Archive for abendua, 2009

2009. urteari begira….

           Urtearen azken egunetan gaudenez egokia da 2009ri begirada txiki bat botatzea. Urte mamitsua izan da aurtengoa, hainbat gertaerez eta bizipenez betea. Eskaini ditugun emanaldiei begira jarriz gero (kontzertuak, mezak, kalejirak…) hainbat une goxo datozkigu gogora: Alegiko lagunekin egindako harremana, XV. Nazioarteko Musika Jaialdiaren barne ZUMBeko lagunekin egindako kontzertua ere ez zaigu ahaztuko, mikrofoniaren inguruan genituen zalantzak uxatuz, jendearentzat, eta guretzat jakina, oso emanaldi erakargarria egin baikenuen. Honen lekuko, hainbat entzuleek, zeuden jarlekuak agortu ondoren, kontzertu osoa zutik ikusi zutela.

           Ustekabeak ere izan ditugu, Gipuzkoako Abesbatzen Federaziotik jasotako gutunarena adibidez, zorionak ematen zizkiguten baina zergatik? Hasieran ez genekien arren azkenean ohartu ginen, 25 urte igaro dira San Pedro Abesbatza izena hartu eta federatu egin ginela. Eibarren Gautenaren alde emandako ekitaldiaz gain ez dugu honen inguruan ezer berezirik egin, baina urteari begirada bota ondoren ez genituzke egindakoak aldatuko.

           Eta zer esan orain direla egun gutxi Errenterian bizitakoaz, pozik joan ginen egindako lanarekin eta saria jaso ondoren zer esanik ez. Guzti hau hilabeteetan egindako lanaren fruitua da, honen inguruan eskerrak eman nahi dizkiegu koruko partaide guztiei erakutsi duten jarrerarengatik: entsaioak, ahots teknikako klaseak, grabaketen bitartez ikastea, Xexili egunerako dantzatu genituen koreografia dibertigarriak prestatzea, kantatzeak nahiko lan ematen digun arren orain hezurrak ere mugitu behar dira eta….

          Amaitzear dagoen urteari ematen ari garen begiradan ordea ezin ditugu ahaztu bizi izan genituen une gogorrak, gure bihotzak oinazez busti zituztenak. Alegiako kontzertua gogoz prestatzen ari ginela, gure lagun Maite agurtu behar izan genuen gure eztarrietatik inongo doinurik atera ezinik. Bere oroimena gure musikan eta bihotzetan sutsu darrai, hau Itziarren berari eskaini genion kontzertuan agerian geratu zelarik, batez ere amaierako une hunkigarrietan. Une hauek ere ondo erakutsi digute koru bat ez dela oholtzara igotzen den abeslari talde bat bakarrik.

         Eskerrak eman nahi dizkiegu, aurten burututako ekintza guztiak ahalbidetu dituzten guztiei, gurekin ekitaldi ezberdinetan parte hartu duten guztiei (Beheko Plaza Abesbatza, Txintxarri Abesbatza, ZUMB, Maria Zubimendi eskusoinu-jolea, Musika Eskolako Dantza Taldea…), nola ez komunikabideei eta Zumaiako Udalean Kulturan lan egiten dutenei, gure emanaldien berri emateagatik eta hauetan jasotako laguntzagatik. Modu berezi batean ere Mari Carmen Azpeitiari eskerrak eman nahi dizkiogu, koruko partaide bada ere, bere lana bai organo-jole bezala baita entsaioetan ematen digun laguntzagatik ere txalogarria baita. Baleikekoei ere mila esker interneteko munduan gure burua ateratzea ahalbidetu duzuelako.  Eta azkenik gure emanaldietara joan zareten guztioi.

         Baina ez dugu 2009ra begira geratu nahi,  urte honetan bizitako guztiak, datorren urtean egingo dugunaren oinarri izan behar du. Hainbat ideia eta proiektu ditugu hurrengo hilabeteetan burutzeko. Eta nola ez, hainbat kantu ikasteko. Honen inguruan, musika maite eta ikasteko gogoa dutenentzat koruko ateak beti irekita daudela berretsi nahi dugu.      

