Idazlea Durangoko azokara joan zen, pozik.
Argitaletxekoek esan zioten beraien standean egoteko, liburuak sinatzen. Pozik joan zen Durangora, inoiz baino idazleago sentituz sinatze-saioa zela eta.
Standaren atzean jarrita, berak idatzitako liburuez inguratuta korridoretan zebilen jendeari begiratzen zion, autografoa noiz eskatuko zioten zain. Pasilloaren bestaldean zeuden standetan ere beste idazle batzuk ikusten zituen. Idazle famatuak eta hain famatu ez zirenak, guztiak zeuden bere moduan standetan sartuta, zooko animalien antzera, liburuak sinatzeko prest.
Are idazleago sentitzen zen orduan, bere burua hainbeste miresten zituen haien pare ikusita eta, burua gehiago tentetzen zuen bere liburuen artean. Baina burua asko luzatu arren, ez zen inor inguratzen bere liburuak erostera eta, are gutxiago sinadura eskatzera.
Halako batean, emakumezko bat standera hurbildu eta bere azken liburua hartu zuen eskutan.
—Hauxe eramango dut —esan zion idazleari liburua luzatuz.
—Oso ondo! —erantzun zion idazleak pozarren—. Nahi al duzu nik sinatzea?
Emakumeak harridura aurpegiz begiratu zion.
—Sinatu? —galdetu zion mesfidati—. Zu nor zara ba?
Idazlea inoiz baino gutxiago sentitu zen idazle.
Durango (Idazlea II)
Zozketa: Izarren artzaina
Durangon izan naiz gaur Txalapartako lagunekin arratsalde pasa ederra egiten. Eta bidaia aprobetxatuz, “Izarren artzaina”-ren hainbat ale ekarri ditut etxera.
Zuekin nahi dut une hau ospatu eta, beraz, bi ale zozketatuko ditut nahi duzuenon artean. Zozketan parte hartzeko nahikoa duzue hemen erantzun bat uztea.
Ostiralean egingo dut zozketa. Zorte on!
Gutuna
Begiek txiribitak egiten zizkioten katalogoak ikustean: Ben10, Bakugan, Gormiti, Spiderman… bere gogoko pertsonaia guztien jostailuak zeuden han!
Aita irribarretsu zegoen, bere ondoan:
—Gogoko dituzunak aukeratu eta gutuna prestatu Olentzerorentzat —proposatu zion semeari, haren emozioaz gozatuz.
Azkar ekin zion haurrak lanari eta katalogoekin batera zetorren gutun-orria berehala bete zuen hain maiteak zituen pertsonaien izenez. Amaitzean aitari eraman zion pozik.
—Listo aita! —oihukatu zion emozionatuta gutuna luzatuz—. Hauek eskatu dizkiot Olentzerori.
Aitari begiek txiribitak egin zizkioten gutuneko jostailuek katalogoetan lagun zituzten zenbakiak ikustean: 99, 49’5, 120… Olentzero ez zen horren aberatsa!
—Jostailu garestiak aukeratu dituzu —esan zion semeari bere etsipenean.
—Lasai aita! —erantzun zion honek berehala—. Olentzerok debalde ekarriko dizkigu!
Izarren artzaina
Datorren asteartean, abenduaren 1ean aurkeztuko dugu “Izarren artzaina”. Istorioa osatu eta edertzen duten ilustrazioak Maite Gurrutxagak egin ditu.
Hamabi urtetik aurrerako gaztetxoei zuzendutako istorioa da “Izarren artzaina”, ikutu fantastikoa du baina ez nuke fantasiazkoa denik esango. Irakurleek esango dute. Horra sinopsia:
Izarren bizimodua aldatu du gerrak. Bere amarekin bizi den gizona, Jota, petraldu da gerraren ondorioz fabrikatik kanporatu dutelako. Ordu arte gizon lasaia zena, ama-alabak beldurtzen dituen piztia zauritu bihurtu da. Beldurrez betetako gau batean ezagutu du Izarrek Daniel, izarren artzaina.
Danielen esanetan, pertsonen ametsekin pizten dira izarrak eta betetzean zerutik desagertzen doaz. Horretarako zaintzen ditu Danielek izarrak, ametsak noizbait egia bihur daitezen, betirako zeruaren beltzean galduta gera ez daitezen.
Betetzeko sortu baitira ametsak.
Itzali eta piztu
Informatikaria aspaldi jabetu zen arazo guztien aurrean konponbide bakarra zegoela: itzali eta piztu.
Ordenagailua motel zebilela: itzali eta piztu.
Internet ez zebilela: itzali eta piztu.
Inprimatzeko arazoak: itzali eta piztu.
