Archive for the 'Kronikak' Category

BIGARA PULPOK EZIN IZAN ZUEN PUNTURIK ATERA ATARRABIAN

“Epaileek ere zure kontra jokatzen dutenean zaila da”

Partidua gogorra eta berdindua izango zela ez zuen inork ere zalantza egiten. Lehen itzulian ere BIGARA PULPOk eta BETI ONAKek 25na berdindu zuten Zumaian eta larunbatean Atarrabian jokatutakoa espero bezain estua izan zen.

Lehen zatian hobeto ibili ziren nafarrak, erasoan baloia azkar mugituz zumaiarren defentsa erraz samar uzten zuten lekuz kanpo eta 6 m-tako jaurtiketen bidez gol ugari lortu zuten. Zumaiarrek berriz, ez zuten erakutsi beste partidu batzutan ikusi izan diegun erraztasuna erasoan, beharbada defentsa nafarraren gogortasunagatik, beharbada egun txarra izan zutelako atezainaren aurrean.

Dena dela, amore eman gabe segitu zuten lanean eta lehen zatia 4 golez atzetik amaitu zuten ( 16-12 ), partidua irabazteko aukerak, urriak izanagatik ere, mantenduz. Halere, lehen zati osoan zehar epaile nafarrek garbi baino garbiago utzi zuten ez zizkietela gauzak errazak jarriko zumaiarrei, zalantzazko jokaldi guztietan lotsagabe etxeko taldearen alde eginez.

Oso bestelako itxura azaldu zuen partiduak bigarren zatian. Zumaiarren defentsa asko sendotu zen eta horretan oinarriturik berehalaxe etorri zen berdinketa markagailura ( 20-20,  41. minuturako ).

Errematea ematen ez zuten asmatu ordea zumaiarrek, eta behin eta berriz atezainaren aurrean kale eginez partidua apurtu gabe erabateko berdintasunean ailegatu ziren azken minutuetara, etxetik kanpo eta horrelako epaileekin oso arriskutsua izaten dena.

Orduan etorri bait zen zirkoa, minutu bat baino gutxiago falta zela, eta nafarrek azkenean emaitza definitiboa izango zena ( 26-25 ) markagailuan ezarri eta gero, itxuraz lurrean min hartuta gelditu zen jokalari bat. Epaileek jokoa segitzen utzi egin zuten eta kontraeraso azkar bati esker Pulpoko jokalari bat atezainaren aurrean bakar bakarrik gola sartzeko prest zegoenean, epaile batek denbora gelditu zuen min hartuta omen zegoen jokalaria artatzeko.

Bidebatez, momentu horretan Beti Onak taldea 8 jokalarirekin zegoen kantxan.

Kontutan izanda lehen zatian eta alderantzizko protagonistak izandako jokaldi berdinean nafarrei gola sartzen utzi zietela epaileek, Zumaiako entrenatzaileak gainezka egin zuen eta bere onetik aterata protesta egitera sartu zen zelaira, ondorioz txartel gorria jaso eta jokalari bat gutxiagorekin utzi zuen taldea.

Azken segundoetan ez zen posible izan berdinketa lortzea.   

Azpimarratzekoa Markel Peñalba atezainak eta Jon Rubiok ( 11 gol ) egindako partidu bikaina.

Jokalariak hauexek izan ziren: Ugarte, Ibon Sasiain(3), Sagasta(2), Aizpurua(1), Gutiérrez(2), Agirre(3), Arrieta, Rubio(11), Peñalba, Ioritz Sasiain, Hernández(2), Iriondo, Uribeetxeberria(1)-

BIGARA PULPO K.E. TALDEAK SEIGARREN POSTUAN AMAITUKO DU URTEA

Lau garaipen jarraian lortu dituzte urte amaieran Alex Olidenek gidatutako mutilek. 31-37 irabazi zion larunbatean Eibarko Arrateri

Alex Olidenek gidatutako mutilek garaipen garrantzitsua lortu zuten pasa den larunbatean Eibarren. Bigara Pulpo K.E. 31-37 emaitzarekin gailendu zitzaion Arrateri. Emaitza honi esker jarraian lor-tzen duten laugarren garaipena eskuratu zuten eta sailkapeneko seigarren postuan kokatzen dira, Gabonetako atsedenaldiaren aurretik.

