Plañidera hiletaz hileta ibiltzen zen.
Egunkarietako eta kaleko eskelak zaintzen zituen, herrian eta ingurutan hiltzen ziren guztien jarraipena eginez. Gertutik ala urrutitik ezagutzen zuen edonor hil orduko, bere arropa onenak jantzi eta beilatokira abiatzen zen, hainbat alditan antzeztutako funtzioa eskaintzera.
Horixe zuen gogokoen.
Beilatokian ezagun zituen eta ez zituen guztiei ematen zizkien doluminak negar-malko beroen artean.
—Zu familiakoa al zinen? —galdetzen zien zuzenean begiak zapiarekin lehortuz.
—Ni alaba nintzen —izaten zen erantzun harritua askotan, eta horrelakotan, arrain handia harrapatu izanaren pozarekin bere errepertorioko esaldirik onenak baliatzen zituen plañiderak, bestearen negar-malkoak ikusi arte.
Hiletaz hileta aritzen zen, urteak zeharkatuz, hildakoak bidean utziz. Neskazaharra zen, ez zuen familiarik eta bere buruari erronka jarri zion: ezagun zituen guztiak baino luzeago bizitzea.
Halaxe egin zuen, ezagun eta lagunak banan-bana beilatokian bisitatuz, agortzen ez zitzaizkion malkoak isuriz. Unea iritsi zitzaion arte.
Plañidera hil zen egunean, beilatokia hutsik gelditu zen. Ez zen inor geratzen hari azken agurra emateko, ezta malko bat haren alde egiteko ere.
Kanposantuaren bakardadean lurperatu zuten.

Ez dago iruzkinik hemen: "Plañidera"