Archive for abendua 30th, 2009

2009. urteari begira….

           Urtearen azken egunetan gaudenez egokia da 2009ri begirada txiki bat botatzea. Urte mamitsua izan da aurtengoa, hainbat gertaerez eta bizipenez betea. Eskaini ditugun emanaldiei begira jarriz gero (kontzertuak, mezak, kalejirak…) hainbat une goxo datozkigu gogora: Alegiko lagunekin egindako harremana, XV. Nazioarteko Musika Jaialdiaren barne ZUMBeko lagunekin egindako kontzertua ere ez zaigu ahaztuko, mikrofoniaren inguruan genituen zalantzak uxatuz, jendearentzat, eta guretzat jakina, oso emanaldi erakargarria egin baikenuen. Honen lekuko, hainbat entzuleek, zeuden jarlekuak agortu ondoren, kontzertu osoa zutik ikusi zutela.

           Ustekabeak ere izan ditugu, Gipuzkoako Abesbatzen Federaziotik jasotako gutunarena adibidez, zorionak ematen zizkiguten baina zergatik? Hasieran ez genekien arren azkenean ohartu ginen, 25 urte igaro dira San Pedro Abesbatza izena hartu eta federatu egin ginela. Eibarren Gautenaren alde emandako ekitaldiaz gain ez dugu honen inguruan ezer berezirik egin, baina urteari begirada bota ondoren ez genituzke egindakoak aldatuko.

           Eta zer esan orain direla egun gutxi Errenterian bizitakoaz, pozik joan ginen egindako lanarekin eta saria jaso ondoren zer esanik ez. Guzti hau hilabeteetan egindako lanaren fruitua da, honen inguruan eskerrak eman nahi dizkiegu koruko partaide guztiei erakutsi duten jarrerarengatik: entsaioak, ahots teknikako klaseak, grabaketen bitartez ikastea, Xexili egunerako dantzatu genituen koreografia dibertigarriak prestatzea, kantatzeak nahiko lan ematen digun arren orain hezurrak ere mugitu behar dira eta….

          Amaitzear dagoen urteari ematen ari garen begiradan ordea ezin ditugu ahaztu bizi izan genituen une gogorrak, gure bihotzak oinazez busti zituztenak. Alegiako kontzertua gogoz prestatzen ari ginela, gure lagun Maite agurtu behar izan genuen gure eztarrietatik inongo doinurik atera ezinik. Bere oroimena gure musikan eta bihotzetan sutsu darrai, hau Itziarren berari eskaini genion kontzertuan agerian geratu zelarik, batez ere amaierako une hunkigarrietan. Une hauek ere ondo erakutsi digute koru bat ez dela oholtzara igotzen den abeslari talde bat bakarrik.

         Eskerrak eman nahi dizkiegu, aurten burututako ekintza guztiak ahalbidetu dituzten guztiei, gurekin ekitaldi ezberdinetan parte hartu duten guztiei (Beheko Plaza Abesbatza, Txintxarri Abesbatza, ZUMB, Maria Zubimendi eskusoinu-jolea, Musika Eskolako Dantza Taldea…), nola ez komunikabideei eta Zumaiako Udalean Kulturan lan egiten dutenei, gure emanaldien berri emateagatik eta hauetan jasotako laguntzagatik. Modu berezi batean ere Mari Carmen Azpeitiari eskerrak eman nahi dizkiogu, koruko partaide bada ere, bere lana bai organo-jole bezala baita entsaioetan ematen digun laguntzagatik ere txalogarria baita. Baleikekoei ere mila esker interneteko munduan gure burua ateratzea ahalbidetu duzuelako.  Eta azkenik gure emanaldietara joan zareten guztioi.

         Baina ez dugu 2009ra begira geratu nahi,  urte honetan bizitako guztiak, datorren urtean egingo dugunaren oinarri izan behar du. Hainbat ideia eta proiektu ditugu hurrengo hilabeteetan burutzeko. Eta nola ez, hainbat kantu ikasteko. Honen inguruan, musika maite eta ikasteko gogoa dutenentzat koruko ateak beti irekita daudela berretsi nahi dugu.      

     Pausuz pausu, kolpez kolpe eta kantuz kantu egiten da gure bidea. Horregatik ez dugu lerro hauei amaiera hobeagorik aurkitu,  Antonio Machadoren hitzen gainean Joan Manuel Serratek idatzitako “Cantares” abestia baino. Hemen duzue abuztuko emanalditik aterata. San Pedro Abesbatzaren izenean, Urte Berri On.


Tu.tv


Argazkiak

Get the Flash Player to see the slideshow.

Egutegia


Bad Behavior has blocked 5 access attempts in the last 7 days.