Hotza izan zen nagusi Ipuruan jokatu zen norgehiagokaren hasieran. Partiduaren lehen zatian aurrelariak nagusi izan ziren; golak bata bestearen atzetik etortzen ziren. Zumaiarrak gol bakarreko aldearekin joan ziren aldageletara (17-18).

Pulpoko mutilek defentsa estutu egin zuten bigarren zatiaren hasieran eta horrek markagailuan lehen abantailak lortzeko aukera eman zien. Eibartarrek sei minutu behar izan zituzten lehen gola sar-tzeko; zumaiarrak, aldiz, kontraeraso azkarren bidez, aldea zabaltzea lortu zuten (20-26, 40. min). Nahiz eta Arrateren entrenatzaileak defentsako sistemak behin eta berriz aldatzen zituen, horrekin ez zituen Pulpokoak aztoratu eta eibartarren atea zulatzen jarraitzen zuten. Pixkanaka aldea handitzen joan zen eta partidu amaitzeko minutu gutxiren faltan 9 goleko tartea zabaldu zuten (27-36). Armaginen azken erasoei esker, aldea sei golera gutxitu zen amaieran (31-37).

Bigara Pulpo K.E.-ren aldetik, honako hauek jokatu zuten: Ugarte (1), Ibon Sasiain (1), Sagasta (3), Aizpurua (1), Gutiérrez (5), Larrañaga, Agirre (9), Arrieta (1), Rubio (9), Peñalba, Ioritz Sasiain, Hernández (7) eta Iriondo.

Taulan aurretik zegoen arerio honi irabazi ondoren, zumaiarrak bederatzigarren postutik seigarrenera igo dira. Urtea 14 punturekin amaituko dute. Aurretik Iruñako Anaitasuna (16 puntu), Errenteriako Ereintza (17) eta Zarauzko Amenabar dituzte (20). Igoera postutan Leongo Ademar (24 puntu) eta Segoviako Nava daude, azken hau 25 punturekin.

2009-2010 IKASTURTEKO ESKUBALOIKO FINALAK

  

Urtero bezala, aurten ere heldu da azkenetara eskola arteko eskubaloiko txapelketa. Euria, hotza, haizea, eguzki gozoa eta ilusioa gainezka izan ditugu lagun hiru hilabete hauetan. 36 talde izan ditugu lehia gogorrean, nor baino nor. Benjamin mailako nesketan 10 talde, benjamin mailako mutiletan 9 talde, alebin mailako nesketan 8 talde eta alebin mailako mutiletan 9. Horretaz gain, tropel bat entrenatzaile, dozena erdi epaile, ikastetxeetako kirol-arduradunak eta han-hemenka animoak ematen aritu diren hamaika guraso. Mila esker guztioi, zuek egin duzue eta posible herriko gaztetxoen ilusioa eta kirolerako gogoa asebetzea.

 

Larunbatean, hilak 19, jokatu ziren finalak. Nesketan TXIBIRITA eta TXUTXIFLUTIS izan ziren lehia bizian. Batzuen eta besteen ahaleginak agerikoak izan ziren. Lehenengo zatian Txibiritak izan zen garaile, bigarrenean, berriz, Txitxiflutis. Partida amaieran ados ziren bi taldeak, enpate. Bost minutuko luzapena jokatu zuten eta horretan ere indarrak parez pare izan zituzten eta enpate bukatu zuten luzapena ere. Azkenean penalti puntuko jaurtiketek erabaki zuten norgehiagoka eta TXIRIBITA izan genuen txapeldun. Ikuskizun paregabea eskaini zuten bi taldeek. Zorionak bi taldeko jokalari guztiei.

