Alex Olidenen mutilek garaipen sendoa lortu zuten Urdaneta bizkaitarren aurka, 33-16. Joan den astean lehen garaipena kantabriar lurretan lortu ondoren, zumaiarrek beste garaipen bat lortu zuten Lubaki Kiroldegian Loiuko bizkaitarren aurka.
Askotan gertatu izan da etxekoak partidaren azken minutura arte oso berdindurik iristea markagailuan, baina joan den larunbatean hasiera-hasieratik sartu ziren etxekoak partidan eta lehen zatiaren erdialderako 6-4 aurreratu ziren etxekoak.
Kanpotarren aldetik eskuin hegalekoak sortu zuen arrisku handiena, kanpoko jaurtiketa ia guztiak sartu baitzituen. Hala ere, aldea gero eta handigoa zen minutuak pasa ahala, etxekoek erraz zulatu zuten kanpotarren atea, eta defentsan berriz, gorriek oso ondo kontrolatu zuten kanpotarren pibotak sortzen zuen arriskua. Atsedenera 15 eta 6ko aldearekin iritsi ziren zumaiarrak. Bigarren zatian etxekoak ez ziren erlaxatu eta diferentzia gero eta handiagoa zen. Partidaren amaieran markagailuak jokoan ikusi zen nagusitasuna erakusten zuen etxekoen alde, 33-16.
Garaipen honen ondoren zumaiarrek 5 puntu dituzte eta sailkapenean gora egin dute, orain seigarren dira Ereintza eta Arrateren atzetik. Datorren astean zumaiarrak Zamoran jokatuko dute Inzamac taldearen aurka. Zamorarrak igo berriak dira, eta liga oso ondo ez hasi arren, orain 4 puntu dituzte eta bederatzigarren dira sailkapenean.
Bigara Pulpo K.E.-ren aldetik ondorengoek jokatu zuten: Ugarte (1), Ibon Sasiain (1), Sagasta (1), Aizpurua (5), Gutiérrez (4), Agirre (3), Arrieta (3), Rubio (6), Peñalba, Ioritz Sasiain (1), Hernández (3), Uribeetxeberria (5) eta Iriondo.
Gainontzeko mailei dagokienez, aipagarria da bigarren taldeak lortu zuen garaipena; Decotena Pulpok 28 eta 25 irabazi zion Lubaki Kiroldegian Hegialderi. Hiru jardunaldi jokatu ondoren lehena da sailkapenean eta ez dute partidarik galdu zumaiarrek. Euskal Ligako kadeteek ere garaipen bikaina lortu zuen Basaurin, 20-37. Jubenilek ez zuten zortea beraien alde izan eta gol bakar batez galdu zuten, 37-36. Asador Basustako neskek lehen jardunaldia izan zuten, baina ez zuten aukerarik izan Portugaleten eta 32-22 galdu zuten.
0 Responses to “BIGARA PULPO K.E. NAGUSI URDANETAREN AURKA”