Joan den larunbatean, maiatzak 8, David Azurzarekin elkartu ginen Torreberrin.

Ezagutzen ez duzuenontzat, esan musikagile famatua eta musika munduan errespetatua dela. Tolosan jaioa eta Arte Ederretan lizentziatua. Kantuarekin Tolosako Hodeiertz abesbatzan hasi zen tenor moduan, gero Isabel Alvarezekin kontratenor moduan formatzera pasa zelarik. Abeslari moduan abesbatza ezberdinetako partaide da: Capilla Peñaflorida eta Conductus Ensemble (aintzinako musikan espezializatuak) eta Kea (musika konteporaneoan espezializatuak), taldea hauekin hainbat proiektu ezberdinetan parte hartu duelarik. Bakalari gisa ere hainbat musika proiektutan hartu du parte. Hemen duzue bere kurrikulumaren lotura bat. Bere azken lana telebistan ikusi dugu Oh Happy Day! programan. Bertan Tolosako Hodei Truk-Abesbatzarekin hartu du parte. Argi dago asko ikasi genezakeela.
Goizeko 10etan elkartu gnen Torreberrin. Han genuen zain David Amaiarekin. Gogotsu geunden guztiok. Hasiera-hasieratik naturaltasunez abestu behar genuela aipatu zuen, disfrutatzea zela garrantzitsuena, ezer arrarorik egin gabe. Sinpletasunean zailtasuna dago ordea.
Berak hiru ardatz nagusi ditu abesbeterako orduan, gorputzean gerritik behera egon behar da indarra eta gerritik gora berriz erlaxazioa, baita aurpegian ere, ume jaio berriek adibidez mingaina primeran jartzen dute, inongo tentsiorik gabe. Hirugarren ardatza ahotsa kanpora ateratzea izango zen, baina nola? Gure ahotik hari amaitezin bat irtengo balitz bezala edo Pinotxoren sudurra luzatzen joango balitz bezala…
Berak esan zigun bezela: A, B eta C. Eta honekin lotuta doinuk ez direla bata bestearen ondoan jartzen diren nota solteak, hariak dira eta musika guztia biraka doan zirkulo amaitezin bat da. Hemen dituzue bertan ateratako argazki batzuk. Orain praktikan jartzea tokatzen zaigu larunbatean ikasitako guztia, gure ahotsei etekin guztia ateratzeko. Hurrengo emanaldian ea hobekuntza guzti hauek nabari dituzuen. Zuen komentarioen zain gelditzen gara.
Azkenik lerro hauei amaiera emateko, Davidi eskerrak eman nahi dizkiogu bisitan etortzeagatik. Eskerrik asko David!



0 Responses to “David Azurzarekin lanean…”