 

Nesken partida bukatu ondoren, mutilena jokatu zen. Horretan MARIA ETA JOSE B eta MATXAKERRAK izan ziren nor baino nor. Mutilen kategorian ere oso final estua ikusi ahal izan genuen. Lehenengo zatian  indarrak oso parekatuak izan ziren, momentu batzuetan talde batek hartzen zuen aurrea markagailuan eta hurrengoan besteak. Azkenean enpate, ados, bukatu zuten lehenengo zatia. Bigarrenean Matxakerrak taldekoen beheraldia aprobetxatu zuten Maria eta Josekoek  markagailuan aurrea hartzeko eta garaile izan ziren, txapeldun. Partida lehiatua eta estua eskaini ziguten bi talde horiek ere. Zorionak bioi!

 

Finaletara bi talde bakarrik iristen diren arren, goraipatu nahi dugu talde guztiek egin duten lana eta erakutsi duten jarrera ona. Beste behin ere, talde-lana, elkartasuna, parte-hartzeko gogoa, ahalegina eta kiroltasuna izan ditugu nagusi ,eta kirola, eskubaloia kasu honetan, izan da garaile.

 

Eskerrik beroena parte hartu duzuen guztioi. Aurrerantzean badakizue eskubaloi-eskola martxan dagoela eta ateak zabalik dituzuela eskubaloian ibili nahi duzuen guztiok.

finalak-09-12-19-013.jpgfinalak-09-12-19-001.jpgfinalak-09-12-19-005.jpgfinalak-09-12-19-010.jpgfinalak-09-12-19-015.jpgfinalak-09-12-19-017.jpgfinalak-09-12-19-020.jpgfinalak-09-12-19-023.jpgfinalak-09-12-19-024.jpgfinalak-09-12-19-026.jpgfinalak-09-12-19-028.jpg

BIGARA PULPOK GARAIPENA LORTU ZUEN KANARIAR IRLETAKO LA LAGUNAREN AURKA

 Bi taldeek garaipenak lortu zituzten joan den astean eta indartsu agertzen ziren partida honen aurrean. Hala ere, zumaiarren nagusitasuna erabatekoa izan zen eta puntuak etxean geratu ziren 33-20 irabazi ondoren.  Zumaiarrek abantaila txikiak lortu arren, partidaren hasiera oso berdindua izan zen, baina lehen zatiaren erdialdera ezker hegalekoaren kanpoko jaurtiketak kontrolatzea lortu eta eraso azkarren bidez partida etxekoen alde jarri zen. Atsedenera abantaila ederrarekin (16-10) iritsi ziren zumaiarrak.

Bigarren zatia ere lehen zatia bezalaxe hasi zen, jaurtiketak eta golak bi taldeen aldetik. Baina, lehen zatian gertatu bezalaxe, Alex Olidenen mutilek pixkanaka markagailuan aldea handitzea lortu zuten, batez ere pistan kopuruz gehiago zirelako zumaiarrak, izan ere kanariarrek behar ez zenean ere faltak egiten baitzituzten. Falta horien erakusgarri izan zen lehen zatiaren amaieran Sagasta zentralak jaurtitzera zihoala bizkarrean heldu eta jasan behar izan zuen bultzada. Ezin izan zuen bigarren zatia jokatu, baina ez dirudi ezer larria denik eta ziurrenik hurrengo astean deialdian izango da. Partidaren amaieran emaitza etxekoen alde 33-20.

Zumaiarren aldetik jokalari guztiek jokatu zuten eta guztiek lortu zuten garaipen handi hau lortzeko golen bat.  Bigara Pulporen aldetik ondorengoek jokatu zuten: Ugarte (1), Ibon Sasiain (3), Sagasta (1), Aizpurua (4), Gutiérrez (3), Larrañaga (1), Agirre (6), Arrieta (3), Rubio (8), Peñalba, Ioritz Sasiain (1), Hernández (2) eta Iriondo.  Garaipen honen bidez eta ligaren lehen zatia amaitu ondoren, gorritxoak bederatzigarren daude sailkapenean 12 punturekin, Urdaneta talde bilbotarrarekin berdinduta. Zumaiarren aurretik armaginen filiala eta Zamora daude 13na punturekin eta Soria 14 punturekin. Datorren larunbatean zumaiarrek Arrateren pistan jokatuko dute arratsaldeko 18:00etatik aurrera.