Paretori kasu eginez azkar konpontzen zituen eguneko arazoen ehuneko handiena. Baita informatikoak ez ziren arazoak ere:
Autoak zarata arraro bat egiten zuela: itzali eta piztu.
Telebista gaizki ikusten zela: itzali eta piztu.
Fede kontua baino ez zen.
Sendagileak minbizia diagnostikatu zionean ohartu zen, ordea, bere konponbideak hor ez zuela baliorik. Aste batzuk baino ez zitzaizkiola gelditzen esan zioten eta, horren aurrean bere filosofiari eusten saiatu zen, gaixotasuna itzali eta piztu egiteko modua aurkitu nahian.
Etsipen horretan fede berri baten beharra sumatu zuen, bereak huts egin ziola jabetuta. Garai batean ikasitako dotrinara bueltatu zen, heriotza gertu ikusita, erlijio katolikoari besoak zabalduz. Han egongo zen konponbidea.
Azkar joan zen elizara.
Lehen lerroko aulkietan belaunikatuta garai batean ikasitako errezoak gogora ekartzen ahalegindu zen. Beldurrak eragindako etsipenaz aldarera begiratu zuen, heldulekua emango zion fedea aurkitu nahian.
Aldareko gurutzea ikusi orduko aurkitu zuen erantzuna. Bere betiko konponbidea zuzena zen, han zegoen froga.
Irribarre batekin atera zen elizatik, bere betiko fedearen balio unibertsalean berretsita. Gurutzean iltzatutako irudiak erakutsi zion, hark egina baitzuen: itzali eta piztu.
Euria maite zuen gizona II
Euria maite zuen gizona pozik zegoen.
Udazkena iritsi zenetik euria ari zen gogotik egiten. Kaleak bustita zeuden, giroa grisa zen eta bihotza zoriontsu sentitzen zuen.
Euria maite zuen gizona gozatzen ari zen.
Eguna joan, eguna etorri, leihotik begiratuta euria baino ez zuen ikusten eta, berak, orduak ematen zituen kristalaren atzean, euri-tanta lodien dantzaz gozatuz. Irratia pizten zuen orduro, eguraldi-iragarpena entzuteko eta, irribarre bat agerian itzaltzen zuen berehala, eguraldiak antzera jarraituko zuela entzunda.
Euria maite zuen gizonak une gozoa bizi zuen. Soberan zituen orain mangera eta bestelako trikimailuak. Berekin bizi ziren barraskilo eta igelak ere pozik sumatzen zituen, batzuk saltoka, adarrak airean besteak, haiek ere giroaren umeltasuna gozatuz.
Eguna leiho aurrean igarotzen zituen, kaleak lasterka zeharkatzen zituzten oinekoei begira, putzuak zapaltzen zituzten autoekin gozatuz eta, batez ere, kristala kolpatzen zuten euri-tanten sinfonia maitatuz.
Euria maite zuen gizonak kristal atzetik maitatzen zuen euria. Ez zen kalera irteten.
Bustitzea gorroto zuen.
Zientzialaria
Zientzialariak ez zuen ezertarako astirik: ez bizitzeko, ez ikertzeko. Lanak itotzen zuen.
Zientzialari onen moduan arazo logiko bati konponbide logiko bat bilatzen saiatzea erabaki zuen. Bere denbora faltak bazuen arrazoibide bat eta, ondorioz, izango zuen irtenbidea ere. Lanean aritu zen giza-klonazioa errealitate bihurtu zuen arte.
Hori izan zen konponbidea eta, horri esker bideratu zituen urtetan pilatutako zeregin guztiak: bere lehen klona laborategiko lanetan jarri zuen, aspalditik amaitu gabe zituen ikerketak egiten. Bigarren klona bulegoan eserita egoten zen egun guztian, ikerketarako beharrezkoak ziren burokraziak bideratzen: finantzazioa eskatu, paperak zuritu eta artikuluak idazten.
Familiari ere denbora gehiago nahi zion eskaini zientzialariak: klon bat bidali zuen emaztearekin egotera eta beste bat seme-alabekin jolastera. Baten faltan, bi.
Bere aisialdian aspaldian betetzeko zituen guztiak egitea erabaki zuen orduan: irakurgai zituen liburuak irakurri, ikusgai zituen filmak ikusi, ezagutzeko zituen tokiak ezagutu, bidaia exotikoak egin,… guztiak nahi zituen egin eta, horretarako, klon bana jarri zuen zeregin bakoitza betetzen.
Amaitu zuenean nekatuta baina, pozik eseri zen, lasaituta. Orain bai, pentsatu zuen. Orain, egin nahi zuen guztia egiteko behar adina denbora libre zeukan.
