SUMOFIC PULPO K.E.-REN GARAIPENA SALAMANCA-REN AURREAN
Partida erritmo handiz hasi zen, Salamancakoek irabazteko asmoa erakutsi zuten hasiera-hasieratik, eta etxekoak partidaren lehen minutuetan zalantza handiekin eta aukera gutxi sortuz. Salamancakoen defentsa irekiak akats ugari eta jaurtiketa okerrak eragin zituen erasoan eta etxekoen 5-1 defentsak huts egiten zuen Salamancakoen jokoaren eta pibot onaren aurrean. Bisitariak berehala hasi ziren aldea hartzen eta 5 eta 6 goletako errenta lortu zuten. Etxekoen aldetik 6-0 defentsara aldaketa egin zen eta handik aurrera Salamancak askoz ere arazo handiagoak izan zituen erasoan. Hala ere, gure erasoa ez zen eraginkorra eta ezinezkoa egiten zitzaigun markagailuan hurbiltzea. Horrela, bada, 5 goleko abantailarekin iritsi ginen atsedenaldira, 10-15. Atsedenaldiaren ondoren partidak berdin jarraitu zuen, eta zenbait unetan are okerrago, Salamancakoek aldea handitzea lortu zuten eta 7 goleko abantaila izatera iritsi ziren. Oker zihoan partida etxekoentzat, defentsan hobera egin bagenuen ere erasoan ez genuen asmatzen. Bigarren zatiaren 10. minututik aurrera aldea murriztuz hasi ginen, eta Salamancakoen kanporaketa bat aprobetxatuz aldea 3 goletara gutxitzea lortu genuen. Handik aurrera etxeko taldeak gora egin zuen, erasoan jokoa argiagoa zen, defentsa oso sendo agertu zen (atezainen, Iriondo eta Peñalbaren partida handia), eta batez ere, zaleek asko animatu zutelako, baita zazpi golez galtzen genuenean ere. Partida amaitzeko 5 minuturen faltan 1 gora jarri ginen, eta hortik amaiera arte berdinketak eta gol bateko aldea etxekoen alde; baina 30 segundo falta zirela markagailuan berdinketa genuen 28na eta baloia Salamancakoen alde. Beste behin, bihotzekoa dutenentzat gomendagarria ez den amaiera (egunen batean zerbait larria gertatzeko ere!). Hamar segundoren faltan kanpotarrek jaurtiketan huts egin zuten, Iriondok baloia hartu, bi hegalekoak kontraerasora atera, atezainaren pase bikaina eta azken segundoan Gutierrezek garaipenaren gola sartu zuen bozina jotzen ari zela!!! Pozak gainezka egin zuen Lubakin, talde osoa goleatzaileari besarkatuta eta beste bi puntu etxekoen alde. Sumofic Pulpo K.E.-ak laugarren postuan jarraitzen du 16 punturekin, Zarautz, San Antonio eta Ereintzaren aurretik, hauek 13 punturekin. Aurretik Salamancarrak hirugarren dira 18 punturekin, eta bigarren Senda Viva Tudelarrak 20 punturekin. Lider sendo jarraitzen du Torrelavegak 24 punturekin. Taldeak harmailetatik jaso zuen laguntza eskertu nahi du, beste behin ere oso ondo portatu ziren zaleak, kiroldegia leporaino bete zen eta unerik zailenetan ere ez zioten animatzeari utzi. Etxeko taldearentzat partida bigarren zatiko hamargarren minutuan amaitu zitekeen (10-17), baina Pulporen ezaugarri nagusia azken unera arte borroka egitea da, izan ere, talde honek ez du inoiz partida galdutzat ematen. Horren erakusgarri Lubakin jokatu diren azken hiru partidak dira, Trapagaran, Zarautz eta Salamancaren aurka ia partida osoan zehar markagailuan atzetik joan arren, partidak garaitzea lortu da.
Sumofic Pulpo K.E.-ren aldetik ondorengoek jokatu zuten: Josu Iriondo, Beñat Leibar(5), Ibon Sasiain (1), Joseba Sagasta (4), Joxe Inaxio Aizpurua, Pablo Gutiérrez (4), Jon Rubio (3), Xabier Agirre (5), Ioritz Sasiain, Markel Peñalba, Julen Hernández (2), Xabier Uribeetxeberria (4), Iosu Arrieta eta Imanol Ugarte (1).

Azken iruzkinak