BIGARA PULPO K.E. NAGUSI URDANETAREN AURKA


Alex Olidenen mutilek garaipen sendoa lortu zuten Urdaneta bizkaitarren aurka, 33-16. Joan den astean lehen garaipena kantabriar lurretan lortu ondoren, zumaiarrek beste garaipen bat lortu zuten Lubaki Kiroldegian Loiuko bizkaitarren aurka.

Askotan gertatu izan da etxekoak partidaren azken minutura arte oso berdindurik iristea markagailuan, baina joan den larunbatean hasiera-hasieratik sartu ziren etxekoak partidan eta lehen zatiaren erdialderako 6-4 aurreratu ziren etxekoak.   

Kanpotarren aldetik eskuin hegalekoak sortu zuen arrisku handiena, kanpoko jaurtiketa ia guztiak sartu baitzituen. Hala ere, aldea gero eta handigoa zen minutuak pasa ahala, etxekoek erraz zulatu zuten kanpotarren atea, eta defentsan berriz, gorriek oso ondo kontrolatu zuten kanpotarren pibotak sortzen zuen arriskua. Atsedenera 15 eta 6ko aldearekin iritsi ziren zumaiarrak. Bigarren zatian etxekoak ez ziren erlaxatu eta diferentzia gero eta handiagoa zen. Partidaren amaieran markagailuak jokoan ikusi zen nagusitasuna erakusten zuen etxekoen alde, 33-16.

Garaipen honen ondoren zumaiarrek 5 puntu dituzte eta sailkapenean gora egin dute, orain seigarren dira Ereintza eta Arrateren atzetik. Datorren astean zumaiarrak Zamoran jokatuko dute Inzamac taldearen aurka. Zamorarrak igo berriak dira, eta liga oso ondo ez hasi arren, orain 4 puntu dituzte eta bederatzigarren dira sailkapenean.

 Bigara Pulpo K.E.-ren aldetik ondorengoek jokatu zuten: Ugarte (1), Ibon Sasiain (1), Sagasta (1), Aizpurua (5), Gutiérrez (4), Agirre (3), Arrieta (3), Rubio (6), Peñalba, Ioritz Sasiain (1), Hernández (3), Uribeetxeberria (5) eta Iriondo.

Gainontzeko mailei dagokienez, aipagarria da bigarren taldeak lortu zuen garaipena; Decotena Pulpok 28 eta 25 irabazi zion Lubaki Kiroldegian Hegialderi. Hiru jardunaldi jokatu ondoren lehena da sailkapenean eta ez dute partidarik galdu zumaiarrek. Euskal Ligako kadeteek ere garaipen bikaina lortu zuen Basaurin, 20-37. Jubenilek ez zuten zortea beraien alde izan eta gol bakar batez galdu zuten, 37-36. Asador Basustako neskek lehen jardunaldia izan zuten, baina ez zuten aukerarik izan Portugaleten eta 32-22 galdu zuten.

Bigara Pulpo K.E.ren garaipena Colindresen, 27-32

Azkenean bai, laugarren jardunaldira arte itxaron egin behar izan dugu, baina azkenean lortu du BIGARA PULPO 1.mailako taldeak lehen garaipena. Partidu garrantzitsua zen bi taldeentzat, artean garaipenik lortu gabe baitzeuden biak, eta sailkapenean atzean gelditzeko arrisku handian.

Beharbada horregatik nahiko urduri heldu zioten bi taldeek partiduari. Lehen zati osoan zehaztasun gutxiko jokoa ikusi ahal izan zen, urduritasunak eragindako hutsegitez josia, eta zumaiarrek ezin izan zuten beren esku dagoen maila erakutsi, ondorioz 13-13 atsedenaldira.

