Emozio handiko beste partida baten ondoren puntuak Lubakin geratu ziren. Oso berdindua izan zen partida, nahiz eta Tudelako Senda Viva taldeak bigarren amaitu duen denboraldia.
Nafarrak oso egoera delikatuan etorri ziren Zumaiara, izan ere bi aste barru igoera fasea jokatu behar dute Kordoban, baina zenbait hilabete daramatzate nominak kobratu gabe eta beste hainbat aste entrenatu gabe. Baja garrantzitsuak zituzten nafarrek eta ondorioz partida osoa Alex Olidenek zuzentzen dituen mutilen mende egon ziren. Zumaiarrek partida ona jokatu zuten eta markagailuan aurretik izan ziren partidaren azken unera arte.
Partidaren lehen hamabost minutuetan berdinketak izan ziren nagusi, baina jarraian etxekoek jokoa estutu eta atsedena iristean 18-14 jarri ziren zumaiarrak aurretik. Bigarren zatiaren hasieran zumaiarrak motel hasi ziren eta kanpotarrek aldea murriztea lortu zuten 21-20 (40. min.). Bazirudien nafarrak gora zetozela, etxekoak kamuts erasoan eta partidaren garaipena nafarren alde izango zela ematen zuen, baina etxeko entrenatzaileak momenturik egokienean hutsartea eskatu eta partida gelditu zuen. Pixkanaka zumaiarrak hobeto jokatzen hasi eta berdinketa nagusitu zen partidaren amaiera arte.
Lubakin ohikoa denez, azken minutuak emozio handikoak izan ziren, nafarrak aurretik ziren markagailuan partida amaitzeko minutu bat baino gutxiago falta zela, 31-32. Baloia gorritxoen eskuetan zen eta berdinketa lortu zuten partida amaitzeko 15 segundoren faltan. Kanpotarren teknikariak hutsartea eskatu zuen azken jokaldia prestatu eta partida irabazteko asmoarekin. Etxekoek bazekiten puntua babestu behar zutela, baina ez zuten partida galdutzat eman nahi. Nafarrek erdigunetik atera zuten, baloia mugitzen hasi ziren eta albokoa jaurtiketa prestatzen hasi zenean baloiak ihes egin zion eskuetatik eta Sagastari iritsi zitzaion. Gutierrez abiada bizian atera zen bere albotik, baloia bere eskuetara iritsi zen eta erasoko jokaldia hiru baten aurka bihurtu zen, beste aldetik Agirre eta Rubio ere igo baitziren. Gutierrezek Rubiori pasa zion baloia eta honek ez zuen huts egin partidaren azken unean, baloia sarean sartu eta partida amaitu zen. Poz leherketa eman zen kantxan eta gradan, puntuak Zumaian geratu ziren eta Sumofic Pulpok modu ezin hobean amaitu zuen denboraldia.
Sumofic Pulporen aldetik ondokoek jokatu zuten: Sagasta (4), Aizpurua (2), Gutiérrez (4), Izaga, Agirre (4), Sasiain, Peñalba, Hernández (3), Uribeetxeberria (6), Arrieta (2), Iriondo, Rubio (7) eta Leibar (1).
Zumaiarrek zazpigarren postuan amaitu dute denboraldia 27 punturekin, Zarautz eta Arrateren atzetik, hauek 29 punturekin. Denboraldiaren lehen itzulian oso ondo ibili ondoren, 13 partidatan 16 puntu lortuz, bigarren itzulian iritsi ziren arazoak, hau da, lesioak. Ia bigarren itzuli osoan bi pibotak lesionaturik egon dira, eta hutsune hori asko nabaritu da zumaiarren artean. Hala ere, jokalariek demostratu dute Lubakin oso zaila egiten zaiela kanpotarrei irabaztea, kontuan izan soilik hiru taldek irabazi dutela Zumaian. Pulpok txalotzeko zalegoa dauka, eta bere laguntza handiarekin abendurako lortu zen helburu nagusia; maila mantentzea. Zumaiarren plantilak eskerrik beroenak eman nahi dizkie astez aste Pulpo animatzen eman duten guztiei.
Azken iruzkinak