Erregeak

Erregeen kabalgata aitaren besotan ikusi zuen.
Morroiak gerturatzen ikusi zituen, zuziak piztuta eta aurpegiak beltzez margotuta. Danbor-hotsek laguntzen zieten, eta haurrak emozioz begiratzen zion desfileari, begiak ase ezinik.
Morroien atzetik, urrutian, erregeen karrozak sumatzen ziren, argi liluragarriz beteak, musika-hotsak airean, haurrarentzat magiaz betetako uneak.
Aitari keinuak egiten zizkion, morroiak seinalatuz, txupetea ahotik atera eta zuzien suei ufa eginez, eta, batez ere, urrutian zetozen erregeen keinuak imitatuz. Besoak mugitzen zituen haurrak, erregeen modura gozokiak airean botako balitu bezala. Emozioz beteta zegoen, erregeak bere parera noiz iritsi zain.
Pixkanaka gerturatu ziren karrozak.
Lehena Meltxor izan zen, eta haurrak muxuak eta agurrak bidali zizkion erregeari aitaren besoetatik.
Bigarren Gaspar pasa zen, eta erregea gozokiak botatzen ikustean negarrez hasi zen haurra.
Hirugarrena Baltasar izan zen, eta honek botatako gozoki zaparrada buruan lehertu zitzaionean erregeen opari gehiago ez zuela nahi erabaki zuen haurrak.

Gehiago irakurri

Angulak

Gabonetan angulak jatea erabaki zuen.
Benetako angulak.
Askotan azaldu zien seme-alabei bera haur bat zenean kiloak hartzen zituztela ibai-bazterrean. Gabonetan angulak jaten zituzten orduan, benetako angulak.
Semeek ez zuten guztiz sinisten, ezta guztiz ulertzen ere, beraiek jaio zirenetik angulak urre-prezioan erosten ziren izaki mistikoak zirelako. Baina gustura entzuten zituzten aitaren istorioak, beste garai bateko kondairak entzungo balituzte bezala.
Horregatik, Gabon bezperan ganbaran gordetzen zituen sare, otar, eta bestelako gailu zaharrak hartuta ibai-bazterrera joan zen garai bateko angulak harrapatzera.
Etxera esku-hutsik eta hotzak akabatzen itzultzean onartu zuen ez zegoela garai honetan angulak jaterik, ez behintzat lehorretik harrapatuta, eta are gutxiago erosita. Baina seme-alabei agindua zien angulak jango zituztela, eta ez zien huts egingo.
Eroskiko Gula pakete batzuk erosita pazientzia handiz aritu zen banan-bana guztiei begiak marrazten. Txipiroi tinta erabili zuen, zapore arraroa izan ez zezaten, eta paketez-pakete eta gulaz-gula, guztiei margotu zizkien begiak benetakoen itxura emanaz.
Gabon-gauean harrotasunez prestatu eta zerbitzatu zituen bere angulak, eta familiarekin eserita afariaz gozatzera prestatu zen.
—Gutxitan jango dituzue benetako angulak —esan zien irribarre batekin bere angulak plateretan zerbitzatzen zituen bitartean.
Baina seme-alabek nazka aurpegia jarrita platerak baztertu zituzten.
—Nola nahi duzu hori jatea? —bota zioten muzin batekin—. Begiak dituzte!

Gehiago irakurri

Desesperantza

Sei hilabetek osatzen zuten bere desesperantza.
Bizitzaren amaieraren desesperantza.
Mimoz eta maitasunez gordetzen zituen bere bihotzean, ezustean joango zitzaizkionaren beldur, ezer gabe gelditzearen beldur.
Bere bizitzaren argazkia ere oso present zeukan: bere familia. Gertuko senideen argazkia jarria zuen ospitaleko gelako paretan, eta oheko asperraldian haiekin zegoela amesten zuen.
Sei hilabete zirelako bere desesperantza.
Esperantzan itotako desesperantza.

Gehiago irakurri

Esperantza

Sei zenbakik osatzen zuten bere esperantza.
Bizitza hobeago baten esperantza.
Mimoz eta maitasunez gordetzen zituen bere diru-zorroan, ezustean galduko zituenaren beldur, ezer gabe gelditzearen beldur.
Bizitza berri horren argazkia ere oso present zeukan: Bora-Borako paradisua. Hango uharteen argazkia jarria zuen ordenagailuko idazmahaian, eta lan-ordutako asperraldian han zegoela amesten zuen.
Sei zenbaki zirelako bere esperantza.
Desesperantzan itotako esperantza.

Gehiago irakurri

Liburua

Liburu berrien usaina maite dut.
Zirrara berezia sentitzen dut liburu erosi-berria zabaldu eta haren orrialde gozoen artean sudurra sartuta arnasa sakon hartzean. Ez dago horrelako sentsaziorik.
Haurra nintzelarik eskolako lehen eguna maite nuen, beste umeek ez bezala. Liburu berriak jasotzen genituen orduan, eta haien orrialdeak zabaltzean biziko nuen plazer eztandaren irrikan egoten nintzen. Eskolako lagunek ezin zuten ulertu liburu berriak jasotzeak suposatzen zidan poza, eta arraro begiratzen ninduten orrialde artean murgilduta aurpegiratzen nuen estasi-begirada ikustean.
Heldutasunera iristean, liburu-dendak bihurtu dira nire plazeraren tenplu. Liburuz liburu nabigatzen dut orrialde inprimatu-berrien artean gozamen uneak biziz. Orduak joaten zaizkit hango usain eta zorabiotan galduta.
Horregatik, nire urtebetetzean oparitu didaten liburua desengainua izan da niretzat. Pozarren zabaldu dut oparia biltzen zuen kaxa, urtero bezala liburu berri-berria eskutan izateko desiran, han ezkutatzen ziren orrialde gozoetan zain izango nuen plazeraren bila.
Ez da izan, ordea, nik espero nuen modukoa.
Liburu elektronikoek ez dute berri usainik.