Bigarren zatian, aldiz, askoz eraginkorrago jokatzen asmatu zuten zumaiarrek, bereziki 45.minututik aurrera 4-0 partzialari esker partidua eren alde jarri eta amaiera arte abantaila horri eustea lortuaz.

Ea garaipen honekin hurrengo partiduetarako lasaitasun puntua lortzen duten eta beren esku dagoen joko-maila erakusten duten zumaiarrek.

Jokalariak hauexek izan ziren:
Ugarte(4), Ibon Sasiain(1), Sagasta(4), Aizpurua(3), Gutierrez(6), Agirre(7), Arrieta, Rubio(3), Peñalba, Ioritz Sasiain, Mendikute, Hernandez(3), Uribe-etxeberria(1), Iriondo.

BIGARA PULPOK AZKEN UNEAN EMAN ZUEN AMORE

Larunbatean denboraldiko estreinako partida galdu egin zuen Bigara Pulpok, azken unean (30-31). Lehia oso orekatua izan zen, baina amaieran Arratek eskuratu zituen bi puntuak.
Aurreko denboraldietako bide beretik hasi dira Lubakiko partidak: bi taldeen arteko oreka ez da azken segundora arte hausten. Bistan da emoziorik behintzat ez dela faltako.

Espero zitekeen moduan hasi zen Bigara Pulpo eta Arrateren arteko derbia: lehia estua eta markagailuan berdinketa bat bestearen atzetik. Lehen zatiaren erdialdetik aurrera, ordea, Pulpo pixkanaka tartea egiteko gauza izan zen, atsedenaldira lau goleko errenta politarekin iristeraino (17-13). Arratek estu hartu zuen etxeko taldea bigarren zatiaren hasieran, partida lehenbailehen orekatu nahian, baina Pulpok ondo eutsi zion oldarraldiari. Azken txanpara arte. Zorigaiztoko hiru akats jarraian nahikoa izan ziren eibartarrek 30na berdintzeko. Azken minutuan ere etxekoek ez zuten asmatu. Jokalari bat gehiagorekin ez ziren gola egiteko gauza izan, eta Arratek ez zuen azken aukera huts egin. Garaipena Eibar aldera joan zen. Pena handia, ia partida osoan Pulpo aurretik izan zela kontuan hartuta.

Datorren larunbatean Errenterian jokatuko dute (19:15). Partida oso zaila izango da, Ereintzak maila handiko hiruzpalau jokalari fitxatu baititu.

HERRI ESKOLAKO ALEBINAK, GIPUZKOAKO TXAPELDUNAK

Joan den asteburuan, maiatzaren 30ean eta 31n, eskolarteko eskubaloiko txapelketako finalaurrekoa eta finala jokatu ziren Donostian. Zumaiarrak 5 partidu jokatu eta bostak irabazita sailkatu ziren finaletarako. Larunbat goizean Elgoibarko Txankakua taldearen aurka lehiatu ziren zumaiarrak eta nagusitasun handiz lortu zuten garaipena, bi zatietan irabazita: 2-0.
Igande goizean jokatu zen finala Bidebietako kiroldegian, Donostian. Zumaiako Herri Eskolakoek Santa Teresa ikastetxekoak izan zituzten aurrez aurre. Donostiarrek Usurbilgo Udarregikoak kanporatu zituzten bezperako partidan, lehia bizian. Partidua ados bukatu eta luzapenean nagusitu ziren Donostiarrak.
Finalean zumaiarrak hasiera ezin hobea eman zioten partiduari. Lehenengo laurdenean nagusi ziren, 15-6. Bigarren laurdenean Donostiarrek irabazi zuten 12-9. Bi laurdenetako golak batuta, zumaiarrak izan ziren nagusi 24-18. Bigarren zatian berriro ere husna hasi ziren eta zumaiarrek ez zieten aukerarik eman donostiarrei: izan ere, bai hirugarren laurdenean bai laugarrenean, nagisu izan ziren. Azkenean, beraz, zumaiarrek irabazi zuten finala 2-0.
Hona hemen txapeldunen izenak: Ander Torriko, Kauldi Odriozola, Mikel Martinez, Andoni Fleitas, Erlantz Yeregi, Markel Gaztañares, Unai Linazasoro, Asier Albite, Peru Tolosa, David Hernández, Iñaki Agirrezabalaga, Rapha Yeregi, Amets Roman.