Orduan ohartu zen ez zuela ezer egiteko.
Aspertuta zegoen.
Banpiroa
Banpiroa kalez-kale zebilen, eguneko jatorduaren bila. Zoko ilunetatik mugitzen zen, kalean agertzen ziren pertsona gutxiak izutu ez zitezen.
Isiltasuna zen bere gakoa, iluntasunean inor ohartu gabe mugitu eta, bere harrapakina ustekabean ehizatzea. Auto, farola eta antzekoekin ordea, gero eta zailago gertatzen zitzaion gauez oharkabean mugitzea. Gau hartan ere, eguna argitzeko ordubete eskas falta zela baraurik jarraitzen zuen.
Kalearen bestaldean bikote bat sumatu zuen. Erlojuari begira zeuden, diskusio betean.
Banpiroa bere ezkutalekutik atera eta, poliki, biktimetarantz hurbiltzen hasi zen. Kalea isiltasunean zeharkatu zuen, erlojuari begira jarraitzen zuen bikotea ezertaz jabetu gabe. Haien gainera salto egiteko prestatu zen banpiroa: hankak tenkatu eta letaginak atera zituen.
Orduan agertu zen lehen eguzki-izpia zeru ertzean. “Nola da posible?” asaldatu zen banpiroa. “Ez da horren berandu!”, pentsatu zuen irtetera zihoan eguzkitik ihes egiteko bide bat bilatzen zuen bitartean.
Mugitzen hasi zenean bi lagunen arteko hizketaldia iritsi zitzaio:
—Esan diat! —bota zuen lehenak erlojuari begira—. Gaur gauean aldatu ditek ordua eta gaur lehenago argitzen dik! Goazen etxera!
Bigarren eguzki izpiak errauts bihurtu zuen banpiroa, hau gertatuaz jabetzen zen bitartean: ordua aldatu zuten bezperan eta, bera, ez zen enteratu.
Idazlea
Idazlea desesperatuta zegoen.
Atzera aurrera zebilen, etsita, haserre, bere jardunean blokeatuta… desesperatuta.
Aste horretan bertan entregatu behar zuen ipuina argitaletxean. Guztiak zituen zain: editorea, ilustratzailea, irakurleak… baina, berari ez zitzaion ezer bururatzen.
Bere azken bizipenak ekarri zituen gogora. Lagunek kontatutako anekdota zaharrekin saiatu zen. Egunkari guztiak errepasatzen zituen albiste xelebreen bila baina, alperrik. Ez zitzaion ipuinik bururatzen.
Etsitako idazleen azken errekurtsoa saiatzea erabaki zuen: boligrafoa eskuan hartuta orri zuriaren aurrean jarri eta itsu-itsuan idazteari ekin zion.
Horrela hasi zuen ipuina:
“Idazlea desesperatuta zegoen.”
Onddoa
Zuhaitz ondora iristean begiak zabal-zabal jarri zituen Arrasategi jaunak.
—Begira! —oihukatu zuen onddoz jositako ingurua seinalatuz—. Dena onddoz gainezka dago! Otarrak beteko ditugu hemen!
Ziztu bizian hasi ziren aita eta alaba otarrak betetzen. Amaitu zutenean, onddo txiki bat baino ez zen gelditzen zuhaitz azpian.
—Txiki hori hemen utziko dugu —azaldu zuen Arrasategi aitak zeremoniatsu—. Hazten utziko dugu, bueltatzen garen hurrengoan onddo gehiago egon daitezen.
Pozik joan ziren aita eta alaba otarrak goraino beteta, onddo txikia zuhaitz azpian bakarrik utziz.
Onddoa haserre zegoen. Txikia izan arren jenio bizia zuen eta, lagunak ingurutik eramaten ikusteak sutu egiten zuen. Barrenak borborka sentitzen zituen, haserre, suminduta, malaletxe bizian zegoen.
Ezin zen tokitik mugitu, ezin zuen ezer egin eta, horrek are gehiago sutzen zuen. Arrasategi familia gogora ekartzen zuen bakoitzean azala gorritzen zitzaion eta, orduak eta egunak aurrera egin ahala gero eta okerrago jartzen zen.
Egun batzuk geroago itzuli ziren aita-alabak zuhaitz azpira onddoaren bila. Inguratzen sumatu orduko gorritu zen berriz onddoa, haserrea piztuta.
Aita azkar inguratu zen zuhaitz azpira, hazia behar zuen onddoa jasotzera baina, hara iristean harrituta gelditu zen.
—Akabo gure aurtengo onddoak! —esan zuen zuhaitz azpitik.
Onddo txikia behar zuen tokian, gorringo eder bat zegoen orain.


