Neuronak (Idazlea III)

Idazlea desesperatuta zegoen.
Berriz.
Orri zuriaren aurrean eserita zegoen, boligrafoa eskuan hartuta, zer idatzi ez zekiela.
Bere neuronek lan egiteari uko egin ziotela zirudien.
—Azken ahalegin bat —erregutu zuen gorantz begira, neuronek bere begirada tristea jarraituko balute bezala.
Baina neuronek ez zioten jaramonik egiten.
Burmuinean sakabanatuta zeudela zirudien, batak bestearen berri izan gabe, harremanik gabe, ideiarik sortuko zuen kontakturik egin gabe.
Idazlea desesperatuta zegoen. Boligrafoa orriaren gainean jarriz kontzentratzen saiatu zen. Ahalegin berezia egin zuen, indarrez, kopeta izerdi-tanta txikiz estaltzeraino saiatuz.
Eta bat-batean… han zegoen! Txinparta baten modukoa sentitu zuen burmuina astinduz! Neuronek elkar konektatzean sortutako elektrizitate-karga igarri zuen, bidean gerturatzen den trenak eragindako bibrazioaren antzekoa.
Bere buruan iturri zahar bat zabaldu zela iruditu zitzaion, hoditeriaren astindua sumatzen zuen, eta adi-adi gelditu zen, hodiaren beste aldetik iristear zegoen jarioaren zain. Boligrafoa tinko heldu zuen eskuan, iritsiko zen isuria harrapatzeko prest.
Urrutian sentitutako dardarizoa gerturatuz joan zen, bere gorputzera zabalduz, besotik azkar jaitsi eta eskuraino iritsiz. Azkenik, hatzetan sentitu zuen inurridura, boligrafoa orri zuriaren gainean dantzan hasi zen, eta konturatzerako hitz batzuk agertu ziren paperean:

OPORRAK BEHAR DITUGU

Trackback URL

Ez dago iruzkinik hemen: "Neuronak (Idazlea III)"

Aupa! Utzi zure iruzkina:

BAIMENDUTAKO XHTML ETIKETAK:

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>

Iruzkinetara harpidetu