nnnnnnnnn.jpg

SUMOFIC PULPOK SENDA VIVA GARAITU ZUEN

Emozio handiko beste partida baten ondoren puntuak Lubakin geratu ziren. Oso berdindua izan zen partida, nahiz eta Tudelako Senda Viva taldeak bigarren amaitu duen denboraldia.

Nafarrak oso egoera delikatuan etorri ziren Zumaiara, izan ere bi aste barru igoera fasea jokatu behar dute Kordoban, baina zenbait hilabete daramatzate nominak kobratu gabe eta beste hainbat aste entrenatu gabe. Baja garrantzitsuak zituzten nafarrek eta ondorioz partida osoa Alex Olidenek zuzentzen dituen mutilen mende egon ziren. Zumaiarrek partida ona jokatu zuten eta markagailuan aurretik izan ziren partidaren azken unera arte.

Partidaren lehen hamabost minutuetan berdinketak izan ziren nagusi, baina jarraian etxekoek jokoa estutu eta atsedena iristean 18-14 jarri ziren zumaiarrak aurretik. Bigarren zatiaren hasieran zumaiarrak motel hasi ziren eta kanpotarrek aldea murriztea lortu zuten 21-20 (40. min.). Bazirudien nafarrak gora zetozela, etxekoak kamuts erasoan eta partidaren garaipena nafarren alde izango zela ematen zuen, baina etxeko entrenatzaileak momenturik egokienean hutsartea eskatu eta partida gelditu zuen. Pixkanaka zumaiarrak hobeto jokatzen hasi eta berdinketa nagusitu zen partidaren amaiera arte.

Lubakin ohikoa denez, azken minutuak emozio handikoak izan ziren, nafarrak aurretik ziren markagailuan partida amaitzeko minutu bat baino gutxiago falta zela, 31-32. Baloia gorritxoen eskuetan zen eta berdinketa lortu zuten partida amaitzeko 15 segundoren faltan. Kanpotarren teknikariak hutsartea eskatu zuen azken jokaldia prestatu eta partida irabazteko asmoarekin. Etxekoek bazekiten puntua babestu behar zutela, baina ez zuten partida galdutzat eman nahi. Nafarrek erdigunetik atera zuten, baloia mugitzen hasi ziren eta albokoa jaurtiketa prestatzen hasi zenean baloiak ihes egin zion eskuetatik eta Sagastari iritsi zitzaion. Gutierrez abiada bizian atera zen bere albotik, baloia bere eskuetara iritsi zen eta erasoko jokaldia hiru baten aurka bihurtu zen, beste aldetik Agirre eta Rubio ere igo baitziren. Gutierrezek Rubiori pasa zion baloia eta honek ez zuen huts egin partidaren azken unean, baloia sarean sartu eta partida amaitu zen. Poz leherketa eman zen kantxan eta gradan, puntuak Zumaian geratu ziren eta Sumofic Pulpok modu ezin hobean amaitu zuen denboraldia.

Sumofic Pulporen aldetik ondokoek jokatu zuten: Sagasta (4), Aizpurua (2), Gutiérrez (4), Izaga, Agirre (4), Sasiain, Peñalba, Hernández (3), Uribeetxeberria (6), Arrieta (2), Iriondo, Rubio (7) eta Leibar (1).

