen, bere tristuraren belztasunean murgilduta. Handik ikusi zituen amaren haserrea eta haurraren kopeta iluna. Karrotxotik ikusi zuen herriko plazara gerturatzen ari zirela, eta orduan hartu zuen erabakia. Bere buruaz beste egingo zuen.
Herriko plazaren erdira iristean egin zuen salto karrotxotik, bi aldiz pentsatu gabe. Bazekien nork estimatuko zuen bere gozotasuna.
Eta inor konturatu aurretik ahateen urmaelera egin zuen jauzi.

Ez dago iruzkinik hemen: "Ogitarteko suizida"