     Pausuz pausu, kolpez kolpe eta kantuz kantu egiten da gure bidea. Horregatik ez dugu lerro hauei amaiera hobeagorik aurkitu,  Antonio Machadoren hitzen gainean Joan Manuel Serratek idatzitako “Cantares” abestia baino. Hemen duzue abuztuko emanalditik aterata. San Pedro Abesbatzaren izenean, Urte Berri On.


Tu.tv

ERRENTERIAN IRABAZLE!!!!!!

Hainbat lan eta entsaio egin ondoren, abenduaren 26an, Errenterian ospatu zen 63. Gabon Abesti Sariketa Probintzialean parte hartu genuen. Gustora geunden egindako lanarekin eta gozatzera joan ginen. Urduritasunak ere baziren, jakina, baina hauek behar den tentsio puntu hori mantentzeko balio izan zuten. Ereintza Elkarteak antolatzen duen ekitaldia Errenteriako Udal Polikiroldegian izaten da. Bertara autobusez hurbildu ginen, korukideen farren artean, Errenteriako polizi munizipalak “eskoltatuta”. Itxura bitxia zuen polikiroldegiko kafetegiak, baserritarrez jantzitako jendea nagusi zen eta bertako mahaietan gure koruko emakumeak buruzapiak jartzen.

Txapelketa hiru maila ezberdinetan banatuta dago, goizean haurren abesbatzen txanda izan zen. Arratsaldez berriz federatuen eta talde herrikoiena. Federatuen artean bost izango ginelakoan joan ginen, egitarauetan ordea hiru bakarrik agertzen ziren eta horietatik, ez dakizkigun arrazoiengatik, Lazkaoko Kantaka Abesbatzak ez zuen parte hartu.  Zozketari esker parte hartzen lehenak izan ginen. Abestu genuen lehenengo kantua Julen Ezkurrak moldatutako Aritz adarrean - Kattalin izan zen, bien artean agian zailtasun gehiena duena, hasiera goxoa, erritmo aldaketak, matizez betetako kantu ederra. Adierazgarria da orain dela bi urte Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketan derrigorrezko obra izan zela folklore atalean. Koruaren barnetik askotan ez dugu erreferentzi osoa izaten, baina Amaiaren aurpegia ikustea besterik ez zegoen ondo kantatu genuela jakiteko. Eta honen ondoren, Javi Bustok moldatutako Olentzero abesti herrikoia, hainbat lan eman dizkiguten “orra orra orra” saltokariekin. Benetan pieza alaia eta energiaz betea.

Errenteria (Diariode Noticias)

Harmailetara egin genezakeen lana ondo eginda eta itxura ona eman genuelakoan bueltatu ginen. Orduan izan zen, urtero parte hartzen duten, Villabonako Eresargi abesbatzako kideen garaia. J.A Hillerud-en Zatoz Enmanuel eta, hamabost urtez Zumaiako organo-jole, koru zuzendari eta musika bandako zuzendari izan zen, Luis Urteagaren Txiru ta liru eskani ziguten. Nahiz eta gizon gutxi izan lau ahots grabetarako zatiak eskaini zizkiguten eta Urteagaren obra batez ere zailtasun handikoa zen. Guk atzekaldean zegoen harmailetatik entzun genuen baina gurekin joan zirenek  sortu zuten soinua laua zela esan ziguten, agian energi apur bat falta izan zitzaien. Gauzak estu egongo ziren, hala ere beraien emanaldia amaitu bezain laister zalantza bat sortu zitzaigun, ez al zen Eresargikoen emanaldia luzeegia izan?