Zumaiarrek zazpigarren postuan amaitu dute denboraldia 27 punturekin, Zarautz eta Arrateren atzetik, hauek 29 punturekin. Denboraldiaren lehen itzulian oso ondo ibili ondoren, 13 partidatan 16 puntu lortuz, bigarren itzulian iritsi ziren arazoak, hau da, lesioak. Ia bigarren itzuli osoan bi pibotak lesionaturik egon dira, eta hutsune hori asko nabaritu da zumaiarren artean. Hala ere, jokalariek demostratu dute Lubakin oso zaila egiten zaiela kanpotarrei irabaztea, kontuan izan soilik hiru taldek irabazi dutela Zumaian. Pulpok txalotzeko zalegoa dauka, eta bere laguntza handiarekin abendurako lortu zen helburu nagusia; maila mantentzea. Zumaiarren plantilak eskerrik beroenak eman nahi dizkie astez aste Pulpo animatzen eman duten guztiei.

pulpo-salamancan-2.jpg

SUMOFIC PULPOK SALAMANCAN BERDINKETA LORTU ZUEN

Larunbat goizean irten ziren zumaiarrak Salamanca aldera Restaurante Jero-ren aurka jokatzeko. Oso partida zaila aldez aurretik, Salamancakoak oso denboraldi txukuna ari dira egiten eta hirugarren postuan amaituko dute sailkapenean, datorren astean amaitzen baita denboraldia.

Alex Olidenek hiru baja zituen, Peñalba atezaina eta Hernández eta Sasiain pibotak. Partida hasieran etxekoak hasi ziren agintzen eta zumaiarrek 6-0 defentsa ezarri behar izan zuten pibotarekin min handia ari baitziren egiten. Hamargarren minuturako etxekoak 8-5 aurreratu ziren, eta orduantxe hasi zen gorritxoen erreakzioa. Desabantaila murriztu ez ezik, markagailuan aurrea ere hartu zuten zumaiarrek, eta lehen zatia 14-16 amaitu zen, batez ere Iriondo atezainari esker, denbora hutsean zela 7 metrotatik geldiketa bikaina egin ondoren.

Bigarren zatian zumaiarrak jokalari bat gutxiagoz hasi ziren, lehen zatiaren amaieran epaileek jokalari bat kanporatu zutelako. Salamankakoek une horixe aprobetxatu zuten markagailua estutzeko, eta 40. minutuan berdinketa zen nagusi (18-18). Alex Olidenen mutilek erreakzionatu egin zuten eta ondorengo 5 minututan partidako abantailarik handiena lortu zuten, 20-24. Jarraian bi kanporaketa oso zalantzagarri izan ziren zumaiarren aldetik, Arrieta eta Agirre, eta jakina, kantxan 4 jokalari besterik ez zirela etxekoek abantaila murriztea lortu zuten. Partida oso berdinduta zihoan, partida amaitzeko minutu baten faltan etxekoek aurrea hartu zuten. 32-31. Zumaiarrek ondorengo jokaldian partida berdintzea lortu zuten, eta azken minutuan akatsak izan ziren nagusi bi aldeetatik, bi falta erasoan alde banatan, eta ez zen beste aukerarik izan markagailuan aurrea hartzeko.

Sumofic Pulporen aldetik ondorengoek jokatu zuten: Iriondo, Sagasta (1), Aizpurua, Gutiérrez (4), Rubio (12), Izaga (2), Agirre (1), Leibar (1), Ioritz Sasiain, Uribeetxeberria (8), Arrieta (2) eta Ugarte (1).

Azken puntu hau gehituta Alex Olidenen mutilek zazpigarren dira sailkapenean 25 punturekin 25 partida jokatu ondoren. Zumaiarren atzetik Ereintza eta Urdaneta daude 22na punturekin, baina ezingo dituzte zumaiarrak harrapatu, eta aurretik Zarautz eta Arrate daude 27na punturekin. Datorren astean amaituko da denboraldia Lubakin Tudelako Senda Vivaren aurka, Ohorezko B Mailara igotzeko aukerak dituen taldea hain zuzen ere.

foto-salamanca.jpg

Next Page »


Otsaila 2012
AstAstAstOstOstLarIga
  
 12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
272829  

Gallery

ibon.jpg zarautz-6.jpg ibon-ta-xabi.jpg zarautz-5.jpg

 

otsaila 2012
A A A O O L I
« urt    
 12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
272829  

Bad Behavior has blocked 4 access attempts in the last 7 days.