Archive for uztaila, 2010

ZUMAIAKO MUSIKA JAIALDIA

Iritsi zaigu abuztua eta abuztuarekin batera Zumaian hainbeste garrantzi duen Musika Jaialdia. Urte askotan zehar egin dugun bezala aurten ere gogotsu parte hartuko dugu, abuztuaren 1ean gaueko 10etan hain zuzen ere. Iaz musika  jaialdiaren 25 urteurrena zela eta Zumaiako Udal Musika Bandarekin eman genuen kontzertua Ondartxo plazan, aurten berriz parrokian izango da emanaldia. 

Bertan kutsu desberdineko obrak eskainiko ditugu, hasiera denok batera emango diogu, M. Durufléren  Ubi caritas abestuz. Jarraian emakumeek bakarrik beraien emanaldiari emango diote hasiera, J. Elberdinen Angelus, J.M. Beobideren  Ama eder eta X. Sarasolaren Ave Iesu. Eta lehenengo zatiari amaiera emateko koru osoak  J. Estesen Three Contemporary latin settings abestuko dugularik. 

Kontzertuaren bigarren zatia gizonezkoek hasiko dute L. van Beethoven-en Ich liebe dich liederarekin. Zati honetan musika herrikoia izango ditugu entzungai: Sarasolaren Neskatx ederra, L. Aranbururen Kitolis, M. Benedettiren Te quiero , S. Garayren La tarde eta M. Urdangarinen Usaiak bezalako doinuekin. Ahots hutsez abesteaz gain zenbat obra ezberdinetan akonpainamendu ezberdinak izango ditugu: piano, tronpak, klarineteak, kitarra eta charangoa…. Guzti hau, jakina, Amaia Aldalurren zuzendaritzapean.

Zuen gustukoa izango delakoan, igandean parrokian espero zaituztegu.

Zumaiako bi koru elkarlanean

Uda iritsi zaigu eta gau giro ederra aprobetxatuz, ohitura dugun Udako Gau Kontzertua eskeiniko dugu Beheko Plaza Abesbatzarekin batera.

Urte askotan zehar Mari kalean egin ohi dugu saioa baina bertan egiten ari diren obrak direla eta Ardantzabideko etxe berrien plazatxoa aukeratu dugu aurtengoan. Emanaldia larunbat honetan, uztailak 10, gabeko 10etan izango da.

Udako Gau Kontzertua Agustin Zubimendik zuzenduriko Beheko Plaza Abesbatzak hasiko du. Usadioari jarraituz habanera, euskal eta galiziar kantak, eta erritmo desberdinetako abestiak izango dira entzungai: A. Lesbordesen Goizian argi hastian, P.M Feijooren Levame, Alain Langrèeren Reina del placer eta Santestebanen Goizeko Izarra besteak  beste.

Bigarren zatian berriz Amaia Aldalurrek zuzenduriko San Pedro Abesbatza izango da kantari. Guk ere kanta ezagun eta herrikoiak abestuko ditugu: Urteagak harmonizatutako Nere etxea, A. Donostiaren Bili bili bonbolo, gure lagun M.M Azpiazu azkoitiarraren Hego-haizea, Rosanaren Si tu no estás aquí, Sindo Garay-ren La tarde boleroa, Benito Lertxundiren Udazken Koloretan eta bukatzeko ipar amerikar erritmoko Goodnight Sweetheart.

Eta kontzertua amaitzeko, bi koruak elkarrekin abestuko ditugu Maitia nun zira? eta Siyahamba afrikarra.

Gogoratu Ardantzabideko Plazatxoan izango dela aurtengoan. Zuen gustokoa izango delakoan, larunbat arte.


Argazkiak

Get the Flash Player to see the slideshow.

Egutegia


Bad Behavior has blocked 5 access attempts in the last 7 days.