Federatutako abesbatzen ondoren talde herrikoien txanda iritsi zen. Kantatzeko ohitura handia dago Errenterian eta Gabon Abestien Leihaketa honen adierazgarri da, sei taldeetatik bost Errenteriko abeslariez osatuta zeuden, beste bat Oiartzungo eta Errenderiako jendearekin eta azkenik Usurbilgo Zumarte Musika Eskolako Zumarte Gazte Abesbatza. Estilo ezberdineko piezak eskaini zizkiguten, orohar maila altuarekin: abesti zailak, koreografiak… Aipatzekoa da gizonez osatutako Pakezaleak taldeak Angel Embil musika-egile zumiarraren abesti bat eskaini zigula. Eta ezin dezakagu Zumartekoen emanaldia aipatu gabe utzi, beraien zuzendaria Amaia Aldalur baitzen. Abestu zuten lehenengo kanta A. Adams-en Oh gau santu izan zen, pianoaren laguntzaz, nesken ahotsen garbitasuna eta enpastea izugarria izan zen eta nahiz eta gizon gutxi izan ondo bete zuten beraien lana. Bigarren abesti bezala H. Bittrich-en Festejo de Navidad abestiaren euskarazko moldaketa eskaini ziguten, koreografia alai eta koloretsuarekin. Ondo merezitako txalo zaparrada jaso zuten.

Sari banaketako ordua iritxi zenean, aurretik aipatutakoa baieztatu egin zen, eta sariak eman aurretik Eresargi abesbatzakoei 20%ko penalizazioa ezarri zioten beraien partehartzea araututako 7 minututik gora joan baitzen. Ez dakigu bestela zer gertatuko zen, baina Talde Federatuen artean zegoen Saria guretzat izan zen. Honen aurretik pozik bageunden, sariaren ondoren zer esanik ez. Baina hau ez zen poz bakarra izan, talde herrikoietan Usurbilgo Zumarte Gazte abesbatzak irabazi baitzuen. Zorionak Amaia!, bitik bi ez da marka makala…

Errenteria (Sari banaketa ondoren)

Ekitaldiari amaiera emateko partehartzaile guztien artean Ator, ator abestu genuen Amaiaren zuzendaritzapean. Eta hortik autobusera. Itzulerako bidaia, nola ez, kantuz kantu egin genuen eta hortik, txarangarik gabe bada ere, ospatzera joan ginen.

Mila esker etorri zineten guztioi, zuen animoengatik. Hemen dituzue komunikabideetan agertu diren berriak: Diario Vasco eta Noticias de Gipuzkoa. Ea egun gutxitan han ateratako irudi gehiago eta bideoren bat jartzeko  aukera dugun…

Errenteriako Gabon abestien lehiaketa…

Lehenik eta behin, igandean Itziarko parrokian emandako Gabon Kontzertuari buruz bi hitz idatzi nahi genituzke.

Jende gutxi izan arren, gustora egon ginen kantatzen. Momentu unkigarria izan zen gure korukide Maite Irigoien gogoratu genuenean, berari eskeinia izan zen gure kontzertua eta propina gisa abestu genuen Egin Maite kantatzean, bat baino gehiagok negar zotinean ezin izan zuen kanta bukatu.

Hemen duzue, Mari Carmen Azpeitia pianoan lagun zutela koruko emakumeek kantatutako Non degu non abestiaren grabaketa:

Audio clip: Adobe Flash Player (version 9 or above) is required to play this audio clip. Download the latest version here. You also need to have JavaScript enabled in your browser.

Eguraldi kaxkarra izan arren, hurbildu zen guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu. Hemen duzue, eskaini genuen emanaldiari buruz Mikel Emazabalek bere blogean idatzi duen kritika.

Itziar 2009

Gabon Kontzertua atzean utzi dugu eta Errenteriako Gabon abestien lehiaketa dugu orain buruan. Datorren larunbatean, abenduak 26, Errenteriako Gabon Kanten lehiaketan hartuko dugu parte. Bi gabon abesti kantatuko ditugu bertan: J. Ezkurraren Aritz adarrean-Kattalin eta Javi Bustoren Olentzero.