Gehiago irakurri

Superheroia

Haurra zelarik superheroiak miresten zituen.
Bere burua imajinatzen zuen orduan: koloretako mailak jantzita bera baino indartsuago zirenen aurkako borroka gordinean. Garaiezin irudikatzen zen, bere identitatea ezkutatzen zuten betaurreko aerodinamikoez mozorrotuta, gorputzean itsasten zitzaizkion arropa estuak jantzita.
Boteretsu, ahalguztidun.
Heldutasunera iristean bete zuen bere ametsa.
Astebururo koloretako mailak janzten zituen, arropa estuak soinean, betaurreko aerodinamikoak aurpegian, eta bere ibilgailuaren gainean mapan aurkitzen zituen errepiderik malkartsuenak zeharkatzen zituen. Boteretsu sentituz bihurgunez jositako errepidetan ibiltzen zen, bera baino indartsuago ziren haien haserrea bizkarrean sentituz, bere boterearen aurrean jasaten zuten ezintasunarekin gozatuz.
Maldaz malda, bihurgunez bihurgune, hobeto sentitzen zen, bizikleta gainean zoriontsu.
Boteretsu, ahalguztidun.

Gehiago irakurri

Gaiztoaren zaldia

Gaiztoa tiroka atera zen banketxetik.
Airera pare bat tiro egin, eta diruz betetako zakua zaldian lotzera joan zen laster batean.
Bi zaldi zeuden lotuta banketxe kanpoan: bat bere betiko zaldi beltza zen, zaldi urduria, azkarra zalantzarik gabe. Ondoan zaldi zuri bat zegoen, itxura lasaiarekin, motela seguru asko. Gaiztoa bere zaldi beltzera zuzendu zen azkar, baina azken unean zalantza egin zuen.
“Zaldi motelena hartzen dut beti”, pentsatu zuen bere baitan, “eta nazkatuta nago. Oraingoan ez naute harrapatuko”.
Bere zaldia hartu beharrean zaldi zuria hartu zuen, bere zortea aldatu asmoz. Zaldi gainera igo orduko ziztu bizian atera ziren biak, bere zaldi beltzak inoiz egingo ez lukeen moduko lasterraldia eginez.
—Aupa! —oihukatu zuen gaiztoak pozik zaldi gainean—. Oraingoan ez naute harrapatuko!
Eta ez zuten harrapatu, amildegi batetik behera erori baitzen.
Gaiztoa ez zegoen ohituta zaldi azkarretan ibiltzera.

Gehiago irakurri

Malkoa

Malkoa amaren masailetik behera irristatu da.
Poliki egin du bere bidea, maitekiro. Sentimendu karga osoa darama bere umeltasunean, barren-barrenetik sortu, hazi eta isuritako sentimenduak: bihotzean, urdailean, biriketan, ariman sentitutako mina begietatik isuri balitz bezala.
Eztiki irristatu da masailetik, kokotsa ukitzeraino. Amaren azala laztandu du bere bidean, malko gaziaren berotasun goxoa sufrimenduz betetako gorputzean zabaldu nahian.
Kokotsean emeki zintzilikatu da, berau osatzen duten tanta txikien maitasun-karga kontu handiz aireratuz, eta amaren azala atzean utzita haurraren masailean lehertu da, azken orduko muxu goxo baten moduan.
Amaren maitasuna alaba azken aldiz ferekatuz.

Gehiago irakurri

Adierazpenak (Txakurra II)

—Traturik onena jaso du, guztia faltsua da —azaldu du poliziak.
—Betiko asmakizunak baino ez dira —adierazi du politikariak.
—Gezurren jatorria jazarri eta epaituko dugu —agindu du epaileak.
—Oinarririk gabeko hitzak dira, ezin ditugu kontuan izan —baloratu du kazetariak.
—Gizarteak ezin ditu horrelakoak aintzat hartu —eskatu du Lehendakariak.
—Bera eta bere ingurukoak Infernuko sutan kiskaliko dira —iragarri du gotzainak.
—Zer jarriko dut txostenean? —galdetu du idazkariak.
—Bere burua behin eta berriz paretaren kontra bota ondoren hil dela —zehaztu du forenseak.

Gehiago irakurri

Txakurra

—Ez du ezer egiten. Benetan.
—Zergatik diozu hori?
—Fama txarra duelako. Txakur arriskutsuen zerrendatan lehena delako. Lo egin nahi dut.
—Oraindik ez. Jarraitu hizketan.
—Txakur zintzoa da. Non nago? Muturrekoa eraman behar duela esan didate askotan, baina zintzoa da. Logaleak nago, utzi lo egiten.
—Berehala egingo duzu lo, eutsi pixka bat gehiago. Ederki ari zara! Zergatik ez diozu muturrekoa jarri nahi txakurrari?
—Zintzoa delako, esan dizut! Ez du inoiz… ez da…
—Ez hartu lo!
—Ez da… non…
—Ez! Ez! Lo ez!
—…
—Kaka! Joan egin zaigu! Uf! Apunta: heriotzaren ordua, arratseko laurak eta hogei minutu.
—Heriotzaren arrazoi moduan zer jarriko dut?
—Txakur eraso baten ondorioz jasandako zauriak.

Gehiago irakurri

prev posts prev posts