Emanaldi honekin bukatzen dugu urtea. Mila esker gure emanaldietan izan zareten guztioi.

San Pedro Abesbatzako kideok, Egu Berri zoriontsu eta Urte Berri on bat opa dizuegu.

Itziarren, Gabon Kontzertua (Abenduak 20, igandea)

Eibarko Coliseo antzokiko emanaldia atzean utzi dugu, gustura kantatutako kontzertua izan zen. Bertan Zumaian uda pasatzen duten jende ugari bildu zen. Hemen duzue han eginiko grabaketa bat:

Audio clip: Adobe Flash Player (version 9 or above) is required to play this audio clip. Download the latest version here. You also need to have JavaScript enabled in your browser.

Aste honetan buru belarri sartu gara Itziarko Gabon Kontzertua prestatzera.

Entsaioa II

12etan izango den mezan parte hartuko dugu, lehenengo zatian agertzen diren bi abestiak Komunio garaian Jainkoak Gizondu eta bukaeran Suite de Navidad abestuko ditugularik.

Bigarren zatian berriz, mota eta erritmo desberdinetako gabon kantak izango dira: zortzikoa, Olentzero-ren bertsio berri bat, ahots zuriek abesturiko Non degun non, Zumaiako Musika Eskolako Helduen Dantza Taldea eta Maria Zubimendi eskuko soinu jolearen laguntzarekin Ator, ator famatua.

 Itziarko kontzertuko kartela

Aipamen berezi bat egin nahi dugu: igandeko meza eta kontzertua, urte honetan utzi digun gure korukide Maite Irigoieni eskeini nahi diogu. 

Gogoratu, abenduak 20, eguerdiko 12etan Itziarko parrokian. Zuen gustokoa izango delakoan, iganderarte agurtzen gara.

GABON KANTUZ, Eibarrera kantatzera goaz

25 urte igaro dira San Pedro Abesbatza Gipuzkoako Abesbatzen Federazioan sartu zela. Hau ospatzeko asmoz aurtengo GABON KANTUZ jaialdian parte hartzera gonbidatu gaituzte. Ekitaldia datorren igandean izango da (Abenduak 13) Eibarko Coliseo Antzokian eguardiko 12:30etan.

Coliseo (Eibar)

Gutaz gain, Azpeitiko Antxieta, Trintxerpeko Ilunbe  eta Eibarko Sostoa Abesbatzek parte hartuko dute jaialdian. Azpimarratzekoa da ekitaldi honetan jasotako diru-sarrera, autismoaren munduan dabilen GAUTENA elkartearentzat izango dela. Sarrerak salgai daude Kutxanet-en 3€-ko salneurrian.

 Guk eskainiko ditugun abestiak, hauek izango dira:

 Kantua Egilea 
 Belenen  Harm: V. Manterola
 Aritz adarrean - Kattalin  Harm: J. Ezkurra
 Olentzero  Harm: J. Busto
 Jaun handiak  Harm: A. Mitxelena
 Festejo de Navidad  H. Bittrich

Gabon kantekin murgildurik…

Xexili eguna atzean utzi ondoren, gabon munduan murgildu gara kanta berriak ikasten.

Sartu berri garen hilabete honetan, emanaldi ugari ditugu:

  •  Abenduak 13, 12:30etan: Gabon Kantuz, Eibarko Coliseo Antzokian
  • Abenduak 20, 12:30etan:Gabon Kontzertua, Itziarko Parrokian
  • Abenduak 26, 18:30etan: Gabon Abestien Lehiaketa, Errenteriako Polikiroldegian

Ea hiru emanaldi hauetan elkar ikusten dugun.


Argazkiak

Get the Flash Player to see the slideshow.

Egutegia


Bad Behavior has blocked 2 access attempts in the